IKASTOLA 224 > erreportajeak > “Espazioa eta altzariak ere aparteko ikasmaterialak izan daitezke”

24. Jardunaldi Pedagogikoak - Aitor Axpe

“Espazioa eta altzariak ere aparteko ikasmaterialak izan daitezke”

Irakasle eta arkitektoa, Ikastolen Elkartearen aholkulari arkitektonikoa

Arkitektura eta irakaskuntza lanbideak elkarrekin eraman ditu urteetan Aitor Axpek.

Arkitektura eta irakaskuntza lanbideak elkarrekin eraman ditu urteetan Aitor Axpek. Orain, Ikastolen Elkarteko arkitektura aholkulari izanda, bi lanbideak uztartzeko aukera izaten ari da Aitor Axpe. Ikastola batzuetan dagoeneko obra handiak egin dituzte espazioak eredu pedagogiko berrietara egokitzeko. Asko dira, era berean, bide horri ekiteko direnak. Haiek dira Axperen aholkuak jasotzen ari diren lehenbizikoak.

Irakaskuntza eta arkitektura biak batera daramatzazu, eta, orain, ikastoletan biak uztartuta ari zara aholkularitza lanetan. Nondik datozkizu bi pasio horiek?

Arkitektura betidanik gustatu zait; lanean ere aritu naiz alor horretan, baina beti gustatu izan zait dakidan hori ere erakustea, ikasi dudan hori ere beste batzuei kontatzea. Eta beste motibazio bat izan zen unibertsitatean oso irakasle on gutxi izan nituela. Hori ere beste erronka bat izan zen irakaskuntzan proba egiteko. Proba egin nuen, gustatu egin zitzaidan eta jarraitzen dut irakaskuntzan. Arizmendi ikastolan lanbide heziketan irakasle izan nintzen bederatzi urtez, eta Lanbiden nabil orain, Bilbon. Arkitektura ez dut sekula albora utzi, beti jarraitu izan dut arkitektura lanetan. Horiek izan dira biak uztartzeko motibazioak.

Nola jarri espazioa, hezkuntzaren, pedagogiaren zerbitzura?

Oso garrantzitsua den puntu bat da hori. Azkenean, ez dadila arkitekto bat etorri eta bere gustuko ikastetxe bat diseinatu. Hor egon behar du arkitektoaren lan taldean jakintza-alor anitzeko talde batek, ikastolako irakasleek, pedagogoek, eta egonez gero, psikiatrek ere osatutako lan talde batek, metodologia edo helburu oso argiak dituena. Talde horrekin elkarlanean, arkitektoak ikastolan ezarrita daukaten eredu pedagogikoari erantzungo dion eraikin bat antolatu behar du. Azken batean, eraikina edo diseinua da bitarteko bat pedagogia hori ezartzeko; eta ikasmaterial bat ere bada, ikasmateriala testuliburu bat izan bai baitaiteke, baina baita ikasgela eta ikastetxea nola dagoen diseinatuta, horrek ere asko motibatzen baitu. Adinaren arabera, espazio hori, diseinu hori, erabilgarri izan daiteke eredu pedagogikoan zehaztutako hainbat ekintza aurrera eramateko.

Alegia, eraikina, gela eta bertako altzariak bihur daitezkeela ikasmaterial?

Bai, hori da.

Zer zerbitzu eskaintzen diezu ikastolei?

Martxoan hasi nintzen Ikastolen Elkartearen bitartez aholkularitza ematen ikastolei, eta esperientzia aberasgarria izaten ari da niretzako, horrela uztartzen baititut nire irakaskuntzako lanbidea eta arkitekturako lanbidea. Plazer bat izaten ari da irakasleekin eta talde pedagogikoekin lan egitea.

Ikastola asko ari al dira ate joka?

Egia esan, momentuz ditudan proiektuekin aski lan badut, eta Ikastolen Elkartetik Beñat Azurmendi ari zait laguntzen filtro lanak egiten; berak sailkatzen ditu denborak eta erritmoak.

Zein lan metodologiko darabilzu aholkularitza lan honetan?

Lanketa bat egin aurretik lehen urratsa da ikastolara bisita bat egitea, ikusteko nolako espazioak dituen eta ezagutzeko zein pedagogia erabiltzen duten. Era berean, garrantzitsua da ikastolako talde pedagogikoarekin bilerak egitea. Eurak ezagutu eta gero, eta akordio batzuetara helduta, bigarren bilera bat egiten dugu pedagogia hori nola landu zehazteko eta berau aurrera eramateko espazio eta altzari aldetik dauden beharrak ezartzeko. Estudio batzuk egiten dira ondoren, eta ikastolako arduradun taldearekin partekatzen dira aldaketak edo moldaketak egin eta aurreproiektuak aurkezteko. Eta dena aurrera badoa, hurrengo urratsa litzateke obra hasi eta hura aurrera eramaten laguntzea.

 
ikastola 224
2017 Ekaina
224