IKASTOLA 224 > orientazioa > Interneten euskara lehenesteko unitate didaktikoa garatu du Ikastolen Elkarteak

Orientazioa

Interneten euskara lehenesteko unitate didaktikoa garatu du Ikastolen Elkarteak

PuntuEUS fundazioarekin lankidetzan egin du eta sareko ikastola guztietan erabiltzera gonbidatu du.

Ikastolen Elkarteak, PuntuEUS fundazioarekin lankidetzan, Interneten euskararen erabilera bultzatzeko.

Ikastolen Elkarteak, PuntuEUS fundazioarekin lankidetzan, Interneten euskararen erabilera bultzatzeko helburua duen "Interneten ere lehen hitza euskaraz" kanpaina barruan kokatzen den unitate didaktiko bat garatu du. Unitatea, DBHko ikasleekin lantzea proposatzen da. Unitate didaktiko honen helburua, euskaldun garenok, Interneten ere euskara lehenesteak duen garrantziaz jabetzea da. Guztiok dugun ardura horri erantzuteko, ikasleak euskarri digital ezberdinetan euskara lehenesten lagundu eta honetan eragile izatera bultzatzen ditu unitatearen lanketak.

Interneten ere, lehen hitza euskaraz lankidetza-proiektua aurkeztu zuen maiatzaren 16an Ikastolen Elkarteak PuntuEUS Fundazioa, CodeSyntax eta Kontseiluarekin batera, Interneten lehen hitza euskaraz egitearen garrantziaz ohartarazi eta erabilera areagotzeko. Maiatzaren 17an ospatu zen Internet egunaren testuinguruan kokatzen da ekimena.

Interneten euskaratik abiatu nahi duten guztiek badute nondik hasi eta segi. Baina, Interneterako eta sare sozialetarako edukiak, webguneak eta aplikazioak euskaraz ekoiztea garrantzi handikoa izanik ere, haren pareko garrantzia edo gehiago dauka haiek erabiltzeak, euskarak alor hori ere bereganatu dezan.

Ikastolen Elkartearen asmoa da, hezkuntza eragile den aldetik, haur, nerabe eta gazteei horren garrantzia azaltzeaz gainera, horiek ezagutaraztea eta erabiltzen irakastea eta Internet eta sare sozialetarako lehen jauzia euskaratik egin dezaten bultzatzea, eta bakoitzak egiten duen urratsaz gain, besteek ere urratsa egin dezaten ekintzaile bihurtzera gonbidatu nahi ditu ikasleak.

Xede hori lortze aldera osatu du “Interneten ere, lehen hitza euskaraz” unitate didaktikoa garatzen.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendua dago, hau da, 12-16 urte bitartekoentzat. Jolas eta erronka gisa planteatu dute unitate didaktikoa. Hasteko, nabigatzeko orduan bakoitzak duen ohituraz hausnartzea proposatzen du: telefono, tableta eta ordenagailuak zein hizkuntzatan konfiguratuta duten aztertzera gonbidatzen ditu, eta, ahal dela, horiek euskaraz jartzera.Ondoren erronka bat botatzen die; eurek egin bezala, bakoitzak beste hamar bat lagun gauza bera egin dezaten lortzea.

Azken batean, unitatearen azken helburua da Interneten euskaraz dagoen edukiaren erabilera haztea, eta hori gu guztion esku dagoela konbentzitzea. Aurreneko urratsa erraza baita: lehen hitza euskaraz egitea Interneten.

Orain unitate didaktiko hori sareko ikastoletan landu dezaten bultzatuko du Ikastolen Elkarteak, eta, era berean, beste ikastetxe guztiak ere animatzen ditu parte hartzera.

 
ikastola 224
2017 Ekaina
224