IKASTOLEN 24. JARDUNALDI PEDAGOGIKOAK
Hezkuntza eraldatzeko bideak eta baliabideak aztergai jardunaldietan
Saio Saio bikainak eskaini zituzten Federico Malpicak, Rosan Boschek eta Aitor Axpek
Hezkuntza eraldatzeko bideak eta baliabideak jorratu ziren Ikastolen 24. Jardunaldi Pedagogikoetan.
Hezkuntza eraldatzeko bideak eta baliabideak jorratu ziren Ikastolen 24. Jardunaldi Pedagogikoetan. Horiek azaltzeko eta aholku nahiz proposamenak egiteko aditu apartak izan ziren iragan maiatzaren 5ean eta 6an egindako bi saioetan: Federico Malpica hezkuntza doktore eta aholkulari pedagogikoa, Bartzelonako Escalae institutuko zuzendari ere badena; Rosan Bosch arkitekto, diseinatzaile eta artista holandarra, mundu mailan ospe handia irabazitakoa; eta Aitor Axpe irakasle eta arkitektoa, bioeraikuntzan aditua eta Ikastolen Elkartearen aholkularia.
Federico Malpicak gidatu zuen lehen eguneko saioa. Hernaniko Orona Ideoko auditorioan egin zen, goiz osoko lan jarduna. Bi zatitan izan zen jardun hori. Lehenbizikoan aditu mexikarrak hitzaldi bat eskaini zuen. Ondoren, berriz, entzuleriari -ikastoletako irakasleak eta zuzendariak ziren ia denak- galdeketa bat pasa zien Malpicak, lehenbizi bakarka lantzeko eta, gero, taldean gogoetatzeko. Azkenik, ondorioen azalpenak egin zituzten talde bakoitzak izendatutako bozeramaileek, eta saio hau ere Malpicak berak gidatu zuen.
Bere hitzaldian, Escalae institutuko zuzendariak gako batzuk eman zituen beren ikastetxean eraldaketa pedagogikoa ezarri nahi dutenei. Aholkulari lanetan dabilen lekuetan pilatu duen esperientzia aintzat hartuta, Malpicak azaldu zuen edozein eraldaketa aurrera eramateko gutxienez hamar urte behar direla. Ondorioz, eraldaketa hori nola egin, zein urrats egin behar diren ongi zehaztu behar dira.
Baina, hasteko eraldaketa zertarako nahi den eduki behar da argi, helburua ezin baitu eraldaketak berak izan, baizik eta ikasleen hobekuntza. Alegia, lehenik eta behin ongi zehaztu behar da ikaslearen irteera profila, zein motako pertsonak hezi nahi diren. Helburu hori ongi barneratuta eduki behar du gainera, irakasle talde guztiak, zuzendaritzak, eta baita gurasoek eta ikasleek beraiek ere. Izan ere, horrelako prozesu bat taldean eraman behar da aurrera, denek helburua zein den ongi barneratuta, eta helburu horretaraino eramango dituzten urratsak eta etapak, ibilbide orria, ongi marraztuta, epe motzeko, ertaineko eta luzeko ikuspegiarekin.
Hori dena aurrera eramateko, irakasleen prestakuntzak garrantzi handia hartuko du, eta egindako urratsak ebaluatzea ere ezinbestekoa izango da, Malpicak azaldu zuenez.
Malpicaren hitzaldia amaituta, jardunaldietan parte hartzen ari ziren profesionalek galdetegi bati erantzun behar izan zioten, eta horren gainean hausnartu, bakarka eta taldean. Hauexek izan ziren aholkulari pedagogiko mexikarrak planteatutako galderak:
Nola erabaki edo froga genezake gelan lantzen duguna eta ikastolan adostutako egitasmo orokora bat datozela?
Zenbateraino dago partekatua metodologia irakasleen artean eta koherentea al da?
Ikasleei ebaluatzen zaiena eta ebaluatzen zaien modua bat datoz heziketa xedeekin eta hezi nahi den hiritar motarekin?
Ikastolaren antolaketa eta irakasleei garatuak edukitzea eskatzen zaizkien konpetentziak zenbateraino egokitzen dira ezarritako heziketa xedeak erdiesteko metodologia egokienera?
Zein faktorek (antolaketa kultura mailakoak, baliabideenak, irakats-konpetentzia mailakoek, ingurumenekoek) eragozten dute gelan egin nahi den horretara ez iristera?
Taldekako hausnarketak sakonak izan ziren, eta ondorioen elkarbanatzean ikusi zen eguneko lan jardunak izan zuen balioa. Parte hartu zutenek erantzundako galdetegietan oso balorazio ona jaso zuten egunak emandako emaitzek.
Bigarren eguna, Bilbon
Jardunaldien bigarren egunean arkitektura eta diseinua izan ziren mintzagai. Horretarako bi aditu eraman ziren Bilbora: Rosan Bosch arkitekto eta diseinatzailea zen lehenbizikoa, hainbat eraikinetan, bereziki ikastetxeetan, egindako interbentzioekin mundu mailan ospe handia hartu duena. Aitor Axpe irakasle eta arkitektoa zen bigarrena, espazioak berritzen ari diren ikastolentzako aholkulari lanetan ari dena Ikastolen Elkartearen bitartez.
Arkitekto eta diseinatzaile holandarra diseinuak eraldaketa pedagogikoan nola eragin dezakeen azaltzen aritu zen bere hitzaldian. Ordu eta erdiko saioan, bere estudioetatik egindako proposamenak aurkeztu zituen, eta berak “ikaskuntzarako paisaiak” deitzen dituenen gainean aritu zen. Ikastetxeetako gela arrunten bidezko zatiketa hautsi, eta espazioa gune desberdinetan zatitzea proposatzen du, paisaia desberdinak sortu, ikasleek, unean uneko beharren arabera, eta bakoitzak ikasteko duen moduaren arabera leku batera edo bestera joateko aukera izan dezaten. Hala, ikastetxean zuhaitzak, mendiak, kobazuloak, uraskak eta antzeko txokoak proposatzen ditu. “Paisaia hauek egokiak dira ikasle bakoitzak ondoen ikasteko duen modua deskubritzeko, egoerak eskatzen duen bezala jarduteko lekuak aurkitzeko, ikaskuntza kolaboratiborako, eta ikasteko grina, motibazioa aurkitzeko”, dio Boschek.
Hainbat ikastetxetan egindako lanak aurkeztu zituen Boschek, eta entzuleen arreta eta miresmena irabazi zituen, baina bere azkenekotako lan batek, Abu Dhabin egindakoak, liluratuta utzi zituen denak. Berak erakutsitako proiektu gehienak oso garestiak izan arren, Boschek azaldu zuen ikastetxe baten diseinua eraldaketa pedagogikorako erabiltzeko ez dagoela aurrekontu handirik erabili beharrik.
Arkitekto holandarraren ondotik hartu zuen hitza Aitor Axpek. Eta oinak lurrean jarrita, espazioak eta altzariak eraldaketa pedagogikorako erabiltzeko hainbat aholku eta proposamen plazaratu zituen. Espazioak eta altzariak material pedagogiko ere izan daitezkeela azaldu zuen, eta haiek hezkuntzaren zerbitzura jartzeko gonbitea luzatu zien entzuleei. Ikastoletako irakasle eta zuzendariz betea zegoen aretoa.