IKASTOLA 223 > orientazioa > Ikastolek suteen prebentzioan duten konpromisoa eskertu du Sueskolak

Errekonozimendua

Ikastolek suteen prebentzioan duten konpromisoa eskertu du Sueskolak

Suteen prebentziorako fundazioa da Sueskola

Gipuzkoako Foru Aldundian ekitaldia.

25.000 ikasle igaro dira Sueskolak, suteen prebentziorako fundazioak, ematen dituen ikastaroetatik. Kopuru hori nabarmentzekoa da, eta ospakizun gisa nabarmendu nahi izan dute bertako kudeatzaileek. Gipuzkoako Foru Aldundian ekitaldi bat egin zuten iragan martxoaren 23an, eta besteak-beste, denbora honetan suteen prebentziorako konpromisorik handiena duten enpresak eskertu dituzte. Ikastolak barne.

Sueskolak suteen prebentziorako ematen dituen ikastaroetan parte hartu duten enpresa eta erakunde esanguratsuak saritu nahi izan zituen ekitaldian, eta ikastolak izan ziren errekonozimendu hori jaso zutenen artean. Izan ere, hezkuntza alorrean suteen prebentziorako konpromisorik handiena duen hezkuntza taldea dela azpimarratu zuten ekitaldian Sueskolako arduradunek, bakarra kasik. Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellitu eta Egonkortasun arduradun Patxi Olabarria izan ziren Gipuzkoako Foru Aldundiaren Donostiako jauregian egin zen ekitaldian.

Bertan izan ziren fundazioarekin kolaboratzen duten erakunde, larrialdi zerbitzu, enpresa eta bestelako entitateetako 40 ordezkari baino gehiago. Sueskolak Ordizian dituen instalazioen maketa jaso zuten oroigarri gisa, hiru dimentsiotan inprimatutakoa, eta Markel Olano diputatu nagusiaren esker ona jaso zuten.

Sueskola suteak itzaltzen trebatzeko zentroa da, eta benetako suarekin jarduten dira. Bertan erabiltzen dituzten teknologiak punta-puntakoak dira, eta horrek azken belaunaldikoa eta aitzindaria bilakatzen du zentroa, bai Euskal Autonomia Erkidegoan bai Espainiako estatu osoan.

Sueskola Gipuzkoako Foru Aldundiak hiritar guztientzat sortutako proiektua da, profesional nahiz partikularrentzat, eta helburua da bertara gerturatzen diren ikasleek suteen aurrean zer neurri hartu behar dituzten eta haiek nola itzali behar dituzten ikastea.

Ordizian kokatua dago, Gipuzkoan, eta bere xedea da:

  • Larrialdi zerbitzuetako profesionalak prestakuntza maila egokietan trebatzea eta mantentzea.
  • Enpresen eskariari erantzutea suteen prebentzio eta itzaltze gaietan.
  • Suteen prebentzio eta itzaltze gaietan hiritarrei jakintzak igortzea.
ikastola 223
2017 Apirila
223