IKASTOLA 223 > iritziak > Eskualdez eskualde, Hezkuntza Legerako oinarriak aztertu dituzte ikastolek

Hezkuntza Legea

Eskualdez eskualde, Hezkuntza Legerako oinarriak aztertu dituzte ikastolek

Eragile guztiekin gaia jorratzen hasi aurretik, ikastolen jarrera finkatzea du helburu Ikastolen Elkarteak

Eskualdekako hamar bilera egin dira orotara; bi araban, hiru Bizkaian eta bost Gipuzkoan.

Eskualdeka antolaturik, hamar bilera egin dituzte ikastolek legegintzaldi honetan onartzea aurreikusten den Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legeari begira jarrera bateratua hartu, eta lege hori egikaritu dadin lan egiteko. Ikastolen parte-hartzea handia izan da egin diren bileretan.

Ikastolek urteak daramate Hezkuntza sistema osoa, ez soilik titularitate publikoa dutenena, barne bilduko duen hezkuntza lege bat eskatzen. Abagune horretan egon gaitezkeela kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako lege bat egitea aurreikusi baitu, agintari eta legebiltzarkideekin eta gainontzeko hezkuntza eragileekin gaia jorratzen hasi baino lehenago ikastolen jarrera finkatzea izan du helburu Ikastolen Elkarteak.

Hori dela-eta, dokumentu bat egin zuen Ikastolen Elkarteak, eta hura aztertzen aritu dira ikastolak, eskualdeka egin diren bileretan. Otsailean eta martxoan egin dira bilera horiek, hamar guztira: bi Araban (Assa ikastolan eta Gasteizen), hiru Bizkaian (Harrobia, Betiko eta Kurutziaga ikastoletan) eta  bost Gipuzkoan (Santo Tomas, Laskorain, Urretxu-Zumarraga, Aranzadi eta Orioko ikastoletan).  Eta nabarmentzekoa izan da parte-hartzea. Interes handia jarri dute ikastolek gai honetan, eta erantzuna ere halakoxea izan da.

Ikastolen Elkartetik dokumentua aurkezten ibili dira Koldo Tellitu lehendakaria, Jose Luis Sukia zuzendari nagusia, Abel Ariznabarreta Hezkuntza arduraduna eta Patxi Olabarria Egonkortasun arduraduna. Gustura azaldu dira parte-hartzearekin, orotara 350 ikastolakide inguruk hartu baitute parte eskualdekako bileretan.

Parte-hartze hori handitu egingo da, orain ikastoletan gaia jorratuko baitute nork bere errektore kontseiluan. Izan ere, eskualdekako bileretan ez baita dokumentuaren aurkezpen soila egin. Aitzitik, ikastolek ekarpenak egiteko epe bat ireki da, guztiek egindako iradokizunekin behin betiko dokumentua egiteko.

Ikastolek ulertzen dute oraingoak izan behar duela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sistema osoa hartuko duen Hezkuntza Legea egingo den legegintzaldia. Izan ere, lehen aipatu bezala, EAEko sistemako ikastetxeen erdiek baino ez daukate Euskal Administrazioak berariaz sorturiko lege baten babesa, eta, gainera, 1992ko hizkuntza hitzarmena eta 1993ko Eskola Publikoaren Legea zaharkiturik daude.

Mende laurden honetan, izugarri aldatu dira mundua eta euskal gizartea: egoera sozioekonomiko eta kulturala, globalizazioaren eragina, zientzia eta teknologiaren garapena, hizkuntz testuingurua, migrazioak, bizikidetza orokorra, familia ereduak, publikotasuna ulertzeko modu berriak… etengabeko garapenean izan dira. Eta, nola ez, gizarteak hezkuntzari egiten dizkion eskakizunak ere aldatu egin dira 25 urteotan. Ondorioz, hezkuntza ulertzeko era ere garai berrietara egokitu eta eraldatu egin behar da.

Hiru lurraldeotako eskola araupetzen duen legedi orokorra eta araudia, aldiz, ez dira aldatu, ez dira egokitu euskal gizarteak behar duen heinean garai berrietara, ez dira bihurtu aldaketarako tresna, behar berriei eta gizarte-erronkei erantzuteko baliabide eragingarri.

Hori dela-eta, oraindik ezin izan zaie erantzun egokirik eman, adibidez, hizkuntza ereduen sistemaren gabeziei edota atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzeari, euskal curriculuma eta konpetentzietan oinarritutako eredu pedagogikoa ezartzeari, IKTen garapen eta hedapenari, kanpo ebaluazioei… Ikastolen iritziz, horiei denei erantzun egoki eta oso bat emateko ezinbestekoa da lege bat,nortasun propioa duen legea, ezin baitzaie erronka bakoitzari  erantzun partzial eta momentukoak eman.

Hogeita bost urteotan aldatu ez dena, eta, aitzitik, sendotu eta euskal hezkuntzaren ezaugarri propio gisa agertzen dena da administrazioaren titularitatepeko ikastetxeek eta itunpekoek hezkuntza sisteman duten oreka, erdia eta erdia baitira. Horrek ekarri behar du, derrigor, hurrengo hezkuntza legeak sarea osotasunean hartzea, publikotasuna ulertzeko era berriak ere aintzat hartuz.

ikastola 223
2017 Apirila
223