IKASTOLA 223 > erreportajeak > Pedagogia eraldatzailea inplementatu da DBH osoan

EKI proiektua

Pedagogia eraldatzailea inplementatu da DBH osoan

Euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritutako eredua Lehen Hezkuntzara eta batxilergora hedatzea da, orain, erronka

Fase bat amaitu da DBHn, inplementazioarena. 

Fase bat amaitu da DBHn, inplementazioarena. Azkar joan da, eta orain bigarren fase bat ireki behar da, ikastolen esperientzietatik abiatuz hobekuntzak ezartzea, kualitatiboki ikastolen planteamendua fintzea.
 

Hego Euskal Herriko ikastoletako Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 4. mailako ikasleak oraintxe ari dira EKI proiektuaren arlokako hirugarren unitate didaktikoak lantzen. Horixe da, hain zuzen ere, euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritutako material hauen azken ekoizpena DBHko etapari dagokionez. Ikaselkarrek, Ikastolen Elkarteak eta Elkarrek ikasmaterialak ekoizteko sorturiko argitaletxeak, amaitu du EKI DBHren materialen ekoizpena, eta ikastoletan amaitu da EKI proiektuaren inplementazioa. Agerikoa da ikasgeletan eman den eraldaketa.

Emaitza honetara eraman duen bidea luzea izan da. Prozesua ireki zen Ikastolen  Elkartearen Batzarrak erabaki zuenean euskal curriculuma jorratzea. Geletara iritsi den fase eraldatzailea hortik abiatu zen. Sustraia euskal curriculumean ezarri zen; ikuspuntu metodologikotik erabaki zen integrazioaren pedagogia erabiltzea, eta hortik formulatu zen konpetentzien gainean oinarritutako hezkuntza.

Duela zazpi-zortzi urte hasi ziren diseinatzen proiektua, eta duela lau urte hasi zen ikastoletako ikasgeletan ikasleengan zuzenean eragiten, EKIren ikasmaterialak erabiltzen hasi zirenean. Urtez urte, DBHko maila batean inplementatuz, orain amaitu da hedapena. DBHko 1. eta 2. mailatan seina arlo hartzen ditu proiektuak, eta 3. eta 4. mailatan zazpina. EKIren ikasmaterialak bera ere eraldatzaileak dira. Ez dira paperezko euskarri soilean garatu; aitzitik, berariaz sorturiko eduki digitalak eta ikus-entzunezkoak ere baditu. Gainera, guztiz digitala den bertsio bat ere ekoitzi da. Bertsio batean zein bestean, helburu argi batekin egin da: ikasleak IKTetan treba daitezen, konpetentzia digitala eskura dezaten.

Eredu pedagogiko berriak, material hauen erabilerak, ondorioak izan ditu irakas-ikaskuntza prozesuan, eta aldatu egin dira irakasleen eta ikasleen rolak. Izan ere, ikasleak, edukiak bereganatzeaz gain, horiek eguneroko bizitzan, egoera errealetan aplikatzen jakin behar du orain. Irakaslearen papera ere bide horretan aldatu da, edukien transmisore izatetik, ikasleen garapenean gidari lanak egitera igaro baita. Izan ere ikaslea lagundu behar du bere bilakaeran eta bere hezkuntzan, edukien transmisioaz gain beste  aspektu batzuetan eraginez, eduki baliabideak ikasteaz gain ikasleak jakin behar duelako norbera izaten, elkarrekin bizitzen, pentsatzen, komunikatzen, eta gauzak egiten. Konpetentzia orokorrak edo prozedura multidiziplinarrak deitzen ditugun horiek, alegia.

Hori guzti hori aurrera eramateak prestakuntza sakon bat eskatzen du. Prestakuntzaren zati garrantzitsu bat aurrera eraman da: saio orokorrez gain, maila eta arlo bakoitzean seina saio egin dira bosna ordukoak eta ikastoletako DBHko irakasle guztiek hartu dute parte. Hori fenomeno berri bat izan da, eta  ondorio bezala ekarri du ikastoletan eztabaida pedagogiko handi bat garatu eta zabaltzea, arloen arteko koordinazio beharretatik abiatuta. Debate irekia da, lana egitea eskatzen du, eta, era berean, oso aberasgarria da. EKIk ekarri duen ondorio onuragarrietako bat da.

Fase bat amaitu da DBHn, inplementazioarena. Azkar joan da, eta orain bigarren fase bat ireki behar da, ikastolen esperientzietatik abiatuz hobekuntzak ezartzea, kualitatiboki ikastolen planteamendua fintzea. Fintze horretan puntu klabe bat da lehen aipatutako eztabaida pedagogikoa, eta ikastolan bertan txertaturiko eztabaida gune  bihurtu behar da hori guzti hori. Era berean horra eraman behar da EKIn sartu ez diren beste arloak, musika, teknologia, gorputz hezkuntza, plastika…  Hori da DBH etapari loturiko hurrengo erronka, ikastolei bidea erraztea eta tresnak ematea, animatzea eta aholkatzea.

Baina erronka nagusia euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritutako eredu pedagogikoa beste etapetara hedatzea da. Horretan ari dira dagoeneko. Lehen Hezkuntzan, esaterako, 6. mailako unitateak esperimentatzen ari dira dagoeneko hainbat ikastolatan, eta horrek garapena izango du beste mailetan.

Batxilerren, berriz, heldu den ikasturtean DBH guztia EKI proiektuarekin egin duten lehenbiziko ikasleak igaroko dira. Batxilergoko ikasketak unibertsitateko sarbidea lortzeko bide irekitzen du, eta hara fokalizatuta egon da beti. Baina bi urte dira, ordu asko eta oso garrantzitsuak ikaslearen garapenean. Horregatik beste helburu batzuk ere izan behar ditu, eta hor ere Ikastolen Elkartea ari da eztabaida pedagogikoa bultzatzen, eta DBHen garatutako eredua inplementatzeko bideak urratzen.
 

OSPATZEKO BI EKITALDI

Ikaselkar argitaletxeak goitik ospatu nahi du EKI proiektuaren DBHko inplementazioa. Horretarako bi hitzordu jarri ditu. Lehena igaro da, joan den martxoaren 31n izan baitzen, EKI DBH unitateen diseinatzaileak, sortzaileak, garatzaileak, edizioan lan egin dutenak, multimedia egileak, produkzioan aritu direnak, prestakuntza lanetan aritu direnak… bildu zituen bazkari batean, eta denei eskerrak eman zizkien egindako lanarengatik. Bigarren hitzordua, berriz, datorren maiatzaren 11n izango da, Hernaniko Orona Ideon egingo den ekitaldian. Bertan, Ikaselkarrek EKI DBH proiektua gizarteratzeko asmoa du, eta baita hurrengo erronkak aurkeztekoa ere. 

ikastola 223
2017 Apirila
223