IKASTOLA 222 > erreportajeak > Ikasgelatik kanpo hezten

2017 udako aisialdia Ikastolen eskutik

Ikasgelatik kanpo hezten

Konpetentziak lantzeko hezkuntza esparru bat gehiago

Izen ematea, martxoaren 1etik aurrera.

Aurten ere, Ikastolen Elkarteak udaleku eskaintza anitza zabaldu du udako sasoirako. Aisialdiak, ikasgeletatik kanpo, balore hezitzaileak landu eta zabaltzeko beste esparru bat eskaintzen du.

Euskararen normalizazioak aisialdi euskalduna behar du, gure hizkuntzaren erabilerarekin gozatzeko aisialdia. Aisialdiak, pertsonari garatzen eta bere gizarteratze prozesuan laguntzen dio, eta komunitate kulturalean sartzeko ateak irekitzen dizkio.

Ikastolen Elkarteak, Euskal Herriko herri desberdinetan zein atzerrian barreiatutako egonaldiak eskaintzen ditu. Hiru urtetik hasi eta hamazortzi urte arteko egonaldiak: Iparralde eta Hegoaldeko gazteen topaketak, Euskara Mugara Udalekuak, Surf Udalekuak, Enjoy English, Ingeles Udalekuak, Atzerriko Egonaldiak, Itsasoa eta Kultura, Udaleku Irekiak, Programazioa eta Robotika udaleku irekiak, Mendia eta Pilota, Gazte Egonaldiak eta Udaleku Ibiltaria.

Udaleku guztietan, edukietan zein egiteko moduetan, balio hezitzaile berdinak izango dira ardatz:

●     Haurraren eta gaztearen autonomian eragitea da egonaldi guztien helburua, autonomia horretatik eta eraikuntza pertsonaletik eraikuntza kolektibora iritsiko gara.

●     Haurren eta gazteen parte hartzea sustatuko da, hartzaile pasibo izan ordez, partaide aktibo bilakatzeko praktiketan oinarrituko da gure jarduna.

●     Gizon/emakume rolek dakarten botere desorekarik gabe, berdintasuna izango da aisialdiko praktika ororen oinarri.

●     Ikasle bakoitzaren gaitasun eta beharrak desberdinak dira eta aniztasun hori kontuan hartuta bizikidetza egoki bati ekingo dio taldeko kide orok.

Euskaldun eleanitzak sustatzea dute helburu Ikastolen Elkarteko udalekuek. Ikasleak bere konpetentzia linguistikoak bizitzako egoera errealetan aplikatu behar ditu gure udalekuetan. Izan ere, euskara ardatz duen ingelesaren ikaskuntzak toki zabala du gure eskaintzan.

Hizkuntza batek kultura bat dakar berarekin, eta atzerriko egonaldiak aberasgarriak suertatzen dira gazteentzako hizkuntza ikasteaz gain, bizitzarako baliagarri izango zaizkien bizipenak izateko aukera izaten dutelako udaleku hauetan.

 

ikastola 222
2017 Otsaila
222