Historia irakaskuntza
Euroclioren urteko konferentzia egingo da Donostian, ikastolen eskutik
Historiarein irakaskuntza aldatzeko
Bideak aztertuko dituzte Europa osoko irakasleek, API 2tik 7ra.
How can History Education Change today? Nola alda daiteke, egun, Historia irakaskuntza?
Goiburu hori hartuta, Europa osotik etorritako Historia irakasleek, eta Euskal Herrikoek Eurocliok antolatutako Urteko Konferentzian parte hartuko dute apirilaren 2tik 7ra, Donostian. Ikastolen Elkarteari, Euroclioko kide gisa, eskaini zaio konferentzia prestatzea.
Historia irakasleen Europako elkartea da Euroclio, eta Ikastolen Elkartea bertako kide da duela zenbait urtetik. Ez da apiril honetakoa Ikastolen Elkarteak Euroclioren ekitaldi bat antolatzen duen lehen aldia. 2013ko azaroan ere Euroclioren mintegi bat antolatzeko eginkizuna bere gain hartu zuen EHIk. Hauxe izan zen orduan landutako gaia: “Iraganeko aztarnak, gaur egun elkarrekin bizitzeko bitarteko gisa. Kulturarteko hiritartasuna irakasten, ondare eta memoria historikoaren bitartez”.
Mintegi hark izandako arrakastaren ondorioz, Eurocliotik aurtengo Urteko Konferentzia antolatzeko mandatua egin zioten Ikastolen Elkarteari. Konferentziaz gain, halaber, urteko Batzar Nagusia ere egingo du Eurocliok, Donostian. Konferentziaren azkeneko egunean izango da, apirilaren 7an.
Ordura bitarte, ordea, astebeteko programa trinkoa prestatu da Europatik etortzea espero diren 150 Historia irakaslerentzat, eta bertokoentzat. Nola alda daiteke, egun, Historia irakaskuntza? Galdera honek planteatzen dituen perspektiba eta erronken aurrean hainbat gai eta mintzagai gako jorratuko dira konferentzian. Halaber, lokala-globala eta iragana-oraina batzen diren elkargunearen perspektibatik jorratuko dira gaiak. Itzal handiko adituek hartuko dute parte Konferentzian, eta, besteak beste, gai hauek jorratuko dituzte: Espainiar Estatuan oraindik eztabaida pizten duten gertakari historikoak. Nola islatzen dira eztabaida horiek egungo Historia eta politikaren irakaskuntzan?Non amaitzen da Historia lokala eta non hasten Historia globala?
Gazteen parte hartzea: Historia ikasten, eginez.
Iraganaz arduratzen den gizartea, Historiaren irakaskuntzan: gizarte zibilaren ekimenak ezagutzea. Hezkuntza praktikaren bidez esperimentatzea: hainbat ikastola eta ikastetxetara bisitak.
Baliabide berritzaileetarako sarbidea: Historiana webgunearen sustapena, online ikastaro berriak, eta proiektu baliabide berriak. Gai horiez gain, bestelako bisitak ere egingo dituzte. Aipagarriak izango dira, Gernikako Bakearen Etxera egingo duten bisita, eta bertako Juntetxera, edota Gogora Institutuaren Memoria Plazara egingo dutena. Donostiako San Telmo museoa, Pasaiako Albaola museoa, EHUren Hezkuntza museoa ere bisitatuko dituzte, eta Donostiako oroimenaren ibilbidea ere egingo dute
Informazio gehiago eta matrikulatzeko, euroclio.eu webgunean.