IKASTOLA 222 > erreportajeak > Ikastolak lanean hasi dira, Hezkuntza Lege berriari begira

Hezkuntza Legea

Ikastolak lanean hasi dira, Hezkuntza Lege berriari begira

Lege baten oinarriak aztertzeari ekin diote

Legegintzaldi honetan Hezkuntza Lege bat egitea Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako. Horixe da lortu beharreko erronka. Lorgarria da, Eusko Jaurlaritzaren legealdirako konpromisoetako bat baita, eta hezkuntza eragileak ere ari baitira hori erreklamatzen. Ikastolak erronka horri ahots bateratuarekin erantzuteko prestatzen hasi dira.

Legegintzaldi honetan Hezkuntza Lege bat egitea Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako. Horixe da lortu beharreko erronka. Lorgarria da, Eusko Jaurlaritzaren legealdirako konpromisoetako bat baita, eta hezkuntza eragileak ere ari baitira hori erreklamatzen. Ikastolak erronka horri ahots bateratuarekin erantzuteko prestatzen hasi dira.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege bati  begira ikastolek eztabaidarako dokumentu bat lantzeko, Ikastolen Elkarteko Artezkaritza Batzordeak txosten bat osatu du ikastolei aurkeztu, elkarrekin aztertu eta denen artean osatzeko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Lurralde Batzarretan dagoeneko aurkeztu da agiri hori, eta otsailean hasi eta martxora bitarte, eskualdeka bileretara deitu dituzte ikastolak, haiei ere aurkeztu eta ekarpenak egin diezazkioten.

Eztabaidarako dokumentu hori ez dago ikastolei soilik zuzendua; aitzitik, Hezkuntza Legeari begira, euskal gizarteari, eragileei eta erakundeei ikastolen aldetik egindako ekarpen gisa ulertu behar da.

Ikastolek ulertzen dute oraingoa abagune garrantzitsu bat dela oraingoa Hezkuntza Lege berri bat edukitzeko. 2004tik ari dira eskatzen lege bat, Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza sistema guztia barne bilduko duena, eta ez soilik administrazioaren titularitatepeko ikastetxeak, orain arteko legeak, 1993koak, egiten duen bezala. Aurreko legegintzaldian legeari begira urratsak egingo zirela uste bazen ere, ez zen, azkenean, aurrerapausorik eman, nahiz eta Heziberri 2020 planean aurreikusi. Hirugarren fase gisa aurreikusi zen, eta lehenbiziko biak baino ez ziren garatu aurreko legegintzaldian.

Orain, berriz, Eusko Jaurlaritza osatzeko EAJren eta PSE-EEren arteko itunak jasotzen du Hezkuntza Legea, eta Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek urtarrilaren 23an bere sailaren lehentasunak azaltzeko Legebiltzarrean egindako agerraldian azpimarratu zuen helburu nagusia izango dutela eragileekin hezkuntza itun bat egitea, hortik Hezkuntza  Legea egiteko. Oposizioko alderdietan ere hezkuntza lege baten premia adierazi izan dute behin baino gehiagotan.

Ikastolak ez dira  ari Hezkuntza Legea eskatzen Heziberri 2020ren hirugarren fasea balitz bezala. Legearen balioa harago doa, bere horretan aktibo garrantzitsu bat da, eta bereziki gure artean. Azken batean legea gure hezkuntza sistemaren arau nagusia izan behar da, eta hortik beste guztia garatu, besteak beste curriculum dekretuak. Izan ere, lehen aipatu bezala, EAEko sistemako ikastetxe erdiek baino ez daukate euskal Administrazioak berariaz sorturiko lege baten babesa, eta, gainera, 1992ko hizkuntza hitzarmena, nahiz 1993ko Eskola Publikoaren Legea zaharkiturik daude. Mende laurden honetan, izugarri aldatu dira mundua eta euskal gizartea: egoera sozioekonomiko eta kulturala, globalizazioaren eragina, zientzia eta teknologiaren garapena, hizkuntz testuingurua, migrazioak, bizikidetza orokorra, familia ereduak, publikotasuna ulertzeko modu berriak… etengabeko garapenean izan dira. Eta, nola ez, gizarteak hezkuntzari egiten dizkion eskakizunak ere aldatu egin dira 25 urteotan. Ondorioz, hezkuntza ulertzeko era ere garai berrietara egokitu eta eraldatu egin behar da.

Gure inguruko Eskola araupetzen duen legedi orokorra eta araudia, berriz, ez dira aldatu, ez dira egokitu euskal gizarteak behar duen heinean garai berrietara, ez dira bihurtu aldaketarako tresna, behar berriei eta gizarte-erronkei erantzuteko baliabide eragingarri.

Hori dela eta, oraindik ezin izan zaie erantzun egokirik eman, adibidez, hizkuntza ereduen sistemaren gabeziei edota atzerriko jatorria duten ikasleen eskolatzeari, euskal curriculuma eta konpetentzietan oinarritutako eredu pedagogikoa ezartzeari, IKTen garapen eta hedapenari, kanpo ebaluazioei… Ikastolen iritziz, horiei denei erantzun egoki eta oso bat emateko ezinbestekoa da lege bat,nortasun propioa duen legea, ezin baitzaie erronka bakoitzari  erantzun partzial eta momentukoak eman.

Hogeita bost urteotan aldatu ez dena, eta, aitzitik, sendotu eta euskal hezkuntzaren ezaugarri propio gisa agertzen dena da administrazioaren titularitatepeko ikastetxeek eta itunpekoek hezkuntza sisteman duten oreka, erdia eta erdia baitira. Horrek ekarri behar du, derrigor, hurrengo hezkuntza legeak sarea osotasunean hartzea, publikotasuna ulertzeko era berriak ere aintzat hartuz.

Eztabaidarako oinarriak
Horregatik, ikastolak lantzen ari diren dokumentuan,  gai eta galdera horiei guztiei erantzuna emateko moduko lege baten alde egiten da, eta lege horrek bildu beharko lituzkeen  ideia edo interesgune nagusiak azaltzen dira.

Ideia edo interesgune horiek lau ataletan aurkezten dira. Lehenbizikoan, hezkuntzaren definizioan hezkuntzaren ezaugarri berdintzaile eta sozializatzailea azpimarratu dute; bigarrengoan, “bizitza osoan zehar” pertsonek egin beharreko prestakuntza jorratzen da; hirugarren blokean, antolaketa-mailako gai nagusi bat jorratzen da, ikastetxeen autonomia; azkenik, laugarrengoan, eskola emaitzen hobekuntzarako urratsak proposatzen dira.

Hezkuntza Zerbitzu Publikotik abiatzea proposatu dute ikastolek, euskal gizartearen eta hiritarren prestakuntza eta kohesioa sustatzeko eta desberdintasun sozialak gainditzeko lanabesa delako Hezkuntza. Euskal hezkuntza zerbitzu publikoa publiko-herritar ikuspegian kokatzen dute ikastolek, hots, komunitateari lotua, hezkuntzan ere demokrazia parte-hartzailea gauzatu nahi baitute.

Dokumentuaren arabera,  ikasle guztien hezkuntza eskubidea bermatzeko finantzaketa ekitatiboago bat eskatzen dute ikastolek, eta titularitatea gorabehera, Hezkuntza Zerbitzu Publikoko partaide guztiek betebehar eta eskubide berdinak izan beharko lituzkete.

Halaber, abiapuntua konpetentzietan oinarritutako euskal curriculumaren garapena izanik, euskaran ardazturiko hezkuntza eleanitza, konpetentzia digitalaren garapena, hezkuntza sistemaren eta ikastetxeen ebaluazio sistema propioa eta irakasleen prestakuntzan sakontzen du ikastolen agiriak. Eskolaturik dagoen ikasleriari ahalik eta erantzunik hoberena eman ahal izateko, ikastetxeen autonomia aldarrikatzen dute, eta haien kudeaketa demokratikoaren beharra azpimarratzen.

Elkarrizketarako prest
Hezkuntzaz eztabaidatzeko eta lege berri bati buruz adostasunak bilatzeko ikastolek beti egin dute elkarrizketarako deia, eta besteek egin dutenean ere baiezkoa erantzun dute. Oraingoan ere prest dira ikastolak hezkuntza lege bat osatzeko adostasunak bilatzeko. Horretarako ari dira lantzen beren ekarpena, besteek egin ditzaketenekin parez pare jarri eta denen artean adostasuna lortzeko.

Ikastolek eskola akordio zabal eta ireki baten partaide izan nahi dute, horren beharrizana euskal gizartearen egoeran begi bistakoa baita. Partaidetzarako jarrera erakusten dutenean, partaidetza aktibo eta eraginkorra eskatzen dute. Era berean, erantzukizunez eta adostasunaren alde jokatzeko konpromisoa azaldu dute aldiro. Horregatik, uste dute, inork ezin duela legea bera baldintzatu, mahaiaren inguruan jartzeko baldintzak ezarriz, hura eztabaidatzen hasi aurretik.  Aitzitik gai guztiak mahai gainean jarri behar direla defendatzen dute, taburik gabe, betorik gabe.

Ikuspegi zabal batekin ekiteko gonbita egin diete eragile guztiei, jakinik, denen onurarako izanik, inork ez duela lortuko bere xede guztiak bideratzea. 

HEZKUNTZA LEGE BERRI BATERAKO OINARRIAK
ikastolak lantzen ari diren txostenean, Hezkuntza Lege berri baterako hainbat oinarri proposatzen dira. Honakoak dira puntu nagusiak.

I. ILDO BERDINTZAILEA EDO SOZIALIZATZAILEA
Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa (EHZP). Funts publikoekin hornituriko ikastetxeek osatuko lukete, hots, administrazioko ikastetxeek, ikastolek eta gizarte ekimeneko ikastetxeek, bakoitzaren Hezkuntza Proiektua eta titulartasuna galdu gabe, hezkuntza zerbitzuaren ezaugarriak bete eta ikasle guztien hezkuntza eskubidea, inolako bazterkeriarik gabe, bermatuko dutenak. Ikastetxe guztiek eskubide eta betebehar berak izango dituzte.

Aukera berdintasuna eta ekitatea. EHZP-k gizarte kohesioa, integrazioa eta aukera berdintasuna sustatu behar ditu. Hezkuntza aukera inklusiboak ikasleriaren egoera desberdinak hartu behar ditu kontuan: beharrizan bereziko ikasleena, etorkinena, genero desberdintasuna, gizarte desberdintasuna, … .  Hezkuntza Lege batek hauek guztiak bideratzeko irizpideak definitu beharko lituzke.

EHZPren finantzazioa. EHZPren barruan dauden ikastetxe guztiei  oinarrizko tratamendu berdina ematea,hots, EHZPren helburuak ikastetxe bakoitzean betetzeko eta ikastetxeen funtzionamendua eta zerbitzuaren doakotasuna ziurtatzeko oinarrizko finantzaketa

II. HEZKUNTZA EDUKIAK; EUSKAL CURRICULUMA
Konpetentzietan oinarritutako euskal curriculumaren garapena da abiapuntua, bertan kokatzen dira ondoko aukerak:
Euskaran ardazturiko hezkuntza eleanitza. Eleaniztasuna ziurtatu behar da, beti ere euskara ardaztzat harturik. Maila hauek lortu beharko lituzke derrigorrezko eskolaldia amaitzen duen ikasle batek: B2 maila hizkuntza ofizialetan, eta B1 maila hirugarren hizkuntzan (Europako Hizkuntzen Erreferentzia Bateratuen Esparruaren arabera).

Konpetentzia digitalaren garapena. Konpetentzia digitala  berdintasunez eskuratu beharra dago. Horretarako, oinarrizko ekipamendua finantziazio publikoaren bitartez bermatu beharko litzateke. Era berean, giltzarri dira ikasmaterial egokiak ikasle guztien esku jartzea eta irakasleak prestatzea.

Hezkuntza sistemaren eta ikastetxeen ebaluazioa. Ebaluazioaren kultura indartu behar da, hobekuntzaren oinarri gisa. Ebaluazio-sistema propio baten aldeko aukera egiten dugu, horren kudeaketa erakunde autonomo baten esku egon behar duelarik.

Irakasleen prestakuntza. Hezkuntza sistemaren helburuak eta ikastetxeen Hezkuntza proiektuak oinarri hartuta, irakasleen prestakuntza areagotzeko proposamena egiten  da.

III. ANTOLAKETA, IKASTETXEEN AUTONOMÍA
Ikastetxeek autonomia handia izan behar dute eskolaturik dagoen ikasleriari ahalik eta erantzunik hoberena eman ahal izateko. Autonomiak ondorengo onurak ekarriko dizkio ikastetxeari/zerbitzu publikoari: inguruarekiko lotura zuzenagoa, gizartearen partaidetza, pedagogia beharrizan zuzenekiko erantzun eraginkorra, aniztasunean oinarrituriko kudeaketa, ikasleen integraziorako aukera, ekitate eta kalitate maila hobea.

IV. ESKOLA EMAITZEN HOBEKUNTZA
Sistema edo eskola baten ebaluazioa eta hobekuntza plana hezkuntza proiektutik abiatu behar dira. Hobekuntza eta eskola, hobekuntza eta gelako jarduera, lotu egin behar dira eta irakasleen prestakuntza eta talde-lanerako gaitasuna areagotu egin behar dira.

Las ikastolas, ante una nueva Ley de Educación
El Consejo de Rector de Ikastolen Elkartea ha elaborado un documento de trabajo de cara a la posición que han de tomar las ikastolas en el debate que se  abrirá entre los partidos políticos y agentes educativos ante una nueva Ley de Educación para Araba, Bizkaia y Gipuzkoa. Este documento ya ha sido presentado en los Consejos Territoriales, y durante  febrero y marzo se presentará a las ikastolas mediante varias reuniones, para analizarlo, debatirlo y para que las ikastolas hagan sus aportaciones.

ikastola 222
2017 Otsaila
222