IKASTOLA 222 > elkarrizketak > Batxilergora zuzenduriko ibilbide berri bat abiarazi dute ikastolek

Batxilergoa

Batxilergora zuzenduriko ibilbide berri bat abiarazi dute ikastolek

Praktika onen lehen jardunaldia egin dute, ikastola ereduaren baitan, etorkizuneko bidea diseinatzen hasteko

Bide berri bat hasi, kolektibo bezala. Ikastolentzako Batxilergora zuzenduriko ibilbidea.

Batxilergorako praktika onen lehen jardunaldia izan zen. Gehiago egingo dira, eta prestakuntza saioak ere aurreikusi dira dagoeneko. 
Ibilbide berri bat hasi zen iragan urtarrilaren 24an, Donostiako Ikastolen Etxean. 

Iazko ikasturtean sortu zen Batxilergo mintegitik sortutako edo eratorritako urratsa da Batxilergoko jardunaldia. Ikasleak derrigorrezko hezkuntzatik unibertsitaterako edo lanbide heziketarako bidean jartzen dituen etapa horretan iragarritako aldaketen aurrean talde bezala prest egoteko sortu zen, zuzendarien foro gisa.

Etapa horri dagozkion gaiei buruz hitz egiteko ikastolek erakutsitako gogoari erantzun nahi izan zioten Ikastolen Elkartetik, Batxilergo Mintegia osatuz. Kezkak eta proiektuak partekatu eta etorkizuneko erronkei elkarrekin aurre egitea, horiexek, besteak beste, jarritako xedeak. Mintegiarekin batera, iazko ikasturtean inkesta bat ere egin zen ikastolen artean, Batxilergoari begira.

Bi urrats horiek eginda, etapa horretarako hezkuntzaz eta pedagogiaz aritzeko gune  bat osatzea ikusten zen hurrengo urrats gisa, eta horixe da, hain zuzen ere, urtarril honetan abian jarritako bidea. Izan ere, heldu den ikasturtean hasiko dira Batxilergoa egiten DBH guztian EKI proiektua garatu duten lehenbiziko ikasleak. Bestelako modu batean ikasi dute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan; horrek eskatzen du Batxilergoa ere eredu pedagogiko berrira moldatu beharko dela.

Aipatutako helburuetako bat da, beraz, Batxilergorako diseinua egitea gaurko abiapuntutik, baina ikastola ereduaren baitan nora joan behar den zehaztuz.  Euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarritutako hezkuntza marko berriaren osaketan etapa honi dagokion ikaslearen irteera profila ezartzea litzateke xedea.

Irakasleei nahiz zuzendaritzako kideei zabalik, Ikastolen Etxeko areto nagusia beterik zela egin zen Batxilergoko lehen jardunaldia iragan urtarrilaren 24an. Sei ikastolak euren ikasleekin lantzen ari diren proiektu bana aurkeztu zuten lehenbiziko jardunaldian.

Askotarikoak izan ziren aurkeztutako egitasmoak: konpetentzien lanketari begira, Ibaizabal ikastolak Ikastola Eredua unitate didaktikoa  aurkeztu zuen eta Santo Tomas Lizeoak, berriz, oroimen historikoaren lanketarako proiektua; sarean lan egiteko proiektu bana aurkeztu zuten, berriz, Oiartzok (moodle plataformaren bitartez) eta  Oteitzak (kudeaketan zentratua); orientazioarekin lotutako proiektu bana aurkeztu zuten, halaber, Astilekuk (konpetentzien garapenerako diseinaturiko BAL proiektua) eta Laudiok (ikasleei eta gurasoei zuzenduriko orientazio azoka).

Lehen jardunaldia izan zen urtarrilekoa, gehiago egiteko asmoa baitago. Eta, gainera, prestakuntza saio bat ere aurreikusi da dagoeneko, heldu den martxoan egingo dena.

ENTRESAKA: Irakasleei nahiz zuzendaritzako kideei zabalik, Ikastolen Etxeko areto nagusia beterik zela egin zen Batxilergoko lehen jardunaldia iragan urtarrilaren 24an. Sei ikastolak euren ikasleekin lantzen ari diren proiektu bana aurkeztu zuten lehenbiziko jardunaldian

ikastola 222
2017 Otsaila
222