Uxue Lazkano eta Nora Uribeetxeberria
Irakurzaletasuna elkarrekin irakurriz kutsatzen da
Nafarroako Ikastolen Elkarteko Irakurketa Mintegiko kideak
Azken urteotan dexente entzuten ari gara irakurketaz eta honek duen garrantziaz.
Egia esan gaiak kezka sortzen du. Kezka adituen artean, irakasleen artean eta baita familien artean ere. Hala ere, irakurketaz hitz egiten dugunean gai konplexu bati buruz ari garela kontuan izan beharko genuke, garrantzitsua da bertan eragiten duen faktore ezberdinak zeintzuk diren gogora ekartzea.
Gaur egun, informazioaren eta komunikazioaren garaian, irakurtzeko gaitasuna behar bezala garatzea ezinbestekoa dela ez du inork zalantzan jartzen, hori izango baita norbanakoaren garapena zein lanbide garapena bermatuko duen baldintza garrantzitsuenetako bat. Baina irakurle trebea izatea letrak eta hitzak irakurtzea baino askoz gehiago da. Irakurtzea ulertzea da, esanahiak eraikitzea, iritziak osatzea, ezagutzak eskuratzea, gizartean parte hartzeko ezinbesteko tresna eta, noski, plazerra ere bada.
Hala ere, irakurle konpetentea izatea, bizi osoan zehar garatzen den prozesu luze eta korapilatsua da. Prozesu hau hezkuntzan, ikastolako testuinguru formalean zein inguru ez formaletan, familian, lagunartean, gizartean eta bestelako eremuetan gauzatzen dela aipatzea ezinbestekoa da.
Jakin badakigu gure haurrek eta gazteek ez dutela soilik hezkuntza sistemaren baitan, eskola eremuan, ikasten. Aprendizai sare ezberdin ugarik eragiten dute ikasleek eskuratzen dituzten ezagutzetan. Ikastola horietako bat besterik ez da. Familiek, on-line sareek, euskarri ezberdinek, liburutegiek, museoek eta eskolaz kanpoko jarduerek izugarrizko eragina dute irakurle onak formatzeko bide honetan. Irakurtzen ikasten ez da inoiz bukatzen.
Ikastoletako profesionalen artean irakurle konpetenteak hezitzeko bidean eragiteko adostasuna argia izanik, aspaldidanik hainbat ekimen jarri dira martxan. Batetik, irakasleen formazioan eragiteko ikastaroak aipa genitzake. Horren adibide dugu “Irakurri zertarako? Ulertzeko” izenburupean Ikastolen Elkartean aurten burutzen ari den formazioa. Honen helburua ikasleek ulermenezko irakurketarako beharrezkoak dituzten estrategiak eskuratzea da.
Bestalde, irakurzaletasunak prozesu guzti honetan jokatzen duen ezinbesteko papera aintzat harturik, badira bestelako egitasmoak ere. Horietako bat JUUL kanpaina da, zaletasuna sustatzeko praktika on desberdinak bultzatzen dituena: idazleak eskolan, irakurlagun proiektuak, gau literarioak, ipuin kontaketak, liburutegietara bisitak, JUUL hauteskundeak...
Ibilbide honetan, hala ere, ezin ditugu inolaz ere familiak ahaztu, hauek baitira ikasleek irakurketaren aurrean izango dituzten jarreren oinarri. Irakurle onak izateko asko irakurri behar da eta, asko irakurtzeko, zaletasuna ezinbestekoa dugu. Baina irakurzaletasuna emozioetatik sartzen bada, transmititu eta kutsatu egiten bada, familiek uste baino gehiago egin dezakete. Jarrera kontu bati buruz ari gara, beraz, hainbat orientabide kontuan izan beharko ditugu:
Familia giroan irakurzaletasuna sustatuz:
1. Proposatu, ez behartu
Irakurketa mota ezberdinak iradoki, animatu, lagundu, jarri aukera ezberdinak eskura...sekulan ez inposatu irakurketa bat. Egoera askok ematen dizkigute irakurketara iristeko aukera.
2. Leku eta giro egokiak eskaini
Espazio goxoak sortu, atseginak, gure gustuko txokoak, irakurketa momentu berezia egiten lagunduko duten momentu lasai eta atseginak, presarik gabekoak.
3. Antolatzen lagundu
Irakurketak eta liburuak antolatzen lagundu. Etxeko edo logelako liburutegia, txokoa, prestatzea eta antolatzea guztion artean egin dezakegun lana da.
4. Interesa erakutsi
Irakurtzen duten hortan interesa agertu. Zer irakurtzen ari diren galdetu, irakurketak partekatu, hitzegin, komentatu, beraiekin batera irakurri. Kalidadezko denbora eskaini. Arretaz entzun. Irakurzaletasuna elkarrekin irakurriz kutsatzen da.
5. Eredu izan
Irakurri eta gozatu irakurketaz haien aurrean. Beraiekin komentatu irakurtzen duzuena: eleberria, egunkaria, euskarri ezberdinetako irakurketak...
6. Iraunkorrak izan
Eguneroko gauza bihurtu irakurketa, tarteak eskaini, ohitura bihurtzen lagundu.
7. Errespetatu
Irakurleak irakurri nahi duena aukeratzeko eskubidea du edota momentu batean ez irakurtzeko eskubidea ere bai. Bere nahiak eta eboluzioa jarraitu eta haien erabakiak onartu.
8. Liburuetara gerturatzen lagundu
Liburu azoka, denda edo liburutegietara eraman. Liburu artean gozatu, begiratu, hartu, ukitu, usaindu, erosi, oparitu...
9. Aholkua bilatu
Liburuzainei, irakasleei, liburu saltzaileei galdetu.Laguntza eskatu, irakurketa gidak eskuratu, web gune espezializatuak arakatu.
10. Gozatu
Irakurketa gozamena da, partekatu plazer uneak liburuek, istorioek, irudiek...zabaltzen dizkiguten bestelako munduak ezagutuz.
Argi dago badugula zereginik, ez dela erronka makala, baina, elkarrekin ari gara bidea egiten. Guztiak gara irakurleak, gure modura, jarrai dezagun bada aurrera pausuak ematen. Irakur dezagun eta lagun diezaiegun irakurtzen.