IKASTOLA 221 > elkarrizketak > Ikastola eredua sakontzen, zuzendari eta administrari buru berriekin

Zuzendari eta administrari buru berrien mintegia

Ikastola eredua sakontzen, zuzendari eta administrari buru berriekin

Prestakuntza saio trinkoa jaso dute ikastoletako gidari berriek, Ikastolen Elkartearen eskutik

Ikastola ereduan sakontzea helburu hartuta, prestakuntza saio trinkoa jaso dute iazko eta aurtengo ikasturtean kargua hartu duten zuzendari eta administrari buru berriek. 

Egiteko horietan guztietan ikastola marka txertatzeko jarraibide eta aholkuak jaso dituzte. 
Ikastola baten kudeaketan zuzendariek eta administrazio buruek funtsezko eginkizunak dizute. Beraiek arduratzen dira ikastolen eguneroko gaien antolaketaz eta jardun orokorrez. Haiek dira, hein handian, batzuetan artezkaritza kontseiluekin partekatuta, besteetan zuzenean, ikastolen figura erreferenteak, bai guraso eta bezeroen aurrean, baina baita ikastolen kanpo proiekzioaz ere, ikastola ereduan oinarri hartuta. Horretan jarduten dute egunero, buru belarri.

Ikastolen Elkartea zuzendari eta administrazio buruen egiteko horietan bide lagun aritzen da, bai zerbitzuak emanez, bai prestakuntzan, nola aholkularitzan eta informazio transmisioan. Zuzendarien eta administrarien mintegi iraunkorrak ezarriak dira aspaldidanik, gai orokor eta partzialak jorratzeko. Hilero egiten dituzte mintegiak.

Azkeneko bi ikasturte hauetan, zuzendari eta administrari buru berri ugari hasi dira euren ikastolen kudeaketa lanetan. Egiteko berri ugari edukita,  Ikastolen Elkartetik beharrezkoa ikusi da haientzat berariazko prestakuntza antolatzea. Hala, mintegi trinko bat burutu zen bi saiotan, azaroaren 4an eta 11n, Ikastolen Etxean. Ikastolen Elkarteko alor pedagogiko, administratibo eta laboraleko arduradunak izan ziren ikastaroaren emaileak.

Ikastola ereduan sakonduz, zuzendaritza eta administrazio gaiak jorratu zituzten bi saio horietan. Hainbat helburu ezarri ziren; besteak beste hauek:
-Zuzendari edo administrari buru direnei bere jardueraren aspektu garrantzitsuenak ezagutaraztea.
-Ikastola bateko proiektuaren hezurdura ezagutzeko eta eraikitzeko lehen laguntza eskaintzea
-Ikastola bateko gobernu eta funtzionamenduaren egitura azaltzea.
-Zuzendaritzak dituen berezko zereginak eta konplexutasunak partekatzea.
-Administrazio buru izateak dakartzan zailtasunak aurkeztu eta komentatzea.

Ikastaro trinkoko lehenbiziko egunean, zuzendari eta administrari buru berriei Ikastola Proiektua eta bere ezaugarriak azaldu zitzaizkien. Era berean, Ikastolen Elkartearen eginkizunen eta zerbitzuen berri ere eman zitzaien. Zuzendari eta administrari profilari buruz ere jardun ziren saioan. Ikastolaren gobernuari eta funtzionamenduari buruz ere aritu ziren; baita kontzertazio moduluez et adierazle ekonomikoei buruz ere. Balantzea eta esplotazio kontuak ere hizpide izan zituzten saio horretan.

Bigarren saioan, berriz, hezkuntza legedia aztertu zuten mintegian. Adierazle pedagogikoak ere aztergai izan zituzten. Hobekuntza programez ere jardun zuten ikastaroan. Ikastola eta administrazioaz ere aritu ziren. Lan arloko gaiak ere aztertu zituzten: lan harremanak, osasuna, araudiak… Komunikazio estrategiez eta beharrezkotasunaz ere mintzatu ziren. Oraintsu arte zuzendari berri izandakoek, berriz, euren esperientzia partekatu zuten orain lan horretan hasi direnekin. Mintegian parte hartu duten zuzendari berriek eta administrari buru berriek oso ondo baloratu dituzte egindako bi saioak. Parte hartzea ere oso ona izan da.
Gai ugari jorratu ziren bi saio horietan, eta zenbaitetan sakontzeko aukera irekita dago. Eskariaren arabera antolatuko dira hurrengo saioak.

ENTRESAKA: Azkeneko bi ikasturte hauetan, zuzendari eta administrari buru berri ugari hasi dira euren ikastolen kudeaketa lanetan. Egiteko berri ugari edukita,  Ikastolen Elkartetik beharrezkoa ikusi da haientzat berariazko prestakuntza antolatzea.

ENTRESAKA2: Mintegian parte hartu duten zuzendari berriek eta administrari buru berriek oso ondo baloratu dituzte egindako bi saioak. Parte hartzea ere oso ona izan da.

ikastola 221
2016 Abendua
221