Ikastolen 2016-17 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia
IKASTOLA aldizkariaren hogeita bosgarren urteurrena ospatu dute ikastolek
Mende laurden bat eta 220 zenbaki bete ditu ikastolen berripaperak, eta beste hainbeste betetzeko bokazioa dauka
Ikastolen Ikasturte Hasierako ekitaldiak omenaldia egin nahi izan zion bere berripaperari, IKASTOLA aldizkariari, aurten hogeita bost urte bete baititu.
Hogeita bost urte bete dira, mende laurden bat, 1991. urtean IKASTOLA aldizkariak lehen zenbakia argitaratu zuela.
25 urte eta, esku artean duzunarekin, 220 zenbaki bete ditu Ikastola aldizkariak. Letraz letra, hitzez hitz, ikastolez, pedagogiaz, curriculumaz, hezkuntza politikaz, eta, oro-har, ikastolen komunitateari begira haren intereseko diren gaiez bete ditu Ikastola aldizkariak bere orrialdeak.
Ikastolen komunitateari eragiten dioten eta intereseko diren bestelako gizarte gai batzuk ere jorratu izan dira, eta bere orrialdeetatik igaro dira Euskal Herriko gizarte eta kulturako pertsona aski ezagunak ere.
Edukiari bezala, itxurari ere garrantzia emanez, argazki eta irudi ikusgarriekin eta maketazio zaindu batekin, Ikastola aldizkariak lortu du hura esku artean hartu orduko erakargarri izatea.
Horrela, ikastolen eta euskal hezkuntzaren hogeita bost urteotako bilakaeraren testigu izan da Ikastola aldizkaria, eta beste hainbat urtez izateko bokazioarekin jarraitzen du.
Ibilbide oparoa egin du, bai, herenegun, atzo eta gaur lanean aritu den eta ari den pertsona talde handi bati esker. Antonio Campos, J. Iñaki Etxezarreta eta Mirari Bereziartua izan ziren sortzaileak. Aldizkarian lan egin dute Pello Ordoñezek, Jon Basterrak, Mirari Jon Elexgaraik, Joxean Agirrek, Nekane Iturregik, Imanol Artolak, Edurne Alegriak, Eva Domingok, Sebastian Castetek, Xabier Gutierrezek eta Xabier Oleagak. Lanean dihardute, berriz, Zuriñe Mendizabalek, Txema Garciak, Arantza Munduatek eta Koldo Aldabek
25 urte eta gero, gauzak asko aldatu dira, eta aldizkariak berak ere transformazioak izan ditu, bai itxuran eta baita edukietan ere. Gaur egun, hedabide multimedia duzue, paperean bezala digitalean, webgune propioarekin, guztiontzat eskuragarri.
Bilakaera horretan aldatu ez den gauza bakarra aldizkariaren sortze helburua izan da, duela hogeita bost urte bezala, gaur ere euskal gizartean ikastolen komunitate osoaren ispilu eta bozgorailu izatea baita IKASTOLA aldizkariaren xede nagusia.
Horretan dihardu IKASTOLA aldizkariko lan taldeak. Zorionak denoi!