IKASTOLA 220 > erreportajeak > Ikastolen etorkizuneko jaiak irudikatzen hasi dira

Kilometroak Bidea

Ikastolen etorkizuneko jaiak irudikatzen hasi dira

Kilometroen berrogeigarren ekitaldiaren harira, gogoeta prozesua abiatu dute

Web gunea, erakusketa eta world coffeea antolatu dute dagoeneko.

Kilometroak jaia da ikastolen jairik beteranoena. Aurtengoarekin berrogei ekitaldi egin dituzte jada. Eta urteurren biribil hori aprobetxatuta, ikastolen aldeko jaiak etorkizun ertainean hartu beharreko bideaz hausnarrean hasi dira. Hasi besterik ez da egin prozesua. Izan ere, hiru edo lau urteko ibilbidea aurreikusi dute etorkizuneko jai eredua egituratu eta martxan jartzerako.

Prozesua abiatzeko, Antonio Campos, Paulo Agirre eta Josu Erguin historikoak batu zituzten lehenbizi, eta haien testigantza bildu zituzten bideo batean. Hastapenetik, gogoeta prozesu hori ahalik eta parte-hartzailearena egitea dute xede, eta hurrengo urratserako, jaien ibilbide historikoaz gogoeta egiteko, Gipuzkoako 24 ikastolatako ordezkariak eta Kilometroetako koordinazio lanetan aritutako jendea batu zituzten, Kilometroak jaien sortzaile Josu Erguin bera ere han zela.

Kilometroak 2016ko Demasa Kultur Hamabostaldiaren testuinguruan egin zuten hitzordua, Bergaran, iragan irailaren 17an. Goiz beteko lan saioa egin zuten, ‘work coffee’ formatuan antolatuta, eta hainbat puntu izan zituzten jorratzeko.

Parte hartzaileek, lan talde desberdinetan banaturik, goiz osoa eman zuten ideia, iritzi eta proposamenak partekatzen. Hausnarketa saioa, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak abian jarri berri duen Kilometroak bidea prozesuan baitan kokatzen da.

Galdera hauei erantzun zieten parte-hartzaileek:

-Nola, zergatik eta zein helburuarekin uste duzu sortu zela Kilometroak?

-Egin dezagun azterketa konparatiboa: 1977. urtea, Beasain; 2015. urtea, Usurbil. Norberaren informazioa eta ustea jarraituz, atera ditzagun pareko eta ez parekoak diren errealitateak.

-Guztion artean egin dezagun Kilometroak jaiari buruzko AMIA analisia.

-Nola irudikatzen dugu etorkizuneko Kilometroak?

-40 edizioa betetzear da. Urriaren 2an, Bergaran izango da hori. Modu arin eta eskematikoan egin dezagun memoria: 39 urte hauetan zein egoera politiko, sozial, linguistiko eta instituzionala bizi izan du Kilometroak jaiak?

Webgune bat eta erakusketa bat

Gogoeta prozesuarekin batera, Bergarakoa Kilometroak jaiaren berrogeigarren ekitaldia zela-eta, erakusketa bat prestatu dute urterik urte edizio berriekin handitzen joango dena. Erakusketa horretan, Kilometro jai guztiak biltzen dira hainbat paneletan.

Artxibo historikoa berreskuratzeko ahalegin bat da erakusketa, baina amaitu gabeko prozesu bat da, aurrerantzean ere jarraitu nahi dutelako kapital historikoa berreskuratzen.

Erakusketa birtual bat ere ireki berri dute, Kilometroak bidea webgunean (http://www.kilometroakbidea.eus). Erakusketa hori ere berritzen joango da eta edukiak gehitzen joango zaizkio. Era berean, webgune horretan azalduko dituzte ikastolen jaien inguruan egindako gogoeta prozesuaren emaitzak.

 

ENTRESAKA: Hasi besterik ez da egin prozesua. Izan ere, hiru edo lau urteko ibilbidea aurreikusi dute etorkizuneko jai eredua egituratu eta martxan jartzerako

ikastola 220
2016 Urria
220