Bernat Etxepare Lizeoa
Sagardi bat, elkartasuna batzeko
Baionako lizeo berriaren azpiegiturak finantzatzeko sagarrandoak saltzen ari dira
Ametsa zena errealitate bihurtzen hasi da Baionan. Bernat Etxepare Lizeoaren eraikin berria altxatzen hasi ziren iragan uztailean.
Bernat Etxepare lizeo berria azken urteetan Seaskak izan duen garapenaren isla da, sail teknologiko eta profesionaletara zabaltzeaz gain, laugarren kolegio bat ere irekiko baitute, Baionan, lizeoak orain arte zituen eraikinetan. Amaitzen dutenean, 400 ikaslerentzako lekua izango du Lizeoak.
‘Hazten gaitu, hazten dugu’ kanpainaren bitartez lortu nahi den dirua biltzeko, sagarrondoak salduko dituzte, milaka sagarrondo. Izan ere, 300.000 euro behar dituzte lizeo berria ekipamenduz hornitzeko. Sistema erraza da: batek ematen du laguntza (30, 50, 100 euro edo gehiago), eta horren truke Seaskak ematen dio sagarrondo bat. Txekez edo transferentziaz bideratu daiteke laguntza, baina beste bide batzuk ere badaude kanpainaren webgunean (www.betxepare.eus). Erosleak eskuratutako sagarrondoa norberak har dezake, eta hura landatu ondoen datorkion tokian, edo Seaskaren esku utzi, landatua izan dadin Euskararen Sagartzean.
Baiona inguruan lur bat lortu nahian ari dira Euskararen Sagartzea osatzeko. Bertan, profesional baten esku utziko lituzkete zuhaitzak, hark ekoizpen bat ateratzeko gisan. Herriko etxeekin ere harremanetan dira eta horietako batzuk jadanik engaiatu dira sagarrondo batzuk erosi eta beren herrian euskararen sagardia osatzera.
Ekitaldi ugari
· Kanpaina girotzeko, ekitaldi eta hitzordu ugari antolatu dituzte. Hona hemen horietako batzuk:
· Urriaren 27an , Donazaharren, hitzaldia
· Abenduaren 17an, Baionan, Gaskoinen plazan : sagarrondoak banatzeko azoka
· Abenduaren 29an, Baionan : Bertso poteoa Baionako ostatuetan ikasle ohiek alaiturik. Ondotik, Bertso afaria Sustrai Colina eta Aimar Karrikarekin
· Urtarrilean, Baionan : Txotx eguna, sagardo sasoia abiatzeko
· Otsailean : sagarrondoen landaketa
· Martxoan : ikasle ohien gaualdia
· Ekainean, Baionan : Sagardo Eguna