IKASTOLA 220 > iritziak > Datorrenak Hezkuntza Legearen legegintzaldia izan behar duela aldarrikatu dute ikastolek

Ikastolen 2016-17 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia

Datorrenak Hezkuntza Legearen legegintzaldia izan behar duela aldarrikatu dute ikastolek

Heziberri 2020 egitasmoaren azken faseari ekiteko, ahalik eta azkarren kronograma bat ezartzeko eskatu dute

Hurrengoak Hezkuntza Legearen legegintzaldia izan behar duela aldarrikatu zuen, lortuko ez balitz guzti-guztion “porrot itzela” izango litzatekeela ohartaraziz.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen bezperan egin zen Ikastolen 2016-17 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia, eta amaitzear den legegintzaldian Hezkuntza Legeari begira urrats erabakigarririk ez dela egin nabarmendu zuen Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk. Horregatik, hurrengoak Hezkuntza Legearen legegintzaldia izan behar duela aldarrikatu zuen, lortuko ez balitz guzti-guztion “porrot itzela” izango litzatekeela ohartaraziz.

Hitzaldia alboratu, eta elkarrizketaren formatuan mintzatu zen Koldo Tellitu, eta bi aurkezleek paratu zizkioten galderei erantzun zien. Tellituren mezu nagusia Hezkuntza Legea lortzeari begira izan zen, baina beste hainbat gai ere jorratu zituzten elkarrizketan.

“Kontuan hartzen badugu hauteskundeetara aurkeztu diren alderdi nagusiek, denek, azaldu dutela Hezkuntza Legea egiteko asmoa, uste eta desio dut bozen emaitzak gorabehera, Hezkuntza Legearen legegintzaldia izango dela ondorengoa”, esan zuen EHIko lehendakariak. Eta gaineratu zuen legegintzaldi horretan Hezkuntza Legerik onartzen ez bada  “porrot itzela” izango litzatekeela “guzti guztiontzat”.

“Legea lortzeko guk baino presa gutxiago daukaten eragileak badira”, onartu zuen Tellituk; “baina ezin dugu legegintzaldi hau galtzen utzi. Kronograma bat ezarri beharko litzateke legegintzaldi berria abiatu bezain laster”, azpimarratu zuen.

Lege hori egiteko orduan, hezkuntza eragileen parte hartzea eskatu zuen: “Ezinbestekoa izango da eragileon parte hartzea, eta adostasunak bilatzea ere bai. Eztabaidatzeko prest gaude, baldintzarik gabeko eztabaida bat nahi dugu, betorik gabekoa, zabala eta sakona”.

Amaitu den legegintzaldiari errepasoa

Ibilbidea amaitzear duen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren lana ere baloratu zuen Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Heziberri 2020tik lorpen gisa nabarmendu zuen eragile ia guztiekin adostutako Hezkuntza Markoa. Curriculum dekretuak, aldiz, deitoratu egin zituen, LOMCEri aurre egiteko aukera galdu delakoan. Azkenik, Heziberriren hirugarren fasea, Hezkuntza Legea abiatu behar zuena, ez garatu izana alde negatiboan jarri du.

Kontzertazioetan eta planifikazioetan Eusko Jaurlaritzarekin erdietsitako ulermena ere nabarmendu zuen Tellituk.

Eta errepasoa amaitzeko, teknologia berriak gelaratzeko Eusko Jaurlaritzaren azken deialdia ere aipatu zuen EHIko lehendakariak. Deialdiak, aurrekoak bezala, lehentasuna dispositiboetan jartzen duela deitoratu zuen, ikasketa prozesuetan jarri beharrean, eta euskarazko kalitatezko eduki digitalak bultzatu gabe.

Nafarroa eta Iparraldea

Nafarroari dagokionez, pozik agertu zen Tellitu, gobernu berriarekin izan diren aurrerapauso batzuengatik, besteak beste, aurreko gobernuak ikastolen ikas-materialei ezarritako debekua altxatu izana eta “eremu ez euskaldun” izendatutako horretan ikastoletako jangela eta garraioaren finantzaketan urratsak egin izana. D eredua eremu horretako ikastetxe publikoetara hedatzeko orduan, bestalde, eman beharreko pausoak hezkuntza komunitatearekin adostuak izateko eta era orekatuan emateko eskatu zuen Tellituk. “Lurralde horretan ikastolek ziurtatu dute D eredua ikastolak dauden herrietan eta ingurukoetan. Zoritxarrez, ez gara herri guztietara iritsi, eta hor lan handia dago egiteko; hortik hasi beharko litzateke. Alegia, batzeko eta gehitzeko bidea hartu beharko litzateke, ez zatitzeko”.

Iparraldeari dagokionez, Seaskak izan duen hazkundea nabarmendu zuen Ikastolen Elkarteko lehendakariak. 2009an, Euskal Herriko Ikastolen Elkartea Europar Kooperatiba sortu zenean, Seaskako ikastoletan 2.200 haur zeudela gogorarazi zuen, eta orain, berriz, 3.500 direla. Horrek azpiegituretan inbertsio handiak egitera behartu du Seaska, eta horri aurre egiteko euskal gizartearen elkartasuna eta erakundeen inplikazioa behar direla azpimarratu zuen Tellituk.

ikastola 220
2016 Urria
220