IKASTOLA 220 > erreportajeak > Berrikuntza pedagogiko askorekin hasi dute ikasturtea ikastolek

Ikastolen 2016-17 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia

Berrikuntza pedagogiko askorekin hasi dute ikasturtea ikastolek

Berrikuntzak gelaratzeari eta Hezkuntza Legeari begira ospatu dute Ikasturte Hasierako Ekitaldia

Ikastolek aurtengo ikasturtean aurrera daramaten berrikuntza pedagogikoak ardatz hartuta ospatu zuten ikastolek 2016-17 Ikasturtearen Hasiera Ekitaldia, iragan irailaren 24an. 

Berritzen, hobetzeko. Lelo hori hartuta, ikastolak etengabe berritzen ari dira euren  eskaintza pedagogikoa. Ikastolek betidanik egin dute eredu pedagogiko berri eta berritzailearen aldeko hautua; baita orain ere. Ikusi besterik ez dago zer egiten ari diren, urratsez urrats, etapaz etapa.

Euskal curriculumean eta konpetentzietan oinarrituta, eredu pedagogiko berria jarri zuten martxan ikastolek duela hiru ikasturte, DBHn. Aurtengo ikasturtean laugarren mailarekin itxiko dute inplementazioaren azken fasea.

DBHn ezarritako ereduari jarraituz, Lehen Hezkuntzan, iragan ikasturtean esperimentazio fasea zabaldu zuten ikastolek. Hamar ikastola izan ziren iaz; beste hogeita hemezortzi batu zaizkie aurtengo ikasturtean.

Lehen eta Bigarren Hezkuntzan garatzen ari den curriculum proiektuarekin koherentzian eta etapa honek dituen berezitasunak kontuan hartuz, Haur Hezkuntzarako markoa ere aurkeztu zen iazko ikasturtearen amaieran.

Horri guztiari erantsi behar zaio, urtarriletik aurrera, eskola jazarpenari aurre egiteko KIVA programa ezarriko dutela 52 ikastolatan.

Berrikuntza pedagogikoak gelaratzeko, ordea, lan handia egin dute eta egiten ari dira ikastoletan: irakasle eta hezitzaileak prestatzen; espazioak berritzen eta berrantolatzen; teknologia berrien erabilerarako azpiegiturak prestatzen eta dispositiboak eskuratzen; urrats bat harago joateko bideak irekitzen …

Hori guzti hori kontuan hartuta ospatu zuten ikastolek 2016-17 ikasturtearen Hasiera Ekitaldia. Hernaniko Orona Fundazioan egin zen ekitaldia; hura ere berrikuntzarekin erabat lotua dagoen espazioa izanik, eskenatoki aproposa zen aurtengo leloari (‘Berritzen, hobetzeko’) erabat lotuta.

Ikastolen komunitatea bertan zen, 50 ikastolatako ordezkariekin, eta Ikastolen Elkarteko Artezkaritza eta Zuzendaritzako kideekin. Hernaniko alkate Luis Intxauspe, Gipuzkoakok Foru Aldundiko Gobernantza eta Komunikazio diputatu Imanol Lasa eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriarte ere han izan ziren, eta hitza ere hartu zuten ekitaldian. Horiezaz gainera, EAJ eta EH Bilduko ordezkariak bertaratu ziren, baita LAB eta ELA sindikatuetakoak ere. Erkide kooperatibako ordezkariak, Mondragon Unibertsitatekoak eta Krisatu Eskoletakoak ere joan ziren ekitaldira. Eta gizarte eta kultur ordezkariak ere han ziren: EKAI CENTER, Bertsozale Elkartea, Elkar, Ikaselkar, Euskaltzaindia, Unesco, Urrats Euskaltegia, Btek, Elhuyar, Berria…

Hezkuntza eredu propioa, berrikuntza eta Hezkuntza Legea

Administrazioaren titularitatepeko hezkuntzaren eta hezkuntza kontzertatuaren arteko elkarlanaren alde egin zuen Hernaniko alkate eta Udalbiltzako lehendakari den Luis Intxauspek. “Elkarlana hezkuntza sistemaren alde, euskal kultura, hizkuntza eta nortasuna kontuan hartuko duen hezkuntza sistema propioaren alde. Ez digutelako balio beste hezkuntza eredu batzuk, kanpotik inposatutakoak. Guri gure sistema propio eta burujabeak balio digu. Horregatik, euskal hezkuntza sistema  batengatik erreferente izan nahi baldin badugu, garrantzitsua da denok elkarrekin eskuz esku euskal hezkuntza sistema propio eta burujabe baten alde lan egitea”, adierazi zuen.

“Ikastolak erreferente dira berrikuntzan, apustu argia egin dute, gero eta pertsona formatuagoak eta hobeak hezteko. Gure babes osoa duzue”, esan zuen Gipuzkoako Komunikazio eta Gobernantza diputatu Imanol Lasak. “Kalitatezko hezkuntzaren eredu dira ikastolak, kalitatezko administrazioaren eredu izan nahi du Gipuzkoako Aldundiak. Onenengandik ikasi nahi dugu”, gaineratu zuen Lasak.

Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek LOMCE legeari aurre egiteko Eusko Jaurlaritza egiten ari den lana azaldu zuen, batetik, eta, bestetik, berriz, Heziberri 2020 egitasmoa muturreraino eramateko deia egin zuen. Alegia, Hezkuntza Legea onartzeko. “Heziberri bere osotasunean” aurrera eraman beharra azpimarratu zuen.

Hezkuntza Legea izan zuen hizpide, baita ere, Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk, eta datorrenak Hezkuntza Legearen legegintzaldia izan behar duela azpimarratu zuen (berri gehiago hurrengo orrialdeetan).

Crescendo abesbatza eta Zurriolako aurkezleak

Crescendo Abesbatza izan zen ekitaldiari musika eta kolorea jartzeko egitekoa hartu zutenak, eta aurreko ekitaldiren batean egin bezala, ikuskizun bikain eta harrigarria eskaini zuten, euren ahotsekin eta euren koreografiekin. Armentia ikastolaren inguruan sortutako abesbatza, ikasle gazteez osatutakoa da, baina profesional handien pare aritu ziren ekitaldian.

Aurkezleak ere ez ziren berriak. Duela hiru ikasturte ere aritu ziren Ikastolen Ikasturte Hasiera Ekitaldia aurkezten. Zuzrriola ikastolako Zuriñe Zabalo eta Unai Ribera izan ziren, eta goi mailako aurkezpena egin zuten, baita Ikastolen Elkarteko lehendakaria elkarrizketatu zutenean ere. Agurreko momentuan, Zuriñek eta Unaik gogoan izan zuten aurreko egunean hildako Olatz Elizegi musika irakaslea. “Eskerrik asko Olatz zure irribarrearengatik, eskerrik asko zure alaitasunarengatik”, agurtu zuten euren irakaslea.

ikastola 220
2016 Urria
220