IKASTOLA 219 > iritziak > Hezkuntza Legea

Hezkuntza Legearen premiazkotasuna azpimarratu dute Ikastolek Legebiltzarrean

Hezkuntza Legea

Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako lege bat Hezkuntza Zerbitzu Publikotik abiatzeko

 
Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordearen aurrean hitza hartu zuten iragan maiatzaren 4ean Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk, zuzendari nagusi Imanol Igeregik eta
Egonkortasun zuzendari Jose Luis Sukiak. Hezkuntza Legea zen gaia, eta horri begira ikastolek duten ikuspuntua azaltzera joan ziren EHIko hiru ordezkariak.
 
Koldo Tellituk gogorarazi zuen azkeneko legealdia abiatu zenean hiru alderdi nagusien hauteskunde egitasmoetan Hezkuntza Lege baten beharra ageri zela eta zenbait hezkuntza
eragilek ere aukera hori hobetsi zutela. Ondoren Hezkuntza Sailaren Heziberri 2020 Planaren 3.egitasmo gisa “Hezkuntza Legerantz urratsak egiteko” konpromisoa agertu zela ere azaldu
zuen Tellituk.
 
Legealdia bukatzear dagoela, baina, EHIko lehendakariak deitoratu zuen atal horretan ez dutela aipatu urrats esanguratsurik ikusi. Horregatik, berriz ere Hezkuntzan aukera galdu baten aurrean egon gaitezkeenaren kezka agertu zuen. Beraz, gizarte gisa, abagune honetan ezin dela huts egin, azpimarratu zuen.
 
Halaber, azken bolada honetan eragile batzuk, Hezkuntza Lege baten egikerak barnebiltzen duen eragozpenaz jabeturik, akordio partzialak hobesten hasi badira ere, ikastolen aldetik,
berriz ere, akordio orokorrari, Hezkuntza Lege osoari ematen diotela erabateko lehentasuna gaineratu zuen Tellituk.
 
Ikastolen Elkarteko zuzendari Imanol Igeregik, berriz, Hezkuntza legeak izan beharko lituzkeen ezaugarriak aipatu zituen. Hezkuntza Zerbitzu Publikotik abiatzea proposatu zuen, euskal
gizartearen eta hiritarren prestakuntza eta kohesioa sustatzeko eta desberdintasun sozialak gainditzeko lanabesa delako Hezkuntza. “Euskal hezkuntza zerbitzu publikoa publiko-herritar
ikuspegian kokatzen dugu, hots, komunitateari lotua, hezkuntzan ere demokrazia parte-hartzailea gauzatu nahi baitugu”. Ikastolen ustez, finantzaketa publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek, titularitatea gorabehera, izan behar dute Hezkuntza Zerbitzu Publikoko partaideak, eta guztiek betebehar eta eskubide berdinak izan beharko lituzkete. Ikasle guztien hezkuntza eskubidea bermatzeko finantzaketa ekitatiboago bat eskatu zuten ikastolek, eta, ikastetxeak era demokratiko batean kudeatu beharra azpimarratu zuten, eta ikastetxeen autonomia aldarrikatu.
 
Hezkuntza edukiei buruz, euskaran ardazturiko hezkuntza eleanitza, konpetentzia digitalaren garapena, hezkuntza sistemaren eta ikastetxeen ebaluazio sistema propioa eta irakasleen
prestakuntzan sakondu zuen Igeregik, abiapuntua konpetentzietan oinarritutako euskal urriculumaren garapena izanik.
 
Hezkuntza Legerantz abiatzeko, bi puntu nabarmendu zituen Koldo Tellituk: eztabaidagune nagusiak, gai gakoak, definitu behar direla eta solaskideak ere zehaztu beharko direla, alegia
hezkuntza eragileak ere aintzat hartu behar direla.
Legegintzaldi honetan Hezkuntza Legerik ez dela egingo argi egon arren, hurrengo legegintzaldia gai honetan zerotik abiatu ez dadin, Hezkuntza Sailari azken hilabeteetan egin
duen lana bilduz eta gizarteratuz Legearen aurreko lehen txostena, Oinarrizko Txostena, lantzeko eskatuz amaitu zuen EHIko lehendakariak.
ikastola 219
2016 Ekaina
219