IKASTOLA 219 > erreportajeak > Etapaz etapa berrikuntza fasean dira ikastolak

Berrikuntza Pedagogikoak

Etapaz etapa berrikuntza fasean dira ikastolak

Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza

Horrek dakar bertan goxo geratu beharrean, aldioro hobekuntzak egiten aritzea, ikastolen eredu pedagogikoa berrituz eta eraberrituz. Horretan aitzindari dira eta horretan dabiltza ikastolak, etapaz etapa.
 
Etapa batzuetan hastapeneko fasean dira, beste batzuetan garatuago daukate eta beste batzuetan, berriz, esperimentatzen ari dira edo dagoeneko martxan dauzkate
berrikuntza pedagogikoak. Betiere ikaslea ardatz hartuta eta hezkuntza komunitatea barnebilduz, ari dira garatzen eta berritzen proiektu guztiak. DBHko EKI proiektua izan da ikastoletako geletan azken hiru urteotan sartu den berrikuntza pedagogiko nagusia. DBH 1etik hasita, urtero maila batean ezarri da EKI, eta heldu den urtean
4. mailan ezarrita itxiko da DBHko zikloa, Euskal curriculuma, konpetentziak eta integrazioaren pedagogia uztartzen dituen proiektua Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osoan ezarriko da orduan. Garatuen dagoena izan arren, ordea, ez da EKI-DBH ikasgeletarako prestatutako ikastolen proiektu pedagogiko bakarra.
 
Beste etapetan ere garatzen ari dira egitasmoak; haiek ere euskal curriculuma, konpetentziak eta integrazioa dituzte ardatz, baina, noski, etapa bakoitzari dagozkion ezaugarri berezietara egokituta. Lehen Hezkuntzan 6. mailarako diseinatutako unitate bat esperimentatu dute aurtengo ikasturtean hamar ikastolatan. Unitate hori datorren ikasturtean 32 ikastola gehiagotan landuko dute, eta hasierako hamar ikastola horiek, berriz, ikasturte guztia osatuko dute LMHrako Proiektu berria osatuko duten ikasmaterialak gelan landuz.
 
Haur Hezkuntzarako marko berri bat aurkeztu berri du Ikastolen Elkarteak. Hezkuntza marko hori aurtengo ikasturte amaieran osatuko da, ikastoletatik heldutako ekarpen eta proposamenekin, hortik aurrera, ikastola bakoitza dagoen puntutik abiatuta, bere proiektu propioa garatzeko. Hiru etapa horietako berrikuntza gelara eramateko beharrezkoak diren prestakuntza saioak, ondorioz, biderkatu egin dira, eta une honetan inoiz baino irakasle gehiago ari dira parte hartzen Ikastolen Elkartearen bitartez antolatutako prestakuntza saioetan. Eta Batxilergoan eta Lanbide Heziketan ere ez daude geldi. Berrikuntzak pentsatzen ari dira.
Hurrengo orrialdeetan etapaz etapa egiten ari diren berrikuntzen errepasoa egiten dugu.
 
HAUR HEZKUNTZA 0-6 etaparako marko berria osatzen
 
Ikastoletan Haur Hezkuntzarako proiektu berri bat garatzeko behar eta gogoa handia Izan da azken urteotan, eta behar eta gogo horri erantzunez lantzen eta garatzen ari da
Ikastolen Elkartea 0-6 etaparako hezkuntza marko berri bat. Behin betiko proposamena uztailerako prest egotea aurreikusten da.
 
Ikastolen erronka, etapaz etapa euskal curriculuma garatzea da. Horrek eskatu die egitea planteamendu oso bat, dagoeneko Lehen eta Bigarren Hezkuntzan garatzen ari den
curriculum proiektuarekin koherentziaz, eta Haur Hezkuntzak dituen berezitasunak kontuan hartuz. Orain marko pedagogiko berri bat egiteko azken urratsetan dabil Ikastolen Elkartea.
Ikastola guztientzat Haur Hezkuntzarako curriculum proiektuaren oinarria izango da dokumentua, konpetentzietan oinarritutako ereduarekin eta ikastolen irizpideekin bat eginez,
eta etapari dagozkion ezaugarrietara eramanez. Hego Euskal Herriko ikastola guztietako 150 ordezkari inguru bildu ziren iragan martxoaren 9an, Donostian, Haur Hezkuntzarako Ikastolen Hezkuntza proiektuaren inguruan Ikastolen Elkarteak antolatu zuen prestakuntza saioan. 0-6etaparako lantzen ari den markoa aurkeztu zuen EHIk saio horretan. Maiatzerako dokumentu osatu bat aurkezteko asmoa azaldu zuen orduan, eta halaxe egin zuen Gasteizeko Europa Jauregian antolatutako saioan.
 
Dokumentu horri egindako ekarpen gehiagorekin, ekainerako markoa berridatzita edukiko du EHIk; beste hilabete bateko epea irekiko da orduan ekarpenak eta proposamenak egiteko.
Aurreikuspenen arabera, uztailean behin betiko markoa prest egongo da.
 
Haur Hezkuntzako korronte pedagogiko berrien eta Ikastolen konpetentzien araberako hezkuntza ereduaren arteko uztarketaren emaitza izango da proposamena. Haurra ikusteko
eta ezagutzeko modua, Euskal curriculuma, oinarrizko konpetentzia orokorrak (Ikasten eta pentsatzen ikasi; Komunikatzen ikasi; Elkarbizitzen ikasi; Norbera izaten ikasi; Egiten eta ekiten
ikasi) eta haurraren garapen osasuntsurako testuinguruaren ezaugarriak integratzen ditu dokumentuak. Erreferentziazko dokumentua izango da, gero, ikastola bakoitzak bere
hezkuntza proiektu propioa abian jartzeko. Horretarako, EHIk behar den prestakuntza eta aholkularitza eskainiko dizkie ikastolei. Bestalde, dokumentu hori izango da datorren
ikasturtean hasi beharreko interbentziorako oinarria: bai prestakuntzarako, bai aholkularitzarako.
 
Baina erredakzio definitiboari onespena ematera itxaron gabe, prestakuntza saioak abiatzea erabaki du Ikastolen Elkarteak. Haurra ikusteko eta ezagutzeko moduari buruzko saio bat
prestatu du ekainaren 16rako. Durangon izango da, eta Ikastolen Elkarteko arduradunekin batera, Rafael Cristobalek ere hartuko du parte saio horretan.
Egitasmoa denbora gutxi barru prest egongo den arren, ibilbide luzeko proiektua izan da. Urte batzuk badira Ikastolen Elkarteak, ikastola batzuekin elkarlanean, asmo honi heldu ziola.
Psikologiak, pedagogiak eta neuro-zientziak azken urteotan hezkuntzari egindako ekarpenak eta ikastola batzuek Haur Hezkuntzako proiektua hobetzeko egindako ibilbidea kontuan
hartuz, ekin zion bideari EHIk. Jardunaldi pedagogiko batzuekin eman zitzaion hasiera ekimenari, eta iazko ikasturtean, Mondragon Unibertsitatearen Huhezi fakultateko aditu talde
batekin elkarlanean hasi ziren lantzen marko berria. Hutsetik abiatu beharrean, dagoeneko Haur Hezkuntzan berrikuntzak egiten ari diren hainbat ikastolen esperientzietan oinarritu ziren
(Aranzadi, Arizmendi, RM Azkue, Ikasberri, Kurutziaga eta Txintxirri). 

Lanketa horretatik oinarrizko marko bat osatu zuten EHIko eta Huheziko adituen artean, Haur Hezkuntzako etapak duen garrantzia aldarrikatuz, haurraren garapena eta eskaini behar zaion testuingurua oinarri hartuta. Teoria eta praktika uztartzen dira marko horretan. Markoa lantzearekin batera, Haur Hezkuntzako dinamizatzaileen mintegia ere martxan jarri zuen Ikastolen Elkarteak, ikastolek 0-6 etapak eskatzen dituen berrikuntzan gelaratzen hasteko.

LEHEN HEZKUNTZA. EKI-LMHren ezarpen arrakastatsua
 
EKI proiektuaren Lehen Hezkuntzarako egitasmoa, EKI-LMH, aurreneko urratsak egiten hasi da. Aurtengo ikasturtean Lehen Hezkuntzako seigarren mailako 1. unitatearen ezarpena burutu da hamar ikastolatan. Balorazio oso onak egin dituzte ikastola horietan. Datorren ikasturtean beste 40 ikastolatara hedatuko da ezarpena.
 
Euskal Curriculumean, oinarrizko konpetentzietan eta integrazioaren pedagogian oinarritutako eredua, DBHn duela hiru ikasturte EKI proiektuaren bitartez ezartzen hasi zena, beste etapetara eramateko prozesuak Lehen Hezkuntzan izan du hastapena. Zehazki seigarren mailan. Berrikuntza-gunea ikasgela denez, aurreko ikasturtean Ikastolen Elkartean sortutako unitate didaktiko eredua gelara eraman dute hamar ikastolek, urtarriletik Aste Santura bitartean, eredu horren lorpenak eta ahulguneak baloratu eta beharrezkoak diren aldaketak egiteko.
 
EKIren proposamena Lehen Hezkuntzara eramateko orduan, etaparen berezko ezaugarriak kontuan hartu dira, eta horrek DBHko diseinuarekiko aldaketak egitea eskatu du. Ikas arloak badaude ere, izaera globala eta integratzailea du LMH. Eta horrek, unitate didaktikoen diseinua egitean, diziplinarteko ikuspegiaren aldeko apustua egitera eraman gaitu. Diziplinarteko ikuspegitik garrantzia soziokulturala duen gai bat du abiapuntu unitate didaktikoak, eta fase horrek ikasleengan sortutako jakin-mina oinarri, abiapuntuko errealitatearen aurpegi desberdinak deskubritzeko eta, oinarrizko konpetentzien garapena bideratzen duten egoeretan oinarrituta, horretarako behar dituzten ikaskuntzak eskuratzeko aukera emango die arloetako
unitateek. Amaieran, ikas arloetan bereganatutako ikaskuntzak aplikatuz, diziplinarteko egoera bati aurre egin behar die ikasleek.
 
Ezarpenaren balorazioa oso ona izan da, irakasleek eman duten iritziaren arabera. Hurrenez hurren Diziplinarteko ikuspegia eta arlo bakoitzari eman zaion trataera izan
dira gehien baloratutako alderdiak. Balorazio ona izan da, baina ez soilik curriculumaren ikuspuntutik, baita berrikuntzak gelan sortu duen giroaren aldetik ere. Irakasleek aipatu dute gelan oso eragin ona izan duela, bai irakasleengan eta baita Ikasleengan ere, eta hori nabaritu egin dela giroan, elkarrekiko harremanetan, ikasleen motibazioan eta, ondorioz, ikaskuntzarekiko haien inplikazioan.
 
EKI-DBHrekin gertatu bezala, berrikuntza pedagogikoa dakar konpetentzien araberako hezkuntzak LMHra, eta DBHko hastapenetan bezala, ebaluazioak ebaluazio -hezigarriak- eman dizkie buru hauste handienak irakasleei.
 
Zailtasunak, ordea, ez dira gainditu ezineko langa bat. Gelan aldaketa esanguratsu eta kualitatiboak egiteko irakaslearen prestakuntza gakoa da. Eta horretan dihardu Ikastolen Elkarteak. Prestakuntzan saioak biderkatu egin dira. Izan ere, heldu den ikasturtean, aurten esperimentazioan aritu diren hamar ikastola horiei beste 40 batuko zaizkie datorrenean. Ikastola horiek, aurten lehenbiziko hamarrek landu duten unitatea gelaratuko dute. Hastapeneko hamarrek, berriz, ikasturte osoa egingo dute eredu pedagogiko berriarekin. Ezarpenaren fase horretan, orotara, berrehun irakasle Inguruk eta 2.500 ikaslek hartuko dute parte.
 
Egin den plangintzaren arabera, ekain honetan lehenbiziko prestakuntza saioak egingo dira; irakasle bakoitzak formazio orokorra eta arloko bi edo hiru formazioa jasotzea
ahalbideratuko da. Irailean eta azaroan beste formazio saio bana egingo dira, eta bukaeran balorazio saioa. Datorren ikasturtean itxi nahi da ezarpen esperimentalaren fasea, eta 2017-18 ikasturterako EKI-LMHren 6. mailarako ikas-materialak ikastola guztietara zabaltzea aurreikusi da. 6. mailarako egin den diseinuak 5. eta 4. mailarako baliagarri izatea aurre ikusten dugu. LMHko lehenbiziko bi mailetarako, aldiz, Haur Hezkuntzatik datorren proposamen berriaren ildotik abiatuko litzateke EKI-LMH proiektua.
 
EKI-DBHn bezala, EKI-LMHn ere konpetentzia digitala arlo guztietan landuko da eta, horretarako, Ikasgunea izango da IKT jarduerak burutzeko lekua eta euskarri digital guztien bilgunea.
 
BIGARREN HEZKUNTZA. EKIren sorkuntzaz haragoko erronkak
 
Azkeneko urteetako erronka nagusiak, DBHri dagokionez, ikas materialen sorkuntza eta, horrekin batera, baliabide horien erabilera eraginkorra egiteko irakasleen prestakuntza
izan dira. 2016an amaituko da DBHko ikas materialen sorkuntzaren erronka handi hori, irailetik aurrera DBHko 4. mailarako materialak ikasgeletara iritsiko baita. Eta lana ez da hor
amaitzen, DBHz gain, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa ere erronka baitira ikastolentzako.
 
DBHko azken ikasmailarako unitate didaktikoak egoki gelaratzeko irakasleei eskaini beharreko prestakuntzaz gain, EKIk berak jarraipen bat eskatzen du, etengabeko hobekuntza
helburu duen jarraipena. Izan ere, EKI ez da ikas material soila, Hezkuntza eredu berri bat bideratu du ikastoletan –konpetentzien araberakoa– , eta eredu hori gero eta kalitate
handiagoz gelaratzeak eskatzen du irakasleei beraien esperientziak partekatzeko eta elkarlanean aritzeko aukerak eskaintzea, hau da, irakasleen arteko komunikazioa errazteko
sareak sortzea. Harreman sare hori Elkargunearen bitartez antolatu da. Elkarguneak berrikuntza eta suspertze aktiboko gune izan nahi du, eta horretara aktore guztiak, irakasle guztiak, erakarri nahi dira, bakoitzak egiten duena partekatzeko eta elkarlana aberastasun bilakatzeko.
 
Unitate didaktikoetan eskaintzen diren egoerez gain, beste egoera batzuk, hau da, egoeren bankua sortze joatea da beste erronka bat. Horrek aukera aniztasuna emango die irakasleei
konpetentziekin lotutako egoerak lantzeko eta baita ebaluatzeko ere. Era berean, orain arte EKI proiektutik kanpo geratu diren ikas arloak konpetentzien araberako eredura ekartzea da hurrengo beste eginkizunetako bat.
 
Aniztasunaren trataera ere gure kezka da eta alderdi horri ere heldu nahi zaio. Ikasle guztiek dute beren gaitasunak garatzeko eskubidea eta horixe da hezkuntzaren ardura. Ondorioz,
inklusioaren ikuspegitik, orain arte sortutako ikasmaterialek zer moldaketa edo osaketa behar duten aztertu behar da, orientatzaileekin elkarlanean, bide bat ireki nahi da behar horri
arrakastaz erantzun ahal izateko.
 
Ikas-materialaren sorkuntzako fase nagusia amaitzen denean, ikastolentzako aholkularitza zerbitzu berri bat irekitzeko ideia ere hausnartzen ari da EHI. Hurrengo urteetan nahi duten
ikastolekin hobekuntzarako planteamendu bat egin nahi da, aholkularitza, prestakuntza, egiten den lanaren behaketa, lanen jarraipena, emaitza akademikoen azterketa… ikastola bakoitzak
bere lehentasunezko premiei erantzun egokia eman diezaien.
 
Batxilergoari begira aurtengo ikasturtean ireki den foroak ere eman du etapa horretarako gogoetagaia. Selektibitatea izan da Batxilergoaren erronka, bereziki azkeneko ikasturtean.
Orain, LOMCE legearekin, errebalidak ordezkatuko omen du selektibitatea, badira esaten dutenak batxilergoko titulua eskuratzeko ere hura gainditu behar izango dela. Ikusgai dago
gertatuko dena. Ziurgabetasun une honetan, irakasle asko dira eskatzen dutenak, bereziki DBHn klaseak eman dituztenak, konpetentzien araberako hezkuntza ereduaren urratsak
batxilergoan ere egitea.
 
Eskakizun horri erantzuna emateko aukeren artean beti egongo den arren, oraingoz ez da aurreikusi etapa honetarako ikas materialak ekoiztea, baina bai aurreikusi da konpetentzien
araberako eredua lantzen ari diren irakasleen arteko sareak indartzea, euren lanak partekatu, osatu eta besteenekin hobetzeko.
Lanbide Heziketan konpetentzien eremua lehenagotik ari dira lantzen, baina familia profesionalei begira. Kontuan hartuta alor oso desberdinak jorratzen dituztela, nork bere
alorrari begira osatu dute konpetentzien eredua. Lanbide Heziketaren erronka nagusia gehiago dago enfokatuta egungo lerroak indartzera eta bideratzera. Eta horretan sendo ari dira.
 
 

 

ikastola 219
2016 Ekaina
219