Eskola jazarpena
52 Kiva Eskola heldu den ikasturtean
Bullyingari aurre egiteko finlandiar programa martxan jarriko dute 52 ikastolatan
Udazken honetan, hezitzaile talde bat Finlandiako Unibertsitatera joango da prestakuntza bertan jasotzera. Haiek izango dira, gero, Euskal Herrian beste irakasleak
prestatuko dituztenak.
Kiva eskola bihurtuko dira urtarriletik aurrera, hala deitzen diete Finlandian, programa hau martxan duten ikastetxeei. Dena prestatzeko lan ugari dago egiteko orain.
Ikastolen Elkarteak eta Finlandiako Unibertsitateak hitzarmena izenpetu zuten apirilaren 29an, Donostian, Ikastolen Etxean, datorren ikasturtetik aurrera eskola
jazarpenari aurre egiteko Kiva programa ikastoletan inplementatzeko. Hain zuzen ere 52 ikastolak hartu dute programa martxan jartzeko erabakia. Ikastolen Elkartetik Koldo Tellituk izenpetu zuen akordioa, eta Finlandiako Unibertsitatetik, berriz, Pasi Kaskinen lehendakariordeak. Finlandiako Unibertsitatearen Turkuko kanpusa da, hain zuzen ere, KIVA programa garatu duena, eta Finlandian nahiz hura inplementatu den Europako beste herrialde batzuetako eskoletan oso eraginkortasun handia erakutsi du eskola jazarpena murrizteko orduan.
Apirilean izenpetutako akordioaren bitartez, eskola jazarpenari aurre egin nahi diote ikastolek, horretan eragingarri dela erakutsi duen programa baten bitartez. “Bullyingaz ari garela, ezin gara kopuruez mintzatu. Kasu bakar bat ematea ere oso larria da; ondorio larriak ditu eta ezin dugu onartu” esan zuen Koldo Tellituk akordioaren izenpetze ekitaldiko prentsaurrekoan. “Gizarte bezala aurre egin behar bazaio, are gehiago eskola komunitate bezala. Ikastolok argi dugu hori, eta horretan sakondu nahi dugu KIVAren bitartez, bereziki indarra jarriz prebentzioan”.
Kaskinenek ere prebentzioan jarri zuen indarra, akordioa izenpetu ondoren egindako adierazpenetan. Haren arabera gakoa da prebentzioa, ikasleek bullynga zer den eta zer ez den jakitea, hurrena eskola jazarpen kasu baten aurrean daudenean hura detektatu ahal izateko. Eta hori Lehen Hezkuntzako hastapenetik hasi behar dela azpimarratu zuen.
Era berean, Kiva programa ezartzeko ikastolek erakutsitako seriotasuna, irmotasuna, determinazioa eta gogoa nabarmendu zituen Finlandiako Unibertsitateko lehendakariordeak.
Ikastola guztientzat ateak irekita
Hitzarmenaren bitartez, datorren ikasturtean 52 ikastolatan inplementatuko dute KIVA programa. Dena den, atea irekia dute une honetan sartu ez diren ikastola guztiek. Hain zuzen ere 2017ko urtarriletik aurrera hasiko dira lantzen ikasgeletan Finlandiako Unibertsitateak garatutako programa. Horretarako, baina, prestakuntza lan handi bat egin beharra daukate ikastolek. Iragan urtarrilaren 29an KIVAri buruzko lan saio bat egin zuten Gasteizen, Europa Jauregian egin zen jardunaldian. Apirilean ere, hitzarmena izenpetu zen egun berean, Ikastolen Etxean bildu ziren KIVA martxan jarriko duten 52 ikastola horietako ordezkariak bigarren lan saioan. Finlandiatik etorritako bi prestatzailerekin aritu ziren KIVA programan sakontzen.
Datorren udazkenean, berriz, hezitzaile talde bat Finlandiako Unibertsitatera joango da prestakuntza bertan jasotzera. Haiek izango dira, gero, Euskal Herrian beste irakasleak prestatuko dituztenak. Programa Lehen Hezkuntzari begira dago garatua, eta une honetan Finlandian bigarren hezkuntzarako ari dira garatzen KIVAren hurrengo fasea. Prestakuntzarekin batera, ikasgeletan erabiltzeko materiala, paperezko euskarrikoa zein digitala, euskaratu beharra dago. “Itxaropen handia dugu programa honek hemen ere hura inplementatu duen leku guztietan izan duen eraginkortasuna izateko”, esan zuen Tellituk.