IKASTOLA 219
>
elkarrizketak
>
Ikastola eredua, Ingelesa ikasteko eta irakasteko munduko metodo onenen artean
ELTons SARIAK
Ikastola eredua, Ingelesa ikasteko eta irakasteko munduko metodo onenen artean
EKI proiektuaren barneko SUBJECT PROJECTS 2 urteko ikasmaterial onenen finalista
ELTons sarien epaimahaiak honela laburbildu du Subject Project 2 materiala:
“Ongi osatutako edukien eta hizkuntzen ikasketa integraturako baliabidea da, mundu errealeko konpetentzietan oinarritzen dena eta gramatikatik harago doana”.
Ikastolen Elkarteak sortu eta Ikaselkar argitaletxeak ekoitzitako EKI proiektuaren ingelesezko Subject Project 2 materialak azkenean ez du lortu hautagai zen ELTons saria
eramatea, baina British Councilek antolatutako sariotan hautagai izendatu izana jada sari handia izan da, Ikastola eredua, ingelesa ikasteko eta irakasteko nazioarteko metodo onenen artean kokatu duelako.
Ikastolen Elkartean sorturiko materiala EXCELLENCE IN COURSE INNOVATION (ikasmaterialen eta irakaskuntza programen berrikuntza) atalean zegoen izendatua, eta ELTons sarien epaimahaiak honela laburbildu du Subject Project 2 materiala: “Ongi osatutako edukien eta hizkuntzen ikasketa integraturako baliabidea da, mundu errealeko konpetentzietan oinarritzen dena eta gramatikatik harago doana”.
Ikastolen Elkartea-Ikaselkar beste hiru hautagairekin batera lehiatu da ekitaldi honetan: Cambridge University Press (Erresuma Batua), National Geographic (Erresuma Batua), eta Areal Editores (Portugal). Azkenean National Geographicek eraman du saria, Keynote ikasmaterialekin. Erakunde horiek duten itzala kontuan hartua, finalista izate hutsak duen garrantzia nabarmentzekoa da.
ELTons sariak 2003an antolatu ziren lehenengo aldiz. Erresuma Batuko British Councilek antolatzen ditu, eta Cambridge University Pressek sustatzen. ELTons izenak zera esan nahi du: English Language Teaching Innovation Awards. Ingelesaren irakaskuntzan, urtero banatzen den nazioarteko saririk garrantzitsuena da. Sari banaketa ekitaldia Londresen egiten da urtero, eta ekainaren 2an egin da aurtengoa. Bertan izan ziren Ikastolen Elkartearen eta Ikaselkar argitaletxearen izenean Koldo Tellitu lehendakaria (bi erakundeetako lehendakaria da), EHIko zuzendari Imanol Igeregi, eta Subject Project-en egile eta koordinatzaileetako hiru: Diana Lindsay, Inma Muñoa eta Phill Ball.
Sari hauen garrantzia nabarmen jartzen duen datu esanguratsu bat da ekitaldian bildutako jendetza: munduko hirurogei herrialde desberdinetatik joandako mila lagunetik gora egon ziren sari banaketa ekitaldian, eta bi areto handi egokitu behar izan zituzten denak sartzeko. EKI-DBH proiektuko Subject Project 2 edukien eta hizkuntzen ikasketa integratuan oinarritutako materiala da. EKI proiektuko beste arloetan bezala, konpetentzietan eta integrazioaren pedagogian oinarritzen da. Ingelesean adin horretako ikasle batentzat (13-14 urtekoa) ezarritako konpetentzia maila eskuratzea bilatzen du, eta egoera errealak planteatzen dizkio, lortutako gaitasuna erabili dezan.
Hizkuntzen eta edukien ikasketa integratuak dioen moduan, Subject Project egitasmoan hizkuntza ez da helburua, bidea edo tresna baizik. Hizkuntzak, gramatikaz harago, egoeratan erabiliz ikasten dira; hortik abiatzen da Subject Project-en planteamendua.
Ikastolen Elkartearentzat ohore handia da berak sorturiko ikasmateriala urteko material onenen artean izendatua izatea. Munduan ingelesa ikas-irakasteko metodo onenetakoa dela ebatzi du munduan zehar ingelesa eta britainiar kultura hedatzeko egitekoa duen Erresuma Batuko erakundeak –Frantziako Alliance Française, Espainiako Instituto Cervantes edo Euskal Herriko Etxepare Euskal Institutuaren baliokidea da, eta haien aitzindaria-. Horrek berretsi egiten du Ikastolen Elkarteak EKI proiektuaren bitartez abiatutako eredu pedagogiko berriaren balioa, alegia, euskal curriculumean, konpetentzietan eta integrazioaren pedagogian oinarritutakoa eta, besteak beste, euskaran ardaztutako eleaniztasuna helburu duena.
Lan talde zabala
Ez da hau nazioarteko sari batera izendatu duten ikastolen lehenbiziko ikasmateriala. Lehendik ere izendatu eta irabazi ere egin dituzte sariak Eleanitz English-en baitan sorturiko materialek. Bestek beste, Hocus&Lotus, Story Projects (bi bider) eta The Explorers ditugu sariak irabazi edo finalista izendatu dituzten materialak. EKI Subject Projectsen talde zabal batek hartu du parte. Hauxe duzue lantaldea: Phil Ball, Diana Lindsay, Letizia Viteri eta Inma Muñoa (ikaslearen liburua eta irakaslearen gidaren egileak); Jone Dorronsoro eta Sarah Turtle (edizioa eta hizkuntzaren orrazketa); Aritz Trueba (animazioak); Loraine Lekuona (bertsio digitala eta euskarri digitalak); Ander Iturburu (IKT aplikazioen tutorialak). Eta EKIko gidaritza taldea: Abel Ariznabarreta (Pedagogia arduraduna), Manu Aurrekoetxea (Bigarren Hezkuntzako arduraduna), Mikele Aldasoro (Curriculum arduraduna) Josune Gereka (IKT konpetentziaren koordinazioa) …
ELTons sarien epaimahaiak honela laburbildu du Subject Project 2 materiala:
“Ongi osatutako edukien eta hizkuntzen ikasketa integraturako baliabidea da, mundu errealeko konpetentzietan oinarritzen dena eta gramatikatik harago doana”.