IKASTOLA 218 > elkarrizketak > Metodologia berriek aldaketa ekarri dute irakasteko moduan

Santiago Moll, irakasle eta prestatzailea

Metodologia berriek aldaketa ekarri dute irakasteko moduan

Gai direlako gelan denbora eta espazioa eraldatzeko

Irakasle, prestatzaile eta blogari ezaguna da Santiago Moll (Menorca, Herrialde Katalanak, 1973). Ikastolen aurtengo jardunaldi pedagogikoen bigarren lan jardunean hitzaldi eta tailer bana eskainiko ditu, heldu den apirilaren 20an, Gasteizko Goiuri jauregian. Hezkuntzaz, irakaslearen rolaz eta Egitearen Eskolari eta Izatearen Eskolari buruz hitz egin dugu harekin. 

Irakasle bezala, Badalonako institutu batean ematen ditu Bigarren Hezkuntzako Lengua castellana eta Literatura klaseak. Hispaniar filologian lizentziatua, pedagogia da Santiago Mollen bizitza eta irakaskuntzarekin batera, prestakuntzan ere jarduten du eredu pedagogikoen, tutoretzaren eta inteligentzia emozionalaren alorretan. Bere ‘Justifica tu respuesta’ bloga oso ezaguna da irakasleen artean.

Hezkuntza, diozu, Egitearen Eskolaren eta Izatearen Eskolaren arteko oreka da. Lehenengoa curriculumean dago oinarritua, bigarrengoak lehentasuna ematen die sormenari, berrikuntzari, talentuari eta konpetentzia emozionalei. Nola ezar daiteke oreka hori gelan?
Egitearen eskolaren eta Izatearen eskolaren arteko oreka egungo erronka handienetakoa da hezkuntza mailan; nik neuk eta beste irakasle askok egunero gelan aurre egin behar diogun erronka nagusietakoa. Gela hori, eta maiz ahazten dugu hau, edukiz eta prozeduraz gain pertsonez eta emozioez ere betea dago.
Izatearen eskolak aukera bat eskaintzen digu arreta, inoiz baino gehiago, gure ikasleengan jartzeko; euren alboan egonez, euren eguneroko jardunean, euren lorpenetan, euren porrotetan akonpainatuz, problemak euren kabuz sormena erabiliz askatzen lagunduz, eta euren abilitateak, euren talentua deskubrituz eta indartuz.
Nola lortzen den hori? Metodologia berriak erabiliz lortzen da; esaterako ikaskuntza kooperatiboa erabiliz edota problemetan oinarritutako ikaskuntza erabiliz. 

Zer oinarri eduki beharko lituzke, zeure iritziz, eskola ideal, perfektu batek?
Eskola ideal edo perfektu bat ez da sekula gauzagarri izango hezkuntza komunitate osoaren adostasunik gabe. Irakasleria, familia eta ikasleria  dira eskola eraldatzeko hiru ardatz nagusiak. Eta hiru habe hauen adostasunerako ezinbestekoa da zuzendaritza taldeen inplikazioa eta haien lidergo edo gidaritza.

Era guztietako diziplinak eta abilitateak, eta gero eta gehiago, behar dira egungo gizarteak aurrera egin dezan. Zeintzuk beharko dituzte gure seme-alabek, zure ustez, etorkizunean?
Abilitate eta konpetentzia zenbait nabarmenduko nituzke nik: norbere emozioen kontzientzia hartzea, enpatia, auto-kontrola, auto-estimua, auto-motibazioa, baikortasuna, erantzukizuna, zoritxarrei aurre egiten jakin eta haietatik indartuta ateratzeko gaitasuna, adierazpen-gaitasuna, gatazken konponketarako abilitatea, helburu errealistak jartzen jakieta eta erabakiak hartzen jakitea.
Abilitate hauek garatzeko arazorik handiena da ia gehienetan ikasgaien curriculumetatik kanpo uzten dituztela, eta hondar-ale gisa irakasten direla tutoretza orduetan edo hautazkoetan. Eta hori gertatzen da zailtasun handia dagoelako abilitate bat kalifikatu ahal izateko eduki edo prozedura batekin egiten dugun modu berean.

Garai berriek irakaskuntzan eta ikaskuntzan aldaketak egitea behartu dutela esan ohi da. Irakasleen egitekoa aldatu egin behar dela. Egitez, gainera, aldaketa hori ematen ari da. Norat jo behar du egiteko horrek?
Denbora batetik hona sortu diren metodologia berriek aldaketa ekarri dute irakasteko moduan, gai direlako gelan denbora eta espazioa eraldatzeko, eta apustu egiten dutelako heziketa inklusiboaren alde, taldean lan egitearen alde, eta problemen ebazpenen alde. Baina metodologia honek hezitzaileen jarrera proaktiboa behar du, hau da, hezitzaileek euren konfort eremutik irten egin behar dute.

Zeintzuk izan beharko lirateke aldaketa horren zutabeak?
Zutaberik nagusiena formaziotik abiatu beharko litzateke, ikaskuntza berrien lorpenetik. Egin beharrekoa da gehiago ikastea hobeto irakasteko.

Zein baliabide ditu irakasleriak jauzi hori egiteko?
Teknologia berrien defendatzaile sutsua naiz; haiek erreminta gisa, ikaskuntzaren erraztaile gisa erabiltzea defendatzen dut, eta sinesten dut oso lagungarri direla. Teknologia berriek irakasle bati lagundu eta erraztu egin behar diote irakasle hobea izaten. Teknologia berriek hain zuzen ere ahalbidetu egiten dutelako gelan denbora eta espazioa eraldatzen, eta hori gakoa da, elkarrizketa honen hastapenean aipatzen genuen Egitearen Eskolaren eta Izatearen Eskolaren arteko orekan.

Irakaskuntza/ikaskuntza moduaren errotikako aldaketa ematen ari dela esan genezake, baina irakasleriaren prestigioa une txarrean dagoen puntu batetik abiatuta. Galdera, beraz, litzateke nola berreraiki irakasleriaren lidergoa egoeran honetan?
Egungo eskolaren arazo nagusietako bat da lidergo kontzeptuaren benetako esanahia ez duela ulertu edo gaizki ulertu duela. Tamalez, lidergoa botereari lotu zaio, autoritateari lotu beharrean. Boterea eman egiten baita, autoritatea, aldiz, irabazi egin behar da. Gelan autoritatea nola irabazi, hori da, zalantzarik gabe, egun irakasleriak erantzun behar dion galdera nagusietako bat.

Ikastolek apirilaren 20an Gasteizen antolatutako jardunaldi pedagogikoan gai hauei buruz hitz egiteaz gain, denbora kudeatzeko tailer bat ere emango duzu. Zer ikasi ahal izango dugu tailer horretan?
Tailer honetan ideia hau defenditzen ahaleginduko naiz: denbora kudeatzea denbora galtzea dela. Izatearen Eskola ez baita denbora kudeatzetik abiatzen; denbora eraldatzetik, iraultzetik abiatzen da. Denbora ez da arazo gisa ikusi behar; aitzitik aukera baten moduan hartu behar da, hura eraldatuta, esan ahal izan dezagun, argi eta ozen, bizitza honetan, besterik gabe, zoriontsu izan garela.

ikastola 218
2016 Apirila
218