IKASTOLA 217 > orientazioa > "Konfiantzaren Pedagogia"
Arizmendi Ikastolako zuzendari pedagogikoa
Amaia Antero Intxausti

Liburua

"Konfiantzaren Pedagogia"

Amaia Antero Intxausti da egile nagusia.

Leintz bailarako Arizmendi Ikastolak Konfiantzaren Pedagogia liburua argitaratu du.
 

Orientazio atalean honen berri eman nahi, eta Amaia Antero Intxausti egileari elkarrizketa laburra egin diogu.

Amaia Antero Leintz bailarako Arizmendi Ikastolako zuzendari pedagogikoa da. Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza jardunaren arduraduna. Gurasoa ere bada, eta Konfiantzaren Pedagogian sinesten du.

"PERTSONA KONFIANTZAZ BEGIRATZEKO JARRERA” 
* Zer da Konfiantzaren Pedagogia?
Pertsona ulertzeko eta begiratzeko modu jakin batetik abiatzen den esku hartze mota jakin bat da. Pertsona eta Konfiantza hitzak azpimarratuko nituzke.

* Nola ulertzen duzue Pertsona?
Guk pertsona BETETA ikusten dugu: gaitasunez beteta, zailtasunez beteta, beharrez eta ametsez beteta. Klabea da hori. Sinesten dugu pertsonak bere baitan duela behar duen guztia bere burua garatzeko eta zoriontsu izateko. Eta gure hezitzaile egitekoa da horretan bide-lagun izatea. Bera, pertsona, protagonista baita, eta gu hezitzaileok, entrenatzaile.

* Filosofia bat da, beraz, Konfiantzaren Pedagogia?
Filosofia bat baino gehiago, esango nuke pedagogia honen abiapuntuan ikuspegi filosofiko jakin bat dagoela. Alegia, pertsona ulertzeko eta begiratzeko modu batetik eraiki dugun esku-hartze mota bat; sinesten dudan hori egunero-egunero praktikatzeko. Bi irudi ditu funtsean: begia, begiarekin pertsonak ikusteko; eta eskua, modu koherente batean esku hartzeko. Gure egitekoa da pertsonari bere hezkuntza-ibilbidean laguntzea, bere buruarengan, besteengan eta ingurunean konfiantza izan dezan bere gaitasunak ahalik eta hobekien garatzeko; testuingurua segurua, egokia eta atsegina izan dadin.

* Nola egiten da hori?
Bestearekiko begirada norbere buruarekiko begiradatik hasten da. Eta hori ere ikasi egiten da. Horretarako, ezinbestekoa da nork bere burua ezagutzea, auto-ezagutza, besteei pertsona izaten laguntzeko, nor bere gaitasunetatik, zailtasunetatik, beharretatik abiatuta. Gainera, adimen aniztunetan sinesteak ere laguntzen du. Adimen mota asko daude jokoan, bizitzarako behar direnak, batak bestearengan eragina du, gaitasun baten barruan mila azpi-gaitasun baitaude.

* Zer ekarpen berri du adimen aniztunak aintzat hartzeak?
Hasteko, aintzat hartzea bera da berria, izan ere, orain arte, salbuespenak salbuespen, bi adimen mota baino ez dira nagusi izan hezkuntzan, hots, hizkuntzari eta logika matematikoari lotutakoak. Adimen hauek guztiak aintzat hartzeak bi aldaketa garrantzitsu dakartza: ikasleak ikasteko duen estiloari eta moduari erreparatzea batetik, eta bestetik ikasleak dakien hori adierazteko modu desberdinak egon daitezkeela aintzat hartzea. Honen  kontzientzia hartzea, ulertzea eta lantzea garrantzitsua da pertsona bere osotasunean garatzeko.

* Ikasgelak aldatzen ari zarete, hormak botatzen, espazio zabalak eraikitzen. Zergatik?
Espazioak zabalak dira, bai, baina era jakin batean antolatutakoak, metodologia jakin bati jarraituz. Gure planteamendu arkitektonikoa gure planteamendu pedagogikoetara egokitu dugu, zientziatik edan dugu: neska-mutilak espazio zabaletan lasaiago daude; elkar ekintzetan aritzeko leku handiagoa dute; adin ezberdinak nahasteko naturalagoa da; beraien jakin-mina eta esploraziorako interesa ahalbideratzen du. Espazio zabal hauetan, ordea, lasaitasunean egoteko, bakarkako lanean aritzeko zein talde kooperatibo txikietan aritzeko espazioak daude. Espazio berri horietan irakaslearen rola garrantzitsua da. Aldaketa handia egin da, izan ere, irakaslea ez da bere 25 ikasleren erreferente bakarra; kotutoretzak garrantzi handia du. Haur batekiko begirada irakasle batek baino gehiagok dauka, eta neska-mutikoek badituzte erreferentziazko beste irakasle batzuk ere.
 

Liburua Konfiantzaren Pedagogia
Azala
Amaia Antero Intxausti, egile nagusia.
Arizmendi Ikastola, Leintz bailara.
Euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak.
Salgai: arizmendi.eus-en eta Elkar saltokietan 19,50€tan.

Hizkuntza erregistro errazean dago idatzita; normalean pedagogia irakurtzeko ohitura handirik ez duenarentzat, eta interes pedagogikoa daukaten gurasoentzat egokia, bai eta Arizmendi Ikastola osatzen duten komunitate osoarentzat ere, irakasle guztiek marko pedagogiko partekatua izan dezaten. Eta nola ez, bada, gainontzeko ikastolentzat ere bai.
Oraingoz euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu da. Liburu formatua du, ia 200 orrialde ditu, eta badu bereizgarri bat kapitulu bakoitzaren ondotik, “nire oharrak” idazteko orri batzuk baititu norberak bere sintesia egiteko, edo/eta oharrak gehitzeko.
 

ikastola 217
2016 Otsaila
217