IKASTOLA 217 > iritziak > Ikastolak, komunikazio paradigma berrira egokitzen

Komunikazio Arduradunen Mintegia

Ikastolak, komunikazio paradigma berrira egokitzen

Ikastoletako komunikazio arduradunen mintegia martxan da

Mondragon Unibertsitatearen Aretxabaletako fakultatearekin antolatutako komunikazio ikastaro trinko batekin. 

Komunikazioaren gizartean bizi garela diote. Informazioaren gizartean bizi garela esatea egokiago litzateke, ordea. Informazioa baino, gain-informazioa ere esan beharko litzateke. Gain-informazioaren aroan, nola lortu garena komunikatzea? Nola lortu gure mezua gizarteratzea, hartzaileari desitxuratu gabe irits dakion?

Azken hamarkada honetan izugarri aldatu da pertsonak, taldeak eta erakundeak elkarrekin komunikatzeko ditugun bideak eta baliabideak.Hedabide tradizionalak ere aldatu egin dira, eta moldatu behar izan dute sare sozialak nagusitu diren errealitatera. Ikastolek ere ongi dakite zein aldaketa eman den, eta komunikazio alorrean gizartetik datozkien eskakizunak bete nahi dituzte, komunikazio jario zuzen, garden, horizontal eta joan eta etorrikoa izan dadin.

Ikastolen Elkartetik ikastolen behar horri erantzun nahi izan zaio, eta horretarako osatu du komunikazio arduradunen mintegia, Mondragon Unibertsitatearekin antolatutako ikastaro batekin abiatu dena. Hogeita hamazazpi ikastolatako ordezkariak ari dira parte hartzen Mondragon Unibertsitatearekin antolatutako ikastaroan. Elkar ezagutzeko eta sareak josten hasteko baliagarria izan da dagoeneko.

Lau saiotan aztertuko dute egungo egoera. Saio magistralak, eztabaidak, taldeka dinamikak eta ariketa praktikoak egingo dituzte. Ikastaroan zehar aurkeztuko dira komunikazioaren alorrean eman den paradigma aldaketa eta aldaketa horrek erakundeetara eraman dituzten komunikazio kultura berriak; Informazio eta Komunikazio Teknologiek eta sare sozialek ekarri dituzten komunikaziorako baliabide teknologiko berriak ezagutu, aztertu eta haiek erabiliko dituzte; besteak beste ikastola bakoitzak bere webgunea aztertu eta hura eta sare sozialak uztartzeko bideak jorratuko dituzte; edota ikastola bakoitzaren komunikazio planak ezagutu edo garatzeko aukera izango dute.

Ikastolak komunikazioaren garrantziaz ohartarazteko,  erakundeari buruzko komunikazio eraginkorra egiten ikasteko eta ikastola bakoitzaren komunikazioaren egoerari buruzko hausnarketa egiteko helburuarekin antolatutako ikastaroa da oraingoa. Ez da horretara mugatuko, ordea.

Mintegi honek iraunkorra izateko asmoa du, eta ikastoletako komunikazio arduradunen sare aktiboa osatzea litzateke xedea, elkarrekin eta elkarren laguntzaz, ikastola guztiak komunikazio mailan gizartetik datorren eskakizunak betetzeko gai izan daitezen.

ikastola 217
2016 Otsaila
217