XXIII. Jardunaldi Pedagogikoak / KiVa EGITASMOA
Finlandiatik dator eskola jazarpenari aurre egiteko formula
Ikastolen Elkarteak antolatu du KiVa-rekin Lehen lan-jardun pedagogikoa
KiVa du izena, eskola jazarpenari aurre egiteko Finlandian garatutako programa sistemizatu bat da, eta bullying-ari aurre egiteko tresna oso baliagarria dela ari da frogatzen.
Hezkuntzari dagokionez, Europa mailan erreferentzia izan da urteetan Finlandia. Europa osotik joan izan dira hango hezkuntza sistema ezagutzera eta hainbatek inportatu egin ditu hango sistemaren ezaugarri nagusiak. Gaur egun, berriz, eskola jazarpenari aurre egiteko herrialde hartan ezarritako programa da Europa osoko ikastetxeek begiz jo dutena. 2009ko udazkenean ezarri zuten programa hori, KiVa izenekoa, Finlandiako Gobernuak eskatu eta Turkuko Unibertsitateak garatu zuena. Emaitzak ikusgarriak izan dira programa inplementatu zen urte beretik, eta urtero eskola jazarpenaren datuak murriztuz joan dira herrialde horretan.
Dagoeneko Finlandiako Lehen eta Bigarren hezkuntzako ikastetxeen %90etan ezarri da KiVa, eta Europako beste herrialde batzuetara (Erresuma Batua, Herbehereak, Italia eta Estonia) hedatzen hasi da. Euskal Herria izan daiteke hurrengoa, baldin eta gure ikastolek programa ezartzea erabakitzen badute.
Urtarrilaren 29an, KiVa programa ezagutzeko lan jarduna egin zuten ikastolek Gasteizko Europa jauregian. Ikastolen Elkarteak antolatzen dituen Jardunaldi Pedagogikoen aurtengo lehenbiziko saioa izan zen. Gaiak hezkuntza munduan duen garrantziaren araberako erantzuna izan zuen deialdiak: ikastoletako hirurehun ordezkari inguru hurbildu ziren Gasteizera. Finlandiatik etorritako bi adituk azaldu zizkieten bullying-aren aurkako KiVa egitasmoaren xehetasun guztiak, eta lau tailer ere antolatu ziren programa hobeto ezagutzeko.
Ikastolek otsailean zehar erabakiko dute KiVa egitasmoan parte hartuko duten edo ez. Programa hori Euskal Herrira ekartzeko hogei edo hogeita bost bat ikastolaren konpromisoa beharko litzateke. Kopuru horretara iritsiz gero, heldu den ikasturtean martxan jarri ahal izango litzateke gure ikastoletan Finlandian hainbeste arrakasta lortu duen eskola jazarpenaren aurkako programa hori.
KiVa egitasmoa
FENOMENO GLOBALA DA ESKOLA JAZARPENA
Ikasleen %10ek jasan dute, une batean edo bestean, bullyinga. Lekukoen jarrera aldatzean datza jazarpenari aurre egiteko gako nagusia.
Datuek erakusten dute eskola jazarpena fenomeno globala dela. Hala, mundu osoan, ikasleen (haur eta nerabe) %10ek jasan dute edo jasango dute bullyinga. Fenomeno globala eta larria, ikusten denez. Baina ez da hori datuek erakusten duten gauza deigarri bakarra. Ikasleen %8 inguru izan dira edo izango dira eskola jazarpenaren egile, eta %7 haien laguntzaile izango dira. Ikusle edo lekukoei dagokienez, horiek ere ikasleak, gehiago dira erasotzailearen alde agertzen direnak (%20), biktimaren alde agertzen direnak baino (%17). Besteak (%34) ez dira ohartuko eskola jazarpenaz.
Eskola jazarpen kasu bakoitzean erasotzaile bat eta biktima bat daude, baina, datuek erakutsi moduan, baita ikusle eta lekuko ugari ere. Izan ere, eskola jazarpenaren helburua, jazarriarekiko nagusitasuna adierazteaz gainera, taldeko nagusitasuna lortzea ere bai baita, taldeko errekonozimendu soziala lortzea, alegia. Hori erakusten dute datuek: gehiago dira erasotzailearen alde jartzen direnak (%27, laguntzaileak ere batuta) biktimaren alde jartzen direnak baino (%17).
Fenomeno globala izateaz gainera, beraz, fenomeno sozial edo taldeko fenomenoa ere bada eskola jazarpena. Eta hori da, hain zuzen ere, KiVa programak azpimarratzen duen puntuetako bat. Bullyinga erauzi nahi bada, erasotzailearekin eta biktimarekin bezala, taldearekin ere lan egin beharko da, taldearen jokabidean eragiten bada, erasotzaileari lagundu edo babesa ematetik biktimarekiko enpatia lortzera igarotzen badira taldean, horrek erasotzailearen jokabidean ere eragina izango du. Horregatik indarra jartzen du KiVa egitasmoak prebentzioko proposamenetan.
Era berean, ordea, biktimari jakinarazi behar zaio, beharra du-eta hori jakiteko, helduen babesa eta laguntza dituela, eta entzun egingo diotela. Eta, noski, erasotzaileari ere aurrez aurre jarri behar zaio bere jokabide onartezina. Alegia, prebentzioarekin batera, esku-hartzea egon behar du. Mahai baten hirugarren hanka gisa, berriz, ekinbide horiei guztiei jarraipena egin behar zaie. Hori planteatzen du KiVak.
Prebentzioa lantzeko ikasmaterial jakin batzuk ekoitzi ditu (testu-liburuak, baliabide digitalak eta webgune bat, besteak beste) programa garatu duen Turkuko Unibertsitateak. Material horren bitartez, gelan lantzen dira hainbat balio, eta balio horiek landuz iristen dira eskola jazarpena bera ere jorratzera. Bullying kasuen aurrean jokabide jakin bat, hura salatzea eta biktimaren alde jartzea, bultzatzen da.
Eskola jazarpena detektatzeko baliabideak ere jartzen ditu KiVak irakasleen esku, ikasleek bullying kasuak modu anonimoan salatzeko aukera barne, eta eskola jazarpen kasuetan esku-hartzeko “KiVa taldea” deritzona osatzea proposatzen du. Gutxienez, hiru irakaslez osatutako taldea litzateke KiVa taldea; eta talde horretan zuzendaria edota arduradun pedagogikoa inplikatzea oso garrantzitsutzat jotzen du.
Talde berezi horiez gain, irakasle eta langile guztiak programan engaiatzea bilatzen du KiVak. Gurasoak ere bai, haientzako egindako eskuliburuen bitartez. Horrela, KiVak eskola komunitate osoa inplikatzen du eskola jazarpenaren aurkako programan. Eskola komunitate osoa inplikatuz, eskola jazarpenarekiko sentikorrago egiten dira denak, bai ikasle, bai irakasle eta langile eta baita gurasoak ere. Horrek eskola jazarpen kasu asko eragozteaz gainera, prebentzioa asko lantzen baita, gertatuz gero, haiek azkarrago detektatzea errazten du, baita kasu bakoitza konpontzeko hartu beharreko bidea eta egin beharreko urratsak erabakitzea ere.
KiVa programa
NORK BERE IKASTOLAN EZARTZEA DA, ORAIN, ERRONKA
Finlandian garatu eta arrakasta handiz txertatu duten eskola jazarpenaren aurkako KiVa programa ezagutu eta aztertzeko aukera izan zuten ikastolek iragan urtarrilaren 29an, Gasteizko Europa Jauregian egin zen lan jardunaldian.
Eskola jazarpena izugarri murriztea lortu dute Finlandian KiVa programari esker. Finlandiako Turku Unibertsitateak landu duen programa da. 2006. Urtean, Finlandiako Gobernuak eskatu zion Unibertsitateari eskola jazarpenari aurre egiteko programa eraginkor bat garatu zezan. Ez zen zehazki Finlandian bullying kasu ezohikoak gertatzen ari zirela; izatez, Europako batez bestetik beherako kopuruak zituen orduan ere herrialde horrek. Eskola jazarpena ez da, ordea, batez besteko kontu soil bat. Kasu bakoitzaren atzean dagoen dramak bultzatu zuen Finlandiako Gobernua gaiari serioski heltzera.
Programa landu eta lehen esperimentazioak egin ostean, 2009. urteko udazkenean jarri zuten martxan, eta geroztik emaitzak harrigarriak izan dira. Urtero urtero jaitsi egin da jazarpena jasan dutenen eta jazarpena egin dutenen kopurua, eta egun kopuru horiek duela bost urteko kopuruen erdiraino jaitsi dira.
Jazarpen kasu batean esku-hartzeko eta jarraipena egiteko programa ere baden arren, KiVak bereziki prebentzioan jartzen du indarrik handiena. Eskola jazarpena talde fenomeno bat dela kontuan hartuta, gakoa ikasleen jarreran eragitea da, haien jarreraren eta pertzepzioaren aldaketa proposatzen du.
Egun osoan zehar Johanna Alanen eta Ulrika Willför-Nyman-en eskutik ezagutu zuten programa ikastolek. Lehena KiVa programaren nazioarteko koordinatzailea da. Bigarrena, berriz, programa hori duela urte batzuetatik hona indarrean duen Finlandiako Espoo hiriko eskola bateko zuzendaria.
Beren testigantzak eta azalpenak entzun, eta lau tailer desberdinetan landu zituzten ikastoletako ordezkariek KiVak eskaintzen dituen material eta proposamen desberdinak.
Ikastolen erantzuna, gai honetan duten interesaren parekoa izan da: Hego Euskal Herriko ikastola guztietatik joandako ordezkariek hartu zuten parte Gasteizko Europa Jauregian egin zen lan jardunaldian. Seaskatik ere ordezkaritza bat joan zen. Guztira 300 lagunetik gora -zuzendari, arduradun pedagogiko eta irakasleak- bildu ziren Europa Jauregian.
Ikastolen Elkartearen eta ikastola askoren gogoa zen Finlandian eskola jazarpenari aurre egiteko 2009tik martxan duten KiVa programa ezagutzea, aztertzea eta bertako esperientziaren testigantzak jasotzea. Hori dena egin da. Orain ikastolei dagokie programa ezartzen duten edo ez erabakitzea.
Programa ezartzeko beharrezkoa den inbertsioa kontuan hartuta, hastapenean hogei-hogeita bost ikastola proiektuan engaiatzea beharrezkoa litzateke, programaren ezarpenak gain-kostu handiegirik eragin ez diezaien ikastolei. Kopuru hori lortzea eta gainditzea egingarri ikusten den erronka da. Otsailean zehar jasoko dira ikastolen erantzunak. Gutxieneko kopurua lortuz gero, heldu den ikasturtean KiVa programa gure ikastoletan martxan jartzea egongo litzateke.