IKASTOLA 217 > elkarrizketak > "Proposatzen dugun aisialdiak balio hezitzaileak ditu"

Ikastolen Elkarteko Aisialdi Taldea

"Proposatzen dugun aisialdiak balio hezitzaileak ditu"

Egiteko moduetan eta edukietan ditu balioak.

Jone Larrañagak, June Rivasek, Nagore Amondarainek, Aritz Grijalbak, Iraultza Urrutiak eta Joseba Mujikak osatzen dute Ikastolen Elkarteko Aisialdi Taldea. 

Beraiek koordinatzen dituzte egiteko nagusiak, baina berekin batera ia berrehun kide gehiago dabiltza Aisialdi Taldean. Neguko eskaintza itxi eta udakoa irekitzeko trantsizio etapan harrapatu ditugu, eskaintza berri eta berrituei azken ukituak ematen.

Zenbat denbora darama EHIk aisialdi eskaintzarekin? Talde honek zenbat denbora darama funtzionatzen?

Udalekuak ikastolen sorrerarekin bat etorri ziren. Aurreneko udalekuak 60ko hamarkadan antolatu ziren eta ordutik hona jarraitu du udalekuen planteamendu tradizionalak ikastolen mugimenduan. Denborarekin udalekuak behar eta helburu berrietara egokitzen joan dira, eta hortik egungo udaleku eskaintza zabala. Aisialdiko eskaintzaren historia apur bat eginez, esan dezakegu ingelesa adibidez, Eleanitz egitasmoa sortzearekin batera txertatzen dela. Ingeles Udalekuak 1992-1993ko ikasturtean hasten dira burutzen, duela ia 25 urte, beraz. Modu berean, bost urte beranduago Enjoy English programa antolatzen hasten da. Bestetik, duela 10 urte inguru udaleku tematikoak antolatzen hasi ginen, adinen araberako udaleku desberdinak sortzen, alegia. Gaur egun 3 urtetik 18 urtera arteko eskaintza dugu. Eta 18tik aurrerako ikasleentzat begirale eskola bat ere badugu.

2009an Euskal Herriko Ikastolak eratzearekin batera dator talde honen osaera. Ordura arte, Bizkaiko Ikastolen Elkartean kokatua zegoen aisialdia. Gaur egungo gure jarduna lurralde guztietara zabaldua dago eta aisialdi taldeko kideok Bilboko eta Donostiako bulegoetan gaude kokatuak.

Nola dago egituratuta Aisialdi taldea?

Aisialdi taldea hemen gaudenok osatzen dugula pentsatu dezakezue,  bost kideko taldea, ezta?  (Jone amatasun bajan dugu une honetan) Baina gurekin batera ehundik gora hezitzaile ditugu lanean, berrehundik gertuago geundeke ehundik baino.

Ekintza ororen (uda zein negua) gidaritza egiten da bulegoetatik. Hauek lirateke zeregin nagusiak: edukien sorkuntza, begirale taldearen koordinazioa eta formazioa, ikastolekin harremana, udalekuen azpiegitura eta bertatik bertarako jarraipena, guraso arreta, ekintzen zabalkundea, ekintzen amaierako ebaluazio eta hobekuntza planak. Hala ere, esan bezala gure lanaren ardatza hezitzaileak dira, beraiek direlako egitasmoak gorpuzten dituztenak, beraz aisialdi taldea lan-talde handi bat da, gaur egun.

Zer aldatu da hastapenetik hona, aisialdiaren ikuspegian?

Esan genezake aisialdian ez eze, gizartean aldatu direla hainbat eta hainbat alderdi. Alderdi horiei erantzun bat ematea, edo beste batzuetan, prebentzio lan bat egitea dagokigu. Gure ardura haur eta gazteen hezkuntza da, eta, hezkuntza eragile garen neurrian, gela barruan zein kanpoan eragiten dugu. Eskola ez dago gizarteko gatazketatik kanpo. Eremu ez-formalak, gela barrukoak bezala, gero eta langa altuagoa du gainditzeko. Gizarteko aldaketek bete-betean eragiten dute geure egunerokoan, baita ikasleenean ere, eta aisialdiaren ikuspegia behar berrietara egokitzen joan behar izan da bide horretan.

Adibidez, postmodernitateko gaitza omen da norbanako identitateen krisia. Eta norbanako identitateak krisian badaude, nolako identitate kolektiboak ari gara eraikitzen? Ba ote dago identitate kolektiborik? Eta zelakoak da gure gazteen iruditeria soziala, kulturala…?

Kritikoak izaten eta hautatzen ere ikasi behar dute egungo haur eta gazteek eta hori dagokigu guri: irakasle zein aisialdiko hezitzaileei.

Eta nola ez, kezkatuak gaude emakume/gizon rolek sortzen dituzten bereizketekin. Berdintasunean heztea da gure erronka. Eskolaratze mistoan aitzindariak izan ginen ikastolok, eta horren isla izan ziren udalekuetako praktika asko ere. Hari horri jarraituz beste hainbat alderdi lantzen jarraitu dugu eta aisialdiaren esparrua uste dugu gune aproposa dela irizpide egokien transmisiorako.

Bestetik, euskararen erabilera eta hizkuntzarekiko atxikimendua ere badira gure iparrorratz. Euskarazko irakaskuntza bermatzen dugun arren, euskaraz bizitzeko aukerak ez dira berdinak Euskal Herri zabalean. Aisialdi Taldea, udako sasoiaz gain, eskolaz kanpoko eremuan euskaraz bizitzeko orube berriak ari da eskaintzen.

Udari, oporrei loturik egon izan da nagusiki eta dago orain ere zuen egitekoa. Dena den, urte osoan duzue eskaintza, eta zabaltzen ari zarete eskaintza hori. Zer dela eta?

Hiru zatitan banatu daiteke gure egungo jarduna: udako aisialdi eskaintza, ikasturtean zeharrekoa eta begirale eskoletan ematen den formazioa.

Guk uste dugu jendea hasi dela ohartzen aisialdiak ematen dituen aukera hezitzaileez. Proposatzen dugun aisialdiak balio hezitzaileak ditu, bai egiteko moduetan eta edukietan. Gu aritzen garen esparruak ez duenez ez azterketa, ez errekuperaziorik derrigortzen … horrek askatasun guztia ematen digu jarduna apurka-apurka zabaltzen joateko.

Eskaintza bakoitzak adinaren araberako helburuak eta helburu propioak ere izango ditu, noski. Atzerriko egonaldiak, udaleku itxi edo irekiak, tematikoak… Zeintzuk dira helburu horiek?

Helburu orokor berdinak planteatzen ditugu egiten diren ekintza guztietan. Noski, adinaren araberako proposamenak desberdinak izaten dira, ez badituzu adinaren arabera helburuak moldatzen, frustrazioa etor daiteke ondoren. Horregatik proposamenak eta osteko lorpen mailak,  jartzen dituzun helburu horien baitan ebaluatu behar dira.

Gure helburu nagusien goiburuak edo balio hezitzaileak hauek dira; autonomian heztea, herrigintza eta komunitatea, parekidetasuna, denontzako aisialdia, ingurukoekin eta ingurunearekin bizikidetzan, ekintzailetasunean heztea eta euskaldun eleaniztunak sortzea.

Helburu propioak izateaz gain, hezitzaile talde bereziak ditu eskaintza bakoitzak.   Formazio berdina jasotzen duten hezitzaile denek, baina bakoitza bere espezializazioan sakontzen eta trebatzen joaten da. Hezitzaile batzuek oso argi ikusten dute, hasiera batetik, euren lekua zein den: “nik haur txikitxoekin aritzea dut gustuko” eta gero jabetzen zara begirale ikastaroa egin ostean Haur Hezkuntzako magisteritza hautatu duela unibertsitatean. Beste batzuk oso sortzaileak direla sumatzen duzu (ez bakarrik formazioagatik, euren praktikagatik ere) orduan jende hori udaleku zehatz batzuetan leku bat egiten joatean da, apurka-apurka. Berdin kirolean, ingurumen gaietan… trebatuak daudenak.

Urte osoan zehar zenbat haur eta gazte, zenbat familiarengana iristen zarete?

Mila eta bostehun haur eta gaztek hartzen dute parte udako egonaldietan, horrek esan nahi du atzetik familia bat duela ikasle bakoitzak, beraz mila eta bostehun bider bi… horrek esan nahi du ia hiru mila pertsonen nahiak ase behar ditugula (haur, gazte eta familiena). Pentsa uda sasoiari begira zelako erronka!

Urtean zehar gero eta ikastola gehiagotan ari gara gure ekarpena egiten. Baditugu 12 ikastolatan begirale ikastaroak (Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako lurraldeetan banatuta). Eta eski egonaldiak ere gero ikastola gehiagorako ari gara antolatzen.

Eski egonaldietan ere berrikuntzaren batekin etorri zarete negu honetan ezta?

Egitasmo handia zen eski egonaldiena garai batean, Partaidek koordinatzen zuen garai haietan 3.000 ikasle inguru mugitzen ziren urtero. Guk proposatzen dugun berrikuntza ez da zabalkundean edo egitasmoaren hazkundean soilik ikusiko, eski egitasmoek hartuko duten forman ikusiko da berrikuntza. Eski irteerak aukera ederra dira elurraz gozatzeko, gainera neska eta mutilek, bereizketarik gabe kirolaz taldean gozatzen aukera ematen du.

Bestetik, eskia bera diziplina huts gisa landu baino, mendizaletasunari eta honen transmisioari garrantzia eman nahi izan diogu. Hainbeste eragina du honek gure ingurunean, uste genuela belaunaldi transmisio horri ekin behar zitzaiola. Horregatik eski irteera egiteaz gain, Ternuarekin elkarlanean hitzaldiak antolatuko ditugu, mendizaletasunari buruzko hitzaldiak izango dira denak.

 

Gaztezulo, Badok.eus, Udaleku, Udalbiltza… Azken aldian beste erakunde eta talde batzuekin elkarlana ari zarete indartzen. Zerk bultzatu zaituzte horretara?

Ikastolen mugimendua handia da eta hedapen handia du Euskal Herrian, baina badaude oso lan ona egiten ari diren beste eragile batzuk ere. Elkarlanak denok aberasten gaituelakoan gaude. Etorkizuna euskaratik eta euskaraz izatea nahi badugu, gazteak erreferentzia euskaldunekin janztea dagokigu. Jakin badakigulako erdarek hartu dituztela beraien aisialdiko eremu asko.  Horrek bultzatu gaitu beste eragile batzuenagana: Gaztezulo, Badok.eus, OinHerri egitasmoa…

Euskal musikaren ataria den Badok.eus adibidez tresna itzela da gazteentzat, bertan euskal musikari  buruzko ia dena aurkitu dezakete eta udalekuetan beronen aurkezpena egiten saiatzen gara. Modu berean Gaztezulo ere bada beste erreferentzia interesgarri bat gazteentzat. Aldizkaria ezagutu eta kazetaritza lan bat zer eta nola egiten den ikusten dute. OinHerri egitasmoko kide ere bagara beste hamabost eragilerekin batera, “Herri hezitzailea, eskola herritarra” filosofia goiburu duela lanean ari den taldean.

Beste maila batekoa da adibidez, Uda Leku eta Udalbiltzarekin duguna, “Elkarrekilan Zuberoan” egitasmotik etorri zen elkarlan hau.

9.Oihartzun handia izan du, esaterako, Elkarrekilan Zuberoan egitasmoak.  Gustura zaudete egitasmo horrek izan duen erantzun eta bilakaerarekin?

Oso gustura gaude. Aspaldi heldu nahi genion iparralde eta hegoaldeko ikasleen harremana sustatzeari eta uste dugu udalekua aproposa izan zela horretan hasteko. Udalbiltzak zirikatu zigun 2013aren hondarrean eta dagoeneko badira 2 uda udalekua arrakastaz burutzen dela. Aterpetxearekiko kontuetan lagundu digute eta oso eskertuak gaude. Bestetik, udaleku hori antolatzeko iparraldean euskara hutsez ari den Uda Leku elkartearekin jarri ginen harremanetan. Harrez gero, talde bakar gisa funtzionatzen dugu udaleku honen antolaketan.

Aisiola ere baduzue, hezitzaile-begirale eskola. Nola funtzionatzen du? Nolakoa da hezitzaile-begiraleen prestakuntza …? 

Halaxe da. Aisiola deitzen da gure eskola eta dagoeneko 16 urte daramatzagu aisialdiko hezkuntzan oinarritzen den eskola ikastoletatik zabaltzen. Gure xedea, aisialdian trebatu nahi duten ikasleei prestakuntzaren bidez aisialdiko hezitzaile izateko aukera ematea da. Ikastaroa, bi zatitan banatzen da: batetik, arlo teorikoari dagokiona eta 200 orduko iraupena duena, eta bestetik, arlo praktikoa, non ikasleek 120 orduko praktikak burutu behar dituzten aisialdiko egitasmoren baten. Ikastaroaren helburua, ikasleari aisialdi heziketaren planteamendu hezitzaile, pedagogiko eta metodologikoak erakustea dira, eta honekin batera, aisialdiko ekimenak sortu eta antolatzeko gaitasuna lantzea eta talde zein elkarteak dinamizatzeko ezagupen teoriko eta baliabide praktikoak ezagutzea. Ikastaroan lantzen diren eduki nagusiak honakoak dira: talde dinamika, soziologia, psikologia, legedia, kudeaketa, jolasa, hezkidetza, lehen sorospenak, kulturartekotasuna, inklusioa, programazioa, sormena eta natura. Gaur egun, 15 ikastolatan gaude ikastaroak kudeatzen, eta ia  200 gazte ditugu ikastaroetan. Beraz, esan daiteke etorkizuneko aisialdia indartsu datorrela.

Aurrera begira zeintzuk dira aisialdi taldearen erronka, helburu, helmuga nagusiak?

Gure erronka urte osoko eskaintza orokor bat katalogo bakarrera eramatea da. Udaberrian etorriko gara katalogo berri horrekin, bertan ikastolek eskura izango dituzte hainbat ekintza, euren eremu ez formalerako osagarri izan daitezkeen ekarpenak.

Bestetik, begirale eskolan dugun erronka nagusia,  aisialdiko hezkuntzan emango den legedi aldaketara moldatzea izango da. Orain arte, gure ikastaroak Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren menpe egon dira, baina datorren ikasturtean egoera guztiz aldatuko da  LANBIDEk arautuko baitu, eta honek hainbat aldaketa suposatuko ditu ikastaroen antolaketa eta kudeaketan. Baina argi daukagu, aldaketa prozesu honetatik indartuta aterako garela, eta eskolaren  zutabeak sendoagoak izango direla. Kezkatuta gaude, baina era berean gogotsu egoerari aurre egiteko prest!

 

ikastola 217
2016 Otsaila
217