IKASTOLA 217 > elkarrizketak > "Talde osoan eragin behar dugu, bullying-a talde fenomeno bat baita"

Johanna Alanen

"Talde osoan eragin behar dugu, bullying-a talde fenomeno bat baita"

Eskola jazarpenaren aurkako KiVa egitasmoaren nazioarteko koordinatzailea

Eskola jazarpenari aurre egiteko Finlandian garatutako egitasmoa da KiVa. 

Dagoeneko hango eskolen %90ean hedatu da egitasmoa. Programak nola funtzionatzen duen ikastolei esplikatzera etorri zen Johanna Alanen iragan urtarrilaren 29an.

Zer da KiVa eta nola funtzionatzen du?

KiVa eskola komunitate osoarentzako eskola jazarpenaren aurkako programa bat da. Oinarri teoriko sendoak ditu KiVak eta mundu mailan ospea duen Finlandiako Turku Unibertsitateko ikerlari talde batek hamarkadatan egindako ikerketan oinarritzen da. KiVak bere baitan biltzen ditu bai ekintza prebentiboak, edo aldez aurretikoak, bai  esku-hartzekoak ere, eskola jazarpen kasu bat eman ostekoak hain zuzen ere, eta baita jarraipenezkoak ere.

Zein helburu nagusi markatzen ditu programa honek eskola komunitate batean?

Eskolaren mailan, helburua da eskolako langileei (irakasle eta ez irakasleei) eskola jazarpenari buruzko eta hari aurre egiteko oinarrizko prestakuntza ematea. Era berean, helburu nagusietako bat da langile guztiak engaiatzea bullying-aren aurkako lan honetan.

Gelari dagokionean, xedea da ikasleengan eragitea, jazarpen egoera isiltasunaren bitartez onartu edota bultzatu beharrean, biktimen alde jar daitezen eta horrela jakinaraz dezaten ez dutela onartzen inor jazartzea.

Ikasleei begira, helburua da jazarpen kasu larriei modu eraginkorrean aurre egitea. Horretarako proposamen desberdinak garatu ditugu.

Zeintzuk dira eskola jazarpenaren aurkako KiVa programaren oinarri filosofikoak?

Programa honen oinarrian ideia nagusi bat dago: eskola jazarpena gerarazteko, erabakigarria da eskola jazarpenaren lekukoak direnengan eragitea, bullying-a taldeko fenomeno bat baita. Hori dela-eta, KiVak taldeko arauetan eragitea bilatzen du, eta biktimekiko enpatia bultzatzen ahalegintzen da, beste ekintza batzuekin batera.

Konbentzituta gaude, eta emaitzek hala esaten digute, talde osoan eraginez murriztu daitekeela eskola jazarpena, ez soilik biktiman eta bere erasotzailearengan eraginez. Eskola jazarpen baten lekukoen jokabidearen arabera jazarpen horri eutsi egingo zaio edo arazoa konpontzen lagunduko da.

Zeintzuk dira KiVaren osagai nagusiak?

Aurrez azaldu bezala, ekintza prebentiboak eta esku-hartzekoak ditu KiVak. Ekintza prebentiboak oso garrantzitsuak dira, nahiz eta denok dakigun, ahalik eta prebentziozko neurri gehienak hartuta ere, ez dugula eskola jazarpena zeharo desagerraraziko. Hori dela-eta, bitartekoak eta tresnak behar ditugu, baita ere, eskolako arduradunek bullying kasu bat hautematen duten unean esku-hartu ahal izateko. KiVak bi kasuetarako ematen ditu tresnak eta baliabideak. Material ugari ditu KiVak ikasle, irakasle eta gurasoentzako, bai paperean nola digitalean ere. KiVak eskola arduradunak trebatzen ditu eskola jazarpenaren aurrean zer egin, noiz egin eta nola egin behar duten jakin dezaten.

Zeintzuk dira KiVa programa berezi eta bakar egiten duten ezaugarri nagusiak?

Ikasturtean zehar emateko ikasgai sail bat du KiVak ikasleentzako. Ariketa eta jarduera desberdinak proposatzen dira. Ikasgai horien artean, adibidez, ikasleei erakusten zaie nola izan aktibo eta nola egin aurre eskola jazarpen baten aurrean, edota nola lagundu jazarpena jasaten ari den bati. Ikasleentzako ikasgai horiek  lotuta daude online joko batzuekin; haien bitartez beren abilitateak trebatu eta gehiago ikas dezakete.

Zein adin taldeetarako dago zuzendua KiVa programa?

Hiru adin talde bereizi ditugu programa aurrera eramateko. Adin talde bakoitzarekin unitate bat lantzen dugu. Lehenbiziko unitatea 7-9 urte bitarteko ikasleei zuzendua dago; bigarren unitatea 10-12 urte bitarteko ikasleei; eta hirugarren unitatea 13-15 urte bitartekoei.

Zenbateraino da eragingarria KiVa programa? Noraino iristen da haren arrakasta?

Finlandian, KiVa programari esker eskola jazarpenaren maiztasun tasak eta biktimizazioarenak jaitsi egin dira urtero, martxan jarri genuenetik, 2009. urtetik, hain zuzen ere. Beraz, funtzionatzen du, eta arrakastarekin funtzionatu ere. Esaterako, KiVaren inplementazioaren urteotan, sei urteotan,  erdia baino gehiago jaitsi da erasotzaileen proportzioa. KiVaren baliagarritasuna frogatuta geratu da, era berean, beste herrialde batzuetan; esaterako Italian, Erresuma Batuan, Estonian eta Herbehereetan.  Herrialde horietan, KiVa programa martxan jarritako ikasteetxeetan %30-50 jaitsi da eskola jazarpena lehenbiziko urtean.

Esan daiteke, beraz, miraririk eragiten ez badu ere, eragingarria dela KiVa.

Hori da, bai. Eta ez da formula magikoa ere. Esan nahi dut, programa honek ez du desagerrarazten eskola jazarpena, murriztea lortzen du, asko gainera, baina ikusten da programa bera ezarritako lekuetan ere badirela jazarpen kasuak. Horretarako zabaldu da, baita ere, salaketa anonimoaren bidea. Izan ere, eskola jazarpena detektatzea oso zaila izaten da askotan. Inor heroi bihurtu gabe halako kasuak salatu ahal izateko aukera ematen du Internet  bidezko salaketak, adibidez, guztiz anonimoa baita. Ohartu gara bide horretatik lortu ahal direla bestela detektatuko ez genituzkeen eskola jazarpen batzuk antzematea.

Eskola jazarpenaren aurkako programa honek eraginik badu ikasleen nortasunean eta jokabidean eskolaz kanpo, adibidez, familian edo lagunekin denean?

KiVaren bitartez, ikasleek komunikazioa, elkar-ekintza, emozioen kudeaketa, errespetua, enpatia eta beste balio batzuk lantzen dituzte. Ezagutza horiek, noski, bizitzaren alor guztietan dira aplikagarri; eskolaz kanpo ere bai. Kontuan hartu behar dugu ekintza baten aurreko talde jokabidea aldatzea dela asmoa. Horretarako landu behar diren balio horiek guztiek derrigor eragiten dute beste ekintza askoren aurrean talde jokabidea eta pertsonala aldatzea.

Zenbat denbora behar izaten da eskola batean KiVa programa inplementatzeko? Zaila da eskola komunitate batentzat programa honetan murgiltzea?

Lehenbizi eskolako arduradunek ikastaro bat egin behar dute; gutxi gora behera, bi edo hiru eguneko ikastaro trinko bat da. Ondoren, ikastetxeak KiVa programa martxan jartzeko material didaktikoak eta bestelakoak jasoko ditu. Inplementazioa hasi aurretik online bidezko galdetegi bat bete beharko du. Eta, azkenik, programa hasiko du udazkenean. Beraz, ez da inondik ere zailtasunez betetako bide edo prozesua.

KiVak, dena den, ez du urtebete baterako proiektu bat izateko balio, baizik eta jazarpenaren aurkako lan iraunkor bat izateko egin da. Horregatik, KiVa programa martxan jartzea epe luzerako konpromiso bat da.

ENTRESAKAK

“Programa honen oinarrian ideia nagusi bat dago: eskola jazarpena gerarazteko, erabakigarria da eskola jazarpenaren lekukoak direnengan eragitea, bullying-a taldeko fenomeno bat baita. Hori dela-eta, KiVak taldeko arauetan eragitea bilatzen du, eta biktimekiko enpatia bultzatzen ahalegintzen da, beste ekintza batzuekin batera”.

“KiVaren bitartez, ikasleek komunikazioa, elkar-ekintza, emozioen kudeaketa, errespetua, enpatia eta beste balio batzuk lantzen dituzte. Ezagutza horiek, noski, bizitzaren alor guztietan dira aplikagarri; eskolaz kanpo ere bai”

ikastola 217
2016 Otsaila
217