Ikastolen izana eta izena zabaltzen
Ikastolen Elkartearen eskutik
Jardunaldiak, hitzaldiak, egitasmoak
Maiz gertatzen dena da labur-labur adieraziko dizueguna: Ikastolen Elkarteko profesionalek laguntzen dute bertan egositakoaren zabalkundea egiten, ikastolen izen ona zabaltzen nonahi, izan Euskal Herrian bertan, izan Europa mailan.
MATEMATIKAREN IRAKASKUNTZARAKO IV. JARDUNALDIAK
Iruñean egin dira, urriaren 23 eta 24an, Tornamira Elkarteak antolatuta. Tailerraren izenburua GeoGebra aplikazioaren murgiltzea EKI proiektuko ikasmaterialean izan zen, eta hizlariak, berriz, Ritxi Abril, Xabier Garcia eta Maite Gomez egile eta lankideak.
“Geometria dinamikoaren GeoGebra aplikazioa EKI proiektuko matematika arloan nola eta zertarako ari garen erabiltzen aurkeztu genuen. EKI proiektuan GeoGebra aplikazioaren erabilerarekin helburu hauek lortu nahi ditugu: irudi lauak zein gorputz geometrikoak irudikatzea eta GeoGebrako simulazioak sortzea, propietate geometrikoak errazago ulertzea eta propietate berriak ondorioztatzea simulazioak manipulatuz, eta CAS kalkulagailua erabiltzea eragiketa aljebraikoen zuzenketak egiteko. Hori guztia ikasmaterialeko jarduera zehatzak aztertuz landu genuen”, kontatu digute.
INFORMATIKA EUSKALDUNEN X BILKURA
Amesten al dute Androideek ardi latx elektrikoekin? Donostian, azaroaren 12an, Udako Euskal Unibertsitateak antolatuta, Donostiako Teknologia elkartegian.
Josune Gerekak aurkeztu zuen Konpetentzia digitalaren uztarketa ikasarloetan, eta hitzaldiaren helburua izan da “argitzea zer den konpetentzia digitala gure curriculumean, eta DBHrako garatzen ari garen ikasmaterialetan hori modu pertinentean nola txertatzen den arlo guztietan, arloko hainbat jarduera IKT-koa bilakatuz”.
“Gure helburua baita ikaslea gai bihurtzea bere bizitzako eremuetan, zeregin bat diseinatzean eta planifikatzean, informazioa kudeatzean, produkzio digitalak sortzean, elkarlanean aritzean eta emaitzak komunikatzerakoan. Eta horretarako egoera bakoitzak eskatzen duen IKT baliabideen erabilera egokia eskaintzea, eraginkorra eta arduratsua izan dadin hori guztia, hiritar digital arduratsua izateko eta sarean etengabeko (auto)ikasketarako prestatzeko”, adierazi digu.
Informatikari euskaldunen bilkura izanik, robotikaren munduaz ez ezik, informatikan garatzen ari diren esperientziak eta softwareen berri eman ziren.
IKASTOLEN ELEANIZTASUN EGITASMOA EUROPAN adibide
Phill Ball Ikastolen Elkarteko langile, egile eta aholkulariak bi hitzalditan hartu du parte azkeneko asteotan, eta horren berri eman digu.
“Urrian Lituanian izan naiz, Vilnius hiri nagusian, Eleaniztasun markoan urtero antolatzen duten jardunaldietan. Ikastolen esperientziagatik deitu zidaten lehen eguneko hitzaldi nagusia emateko eta arratsaldeko tailerra antolatzeko. Konpetentzien inguruko eredutik abiatuta, ingeleseko irakaslearen papera zein den eleaniztasun kontestuan, zer egin behar duen, eta nola lagun dezakeen argitzen lagundu nien. Tailerrean, DBH 1en erabiltzen ditugun hainbat egoera eta adibide aztertu genituen.
Azaroan, Utrecht hirian izan naiz hitzaldi erraldoi batean, irakasgai ezberdinetako 800 irakasle baino gehiago biltzen baitira urtero. Bukaerako hitzaldia izan zen oraingoan; irakasleen kontzientzia linguistikoaz aritu nintzen, hizkuntzaren garrantziaz edozein ikasgai irakatsita ere”, aipatu digu.
EUROCLIO
Europako historia irakasleen Elkartearekin Harri Beobide lankidea.
“Oraingoan EBko diru-laguntzari esker Silencing Citizens through Censorship unitatea sortuko dugu (zentsuraren bidez hiritarrak isilarazten). Macedonia, Polonia, Alemania, Hungaria, Italia, Frantzia eta Euskal Herriko 10 irakaslek Eurocliokoen bitartekaritzarekin elkarrekin lan egingo dugu 2015-2016n zehar hori gauzatzeko. Lehen bilera La Hayan izan zen urrian; bertan, proiektuaren nondik norakoak zehaztu genituen, iturrien hautaketa egin eta lanak antolatzeko. Urtarrilean Bolonian bilduko gara egindakoa partekatu, komunean jarri eta jarduerak zehazteko. Ondoren ekainera arteko tartea izango dugu sortutako lana hainbat ikastetxetan frogatu eta ebaluatzeko. Ekainean Budapesten egindakoa baloratuko dugu, beharko dituen doikuntzak eginez. Ondoren, abendura arte, bakoitzak gure lurraldean egindakoaren berri eman, zabaldu eta proiektua ezagutarazteko momentua izango dugu eta, abenduan, Skopjen egingo dugun bileran amaiera emango diogu aurtengo proiektuari” esan digu.