Mende erdiko historia bete dute Nafarroako ikastolek
Nafarroako Ikastolak
Ospatzeko eta ezagutarazteko egin dituzte hamaika ekintza
Nafarroako ikastolek, NIEren eskutik, ospatu dituzte hilabete luze batez 50. Urteurrenako hainbat ekitaldi kultura, kirola eta pedagogiarekin lotuak. Guztiek oihartzun handia izan dute Nafarroako gizartean; eta Fermin Erbitiren liburuak bildu du historia.
1965eko urrian ireki zituen ateak Uxue ikastolak, Espainiako gerraren ostean Nafarroan ireki zen lehenbizikoa. Lehenbizikoa eta hurrena etorriko zirenen aitzindari bilakatu zen.Uxue ikastolaren ibilbidea urte gutxikoa izan zen, desagertu egin baitzen bere ordez bi ikastola sortzeko: Paz de Ziganda eta San Fermin ikastolak. Geroago itzuliko zen ikastola Iruñera, Jaso sortu zenean.
Lehenbiziko ikastola izaki, Nafarroako ikastolek euren historiaren hastapen gisa ospatu dute mende erdiko ibilbidea. Urteurrena ospatu bai, baina etorkizunari begira ospatu ere. Ekitaldi ugari egin dituzte, eta ospakizunei amaiera emateko gala ba egin zuten Iruñeko Zentral dantzalekuan.
Esker ona adierazteko aprobetxatu zuten ekitaldia, Nafarroako gizarteari ez ezik, 50 urteotan sortutako hamabost ikastolei, proiektuotan parte hartutako guztiei, eta omenaldi berezi bat eskaini zieten aitzindariei.
Haiei esker, egun 15 ikastola direla azpimarratu zuten, 6.500 ikaslerekin, 4.200 kooperatibistekin eta 610 langilerekin. «Harro gaude lortutakoaz, eta gure zoriontasuna helarazi nahi diogu gizarteari», azaldu zuten. Ikastoletako kideak ez ziren bakarrik izan, ordea, ospakizunetan. Izan ere, euskalgintza, hezkuntza eta kultura arloetako eragile eta pertsona ezagun ugarirekin batera ospatu zuten euren urteurrena.
Erakundeen aldetik ere festara agertu ziren, besteak beste, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilari Jose Luis Mendoza, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznarez eta Iruñeko alkate Joseba Asiron.
Ametsa egia liburua
Nafarroako lehenbiziko ikastola garaikidearen berrogeita hamargarren urteurrenaren harira, liburu bat ere argitaratu dute Nafarroako ikastolek. Hain zuzen ere, Fermin Erbiti kazetariak idatzi duen Ametsa egia da liburu hori. San Fermin ikastolako guraso eta lehendakari ohi ere bada Erbiti. Berrogeita hamar urteotako historia eta istorioak bildu ditu Ametsa egia liburuan. Egun Nafarroan diren 15 ikastolen historia eta bakoitzaren datu esanguratsuenak biltzen ditu liburuak, baina ikastolen aurrekariak ere jaso ditu, Espainiako gerraren aurreko ikastolei, Arturo Campionen lanari eta XIX. mendean sorturiko euskarazko eskolei ere aipamen eginez.
Nafarroa Oinez igaro ostean egin dituzte Nafarroako Ikastolek euren historiaren ospakizun ekitaldi gehienak. Liburuaren aurkezpenarekin hasi zuten, eta horrekin batera beste hainbat ekintza ere egin dituzte amaiera Galarekin emanez: San Fermin, Paz de Ziganda eta Jaso ikastolak lotu zituen bizikleta martxa, Oskorriren agurra Nafarroan, Euskal Herri mailako igeriketa txapelketa, pilota txapelketa eta jardunaldi pedagogikoak - konpetentzien garapenerako BLOK egitasmoa azaldu zuten eta kooperatibismoaz eta talde kooperatiboez mintzatu ziren-, besteak beste.
Gala deituriko ekitaldian Ikastola bakoitzetik ordezkari batek jaso zuen 50.urteko ikurra ikastolara eramateko. Esker eskubiko argazkietan ageri dira NIEko lehendakaria Pello Irujorekin eta zuzendaria Josu Reparazekin batera,Tantirumairu Ikastolatik ANTTON ERKIZIA, Zangozakotik JAVIER LASA, Jasotik KONTXITA MARTINEZ DE LEZEA, San Fermin Ikastolatik CARLOS GARAIKOETXEA, Baztan Ikastolatik MARCOS IRIGOIEN, Andra Maritik JOSE LUIS ALDAZ, Erentzun Ikastolatik MIGUEL DIAZ DE CERIO, Paz de Zigandatik AINTZANE APEZETXEA, Tafallako Ikastolatik ROSA ALKORTA, Argiatik ESTHER ROLDAN, Arangoiti Ikastolatik IZASKUN ALDAZ, Iñigo Aritzatik GERARDO DEL OLMO, Ibaialdetik LUIS MIGUEL MARTINEZ, Lizarra Ikastolatik JESUS ROS eta Labiagatik Ixa Ordoñez.