Lanbide Heziketaren alemaniar eredua
Lanbide Heziketa Jardunaldia
Donostiako Koldo Mitxelenan burutu da
Ikasketak eta praktikak aldi berean egitea eta praktikak egiteagatik soldata jasotzea. Horixe da, laburbilduta, Alemanian. Hori da urte luzz martxan dagoen Lanbide Heziketaren eredua, erdu dual gisa ezagutzen dena. Eta funtzionatzen du Alemanian: gazteen langabezia tasa %7,6da. Eredu hori ezagutzeko jardunaldia egin zen iragan azaroaren 25ean, Donostian.
Lanbide Heziketaren arloan, alemaniar eredua, eredu duala, da azken aldi honetan gehien aipatzen den sistema, eta herrialde hartan ematen dituen emaitza onak ikusita, nork berera eramateko eredutzat ere hartu da. Euskal Autonomia Erkidegoan, gainera, Lanbide Heziketaren gaineko dekretua onartzear dago, eta bertan ikusten da Lanbide Heziketarekiko apustua indartu egin nahi duela Eusko Jaurlaritzak.
Bi arrazoi horiek direla medio, ezin une egokiagoan egin zen alemaniar eredua ezagutzeko eta haren xehetasuna aztertzeko jardunaldia iragan azaroaren 25ean, Donostian. Ikastolen Elkarteak, Ekai Center-ek eta FES Friedrich Ebert Fundazioak antolatutako jardunaldia izan zen, Koldo Mitxelena Kulturunean egindakoa.
Zer du berezia Lanbide Heziketaren alemaniar ereduak? Ekai Center-eko Larraitz Altunak eta FESko Lothar Sprentzelek argitu zituzten alemaniar eredu dualaren ezaugarriak, funtzionatzeko moduak eta arrakastaren arrazoiak.
Berezi egiten duen ezaugarri nagusia da ikasleak ikasketa prozesuaren zati handi bat (erdia baino gehiago), enpresa batean egiten duela, ikastetxetik kanpora. Enpresa jarduna izango du baliabide pedagogiko nagusia. Beraz, ikastetxeak ez dira ikaslearen ikaskuntza prozesuaren erdigunea; eredu enpresazentrikoa da.
Ikaslea aprendiz bihurtzen da. Enpresak aprendiz postuak ateratzen ditu; ikasleak izena ematen du eta hautaproba gainditu beharko du; hautatua bada, lan kontratua izenpetuko du; eta, ostean, ikastetxean matrikulatuko da. Izan ere, aprendiz garaian, ikasleak kontratu bat ere edukiko du: hasiera eta amaiera zehaztuta edukiko du (bi edo hiru urte izaten da), eta lau hilabeteko froga bat izango du; soldata bat ere jasoko du. Egun, batez beste 780 euro jasotzen ditu aprendiz batek Alemanian, eta ordainsariak progresiboak dira.
Enpresatan, berriz, tutore figura agertzen da. Hark gidatuko du aprendiza enpresan lan praktikak egiten dituen bitartean. Tutorea enpresako langile bat da. Figura garrantzitsua izango da etapa horretan ikaslearentzat, eta, ondorioz, formazio bereziko pertsona izan behar du tutoreak.
Tutorearen formaziorako, eta haren eta enpresaren ebaluaziorako beste agente batzuk sartzen dira jokoan: Merkataritza eta Industria ganberak. Hauei dagokie tutoreak formatzea eta enpresak ebaluatzea; era berean, ikastetxearen ebaluazioaz ere arduratzen dira.
Eta non kokatzen da ikastetxea? Esan dugunez, paper zentrala galdu egiten du, baina funtsezko papera jokatzen jarraituko du ikaslearen hezkuntza garapenean. Bere esku daude: hezkuntza orokorreko ezagutzen transmisioa, ikasleak konpetentzia pertsonal eta sozialak eskuratzea (autonomia pertsonala, autokonfiantza, erabakiak hartzeko gaitasuna…) eta lanbide heziketa osagarria ematea (enpresatan ikasitakoa sakontzeko)
Arrakasta duen eredua
Egiazki, Alemanian arrakasta handiko eredua da. Derrigorrezko hezkuntza amaitu eta ikasketak jarraitzen dituzten ikasleen erdiek hautatzen dute Lanbide Heziketa. 330 lanbide desberdin ikasteko aukera ematen du. Ikasketak amaitzerakoan enpresek praktikak egin dituzten ikasleen bi hereni lanean jarraitzeko aukera ematen diete.
Lanbide Heziketaren arrakastaren arrazoien artean aipatu beharrekoak dira: Alemaniako gizartean Lanbide Heziketak duen irudi ona; sistemak duen 300 urteko historia; esku-lan kualifikatuaren eskari handia; enpresa txiki eta ertainen sendotasuna…
Faktore positibo gisa jo behar da baita ere, Lanbide Heziketa amaitu bezain laster unibertsitate ikasketak egin daitezkeela; horrek gazte asko animatzen ditu unibertsitate ikasketak egin aurretik enpresa mundua ezagutzeko lanbide heziketara joatea. Era berean, enpresentzako ere onuragarria da sistema hau: beren beharretara beren-beregi prestatutako langileak lortzen dituzte, eta lan praktiketan hasi orduko produzitzen hasten dira aprendizak; inbertsioaren %76ko zuzeneko amortizazioa du.
Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk, Ekai Centerreko zuzendari Adrian Zelaiak, FESko ordezkari Michael Ehrkek, Eusko Jaurlaritzako Formazio eta Ikaskuntzako zuzendari Ramon Martinez de Murgiak eta Alemaniar enbaxadako Hezkuntza arduradun Dagmar Reidelshoefer-ek ere hartu zuten parte jardunaldian.
ENTRESAKAK
Lanbide Heziketa amaitu bezain laster unibertsitate ikasketak egin daitezke; horrek gazte asko animatzen ditu Lanbide Heziketara, aukera dutelako unibertsitate ikasketak egin aurretik enpresa mundua ezagutzeko.
Enpresentzako ere onuragarria da sistema hau: beren beharretara beren-beregi prestatutako langileak lortzen dituzte, eta lan praktiketan hasi orduko produzitzen hasten dira aprendizak.