IKASTOLA 216 > elkarrizketak > Xabiroi hamar urte ziztatzen
Dani Fano
Dani Fano
Dani Fano
Xabiroi
Xabiroi
Xabiroi
Xabiroi
Xabiroi
Xabiroi
Xabiroi
Xabiroi
Xabiroi
Xabiroi
Xabiroi
Xabiroi
Xabiroi
Xabiroi
Xabiroi
Xabiroi
Xabiroi

Dani Fano

Xabiroi hamar urte ziztatzen

Hamar urteotan erreferentzia bilakatu da XABIROI euskarazko komikigintzan

Eta etorriko dena. Dagoeneko ezaguna da XABIROI gure artean, eta jarratzaile ugari ditu. 

Ikastolen Elkartearen baitan sortu zen Xabiroi komiki aldizkaria, eta zehazki Euskaraz Bizi proiektuaren barruan, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko bitarteko erakargarria izan zitekeela pentsatuta. Euskaraz Bizi Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan zentratuta egonik DBH eta Batxilergorako gauza gutxi zeuden gazteak euskararen erabilerara erakartzeko, eta erabilera hori zein irakurzaletasuna biak batean bultzatzeko sortu zen Xabiroi.

Era berean, beste bi helburu ere bete zituen: batetik, gazte eta helduentzako euskarazko komiki eskaintza egitea, ordurako desagertu baitziren Xabiroiren aurrekoak; bestetik, berriz, kaleko euskara jasotzeko eta berritzeko aukera eman zuen komikiak, hizkuntza zuzena erabiltzen baitu.

Aitortzak eta sariak

Helburu nagusiak horiek izanik ere, Xabiroik beste batzuk ere lortu ditu. Nagusietakoa izan da euskal komikigintzari erakusleiho handi bat eskaintzea, irudigile eta gidoilariak harremanetan jartzea, eta horientzako sare  bat osatzea. Gaur egun, Xabiroiren inguruan dabil euskal komikigintza.

Hamargarren urteurrena indar betean ospatzeko moduan da, beraz, Xabiroi. Atzera begiratuta, gainera,38 zenbaki kaleratu ditu dagoeneko, eta 39.a bidean da. Horiekin batera, zortzi album kaleratu ditu Xabiroi bildumak.

Egindako lan horrek guztiak errekonozimendu ere izan du. Iaz, esaterako, Getxoko komiki azokak omendu egin zuen Xabiroiren lana. Eta ez hori bakarrik. Sari gehiago ere jaso ditu Xabiroik. Izan ere, Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria jaso zuen Xabiroi bildumako ‘Azken garaipena’ lanak, Iban Zalduak eta Julen Ribasek egindakoak.

 

DANI FANOri elkarrizketa.
Dani, Xabiroi aldizkariaren koordinatzailea da.

“Zenbaki bakoitza argitaratze hutsa mirari bat dela iruditzen zait oraindik”

Nolakoa izan zen Xabiroiren gestazioa?

Ikastolen Elkartetik atera zen proposamena. Nik ordurako hainbat lan egiten nituen Ikastolen Elkartearentzat. Harremana bagenuen, eta bazuten nire komiki-zaletasunaren berri. Gogoratzen dut bazkari batean proposatu zidatela: zergatik ez diguzu aurkezten komiki aldizkari proiektu bat?. Ni txoratzen hasi jarri nintzen. Eta garatu nuen proiektua, aurkeztu nien Ikastolen Elkarteko arduradunei, hasi ginen aztertzen aukerarik bazegoen, eta baietz ikusi zen.

Zein helbururekin sortu zen Xabiroi?

Hasieratik hiru helburu planteatu genituen. Lehenbizikoa zen gazte eta nerabeentzako komiki eskaintzarik ez zegoela, eta zulo hori estaltzea. Garai hartan Ipurbeltz zegoen, eta hura haurrentzat zegoen pentsatua. Nerabe-gazteentzat ez zegoen ezer. Eta tarte hori oso interesgarria da, funtsezkoa ere bai, zaletasunak, batez ere artistiko eta literarioak, adin horretan garatzen direlako.

Beste alde batetik, komikiak hizkuntza berezia du; hizkuntza zuzen eta sintetikoa du, kaleko hizkuntzarekin antz handia duena. Hori, beraz, oso interesgarria zen, bai aldizkarian jasotzea kalean egiten den euskara, eta bai kaleko euskarari aldizkaritik hainbat proposamen egitea.

Hirugarren helburua, berriz, komiki produkzioari eta komikigileei zegokiena zen. Euskal Herrian komiki gutxi argitaratzen ziren eta dira, eta euskaraz are gutxiago. Bestalde, herri honetan komikigile eta marrazkigile oso onak ere baditugu kanpoan lan egiten dutenak eta hemen berriz ezezagunak direnak, eta beraz horiek ere ezagutzera ematea bazen gure helburuetako bat.

Helburu horiei eusten diegu oraindik, gaurkotasun handikoak baitira.

Nola konbentzitu zenituen marrazkilari eta gidoigileak, Xabiroi-n euren lanak argitara zitzaten?

Polita izan zen prozesua, oso polita. Gaur egun askoz errazagoa da, edonori Xabiroi-n parte hartzeko deitzen diozunean ezaguna du proiektua eta berehala esaten dizulako baietz. Garai hartan, aldiz, ezezaguna zen. Dena esplikatu behar zen. Komikigileak konbentzitzea oso erraza izan zen; hain publikazio gutxi daude gure herrian, ezen aukera bat emate hutsa dagoeneko asko baita, gainera baldintza onetan ordainduta, serioa, zabalkunde handia izango zuena …

Hasiera batean jo nuen ezagutzen nituen egileengana. Baina gero hasi nintzen Euskal Herriko komikigintza gehiago aztertu eta ikertzen, eta Xabiroiren zenbaki bakoitzean egile gehiago ezagutarazteko ahaleginak egiten.

Euskal Herrian oso adierazpen artistiko minorizatua izan denez, komikigintza beti izan da edo ia gehienetan behintzat, langintza bakartia. Bakar batek egiten du dena, gidoia, marrazkiak, ilustrazioak … komikigintzaren tradizioan hori ez da horrela. Bai AEBetan, bai Frantzian, komikigintza ulertzen da talde lana bezala, gutxienez gidoilari-marrazkilari tandem bezala

Euskal Herrian marrazkilariak aritu dira soilik komikigintzan. Eta ez du zertan izan behar. Orduan, guk egin genuen arrantza. Hemengo istorio asmatzaile batzuengana jo genuen komikigintzara ekartzeko. Eta hasieratik sartu ziren Unai Iturriaga, Harkaitz Cano, Joxean Muñoz… Haiek denak oso gustura hartu zuten proposamena. Gero proposamena zabaldu egin dugu eta parte hartu dute aldizkarian idazle askok edo komikiaren munduko ez den askok. Hori uste dut izan dela gure ekarpen handietako bat.

Gainera, Xabiroiri esker komikigintza lehen aldiz dastatu duten egile askok errepikatu egin du, eta ez Xabiroin bakarrik, beste jauzi batzuk ere egin dituzte. Harkaitz Canok esaterako.

Azken batean, nik uste dut, euskal komikigintzari Xabiroik egin dion ekarpen handietakoa hori izan dela: lokartuta edota sakabanatuta zeuden egileen sare bat ehundu dugu, elkarrekin harremanetan jarri ditugu… eta horretatik adar berriak atera dira; Xabiroitik kanpo, Sanvik eta Unai Iturriagak Udaberri ankerrena egin zuten, Canok Black is Beltza-n hartu du parte, H28 publikazioa ez da Xabiroitik atera, baina Xabiroiri esker piztu edo berpiztu diren harremanetatik.

Ez baita bakarrik Xabiroin argitaratzea, baizik eta horren aitzakian elkartu, afariak egin, komiki eta liburu azoketara joan… horrek guztiak asko lagundu du egile sare hori egonkortzen, eta hortik atera dira beste hainbat proiekturen kimuak.

Errekonozimenduak ere jasotzen ari da Xabiroi; Getxoko komiki eta Euskadi saria

Bai egia da, eta lehen aldia izan zen komiki batek Euskadi Saria irabazi zuela, eta literatura atalean, eta marrazkigintzarenean. Eta bai pozgarria da sari eta errekonozimendu horiek etxean jasotzea. Izan ere kanpoan bai, euskal komikigintzak jaso du errekonozimendua, baina barruan oso gutxi. Ezin gara kexatu, dena den; proiektu hau oso maitatua izan da alde guztietatik, eta hasieratik gainera.

Xabiroik ere eman dio euskal komikigintzari maiztasun batez egotea kioskoetan; gainera, urtero argitaratzen duzuen bildumak ere ziurtatzen du gutxienez urtean album bat egongo dela euskaraz.

Jarraitutasuna funtsezkoa da adierazpen artistiko batek iraun dezan. Eta hori da galdu genuena aldizkariak desagertu zirenean. 80ko hamarraldian aldizkarien bitartez kontsumitzen ziren komikiak. Eta horrek bai egileei bai irakurleei maiztasun bat ematen zien, sosak ere bai gutxienez mantentzeko. Orain kontsumo ohiturak aldatu egin dira. Orain ia denak komiki liburuak dira, nobela grafikoak.. eta horrek ez du bermatzen jarraitutasun bat egotea, eta egile batek oso apustu sendoa egin beharra dauka 200 orrialdeko lan bat egiteko, jakin gabe publikatuko dioten.

Euskal argitaletxeek ez dute komikigintzaren aldeko apusturik egiten. Zenbat ipuin liburu, zenbat eleberri kaleratzen dituzte urtero? Eta, aldiz, komikiak? Oso gutxi argitaratzen dute, ez dira iristen urtean album bat ere argitaratzera, bi urtean behin edo egin ohi dute.

Orduan, Xabiroi bezalako euskarri bat egoteak bermatzen du gutxieneko bat hor egongo dela, eta ekimen bakar batena izanik gutxieneko bat baino gehiago dela esango nuke.

Nola dabil osasunez Xabiroi? Heldu da iritsi nahi zuen lekuraino?

Niri zenbaki bakoitza argitaratze hutsa mirari bat dela iruditzen zait oraindik, eta dagoeneko 38 atera ditugu eta 8 bilduma. Oso negarti izateko joera dugu sorkuntzan ibiltzen garenok, askotan arrazoi sendoz, baina jarraitu dugu, pasa ditugu garai latzak eta jarraitzen dugu. Orduan, esan beharko nuke baietz, oso ondo gabiltzala osasunez.

Nor da Xabiroiren irakurlea?

Denetariko irakurleak ditugu. Uste dut asmatu genuela nori zuzendu. Oso adin zaila da. Hamabi urtetik gorakoentzat egindako produktu bat da Xabiroi. Gainera 12-18 urte artekoentzat; pentsa nolako aldea dagoen 12 urteko eta 18 urteko neska eta mutil baten artean. Kontuan hartu beharreko lehenbiziko premisa da ezin dituzula haurtzat hartu. Hori hanka-sartzerik handiena litzateke. Gogoratu behar duzu nerabezaroan zer irakurtzen zenuen:  helduek irakurtzen zuten gauza bera.

Orduan, beti eskatu diogu nerabe horri salto bat ematea, eta ez alderantziz. Uste dut asmatu egin dugula horretan, eta funtzionatzen baldin badu uste dut horregatik dela, ez ditugulako gutxiesten, errespetuz jokatzen dugulako, guretzat egindako produktu bat bezala egiten dugulako Xabiroi.

Ikastolen bitartez banatzen da Xabiroi ia bere osotasunean. Baina Ikastoletatik at ditugun harpidedun gehienak helduak dira, eta horietatik asko emakumezkoak.

10 urteotan zein deskubrimendu egin du Xabiroik?

Bat ez, pila bat. Esan dizut lehen ere, askotan kexatzen garela sortzaileok, eta askotan motiboak ditugula kexatzeko. Baina zenbaki berri bat maketatzen hasten garenean, eta jasotzen ditugunean egileen lanak, dena pasatzen zaizu. Zorionez, Euskal Herrian sekulako maila dago komikigintzan, eta gidoilarien artetik ere badira (Unai Iturriaga, Harkaitz Cano, Iurre Ugarte, Eider Rodriguez…) nahiz eta gidoigintzan esperientzia izan komikigintzan eskarmenturik ez zutenak. Beraz, etengabeko deskubrimenduak egin ditugu.

Gure lanetako bat da ikustea zein jende berri datorren. Baina askotan deskubrimenduak ez daude jende berrietan, daude beste aldean: komikigintza aspaldi utzita zuten egileak berriro marrazten edo gidoiak idazten jartzean, egile belaunaldiak nahastean…

Borroka izaten duzue hurrengo zenbakiak pentsatzerakoan nor sartu eta nor ez?

Ez da borrokarik, super hiper programatua dagoelako dena. Sailak txandakatu egiten dira, egileak ere bai… Xabiroik laguntza publikoak jasotzen ditu. Jasotzen den laguntza publiko hori egileen artean banatzea eta ahalik eta gehien banatzea behar bat da. Kalitate parametro baremo baten barruan, saiatzen gara txandatzen eta tartekatzen eta denetarik egoten. Bariazio hori eskertu egiten dute egileek eta irakurleek.

Komikigile askorentzat izan da tranpolina Xabiroi?

Nik uste dut Xabiroin parte hartzen dugun edo hartu dugun guztiontzako izan dela tranpolina. Gutxienez, gure lanak Euskal Herrian ezagutzera emateko. Batzuentzat lehen kolaborazio luzeak izan dira; besteentzat berpizte bat ere izan da. Nik uste dut ia guztiontzat izan dela tranpolina. Kolaborazio luze bat egiten hasi eta amaitu duen egile batek izugarrizko garapena jasaten du denbora horretan. Beraz, bere lanaren bilakaeran laguntzaile izan da Xabiroi.

ikastola 216
2015 abendua
216