Ikastola, euskal gizartearen zerbitzura
IKASTOLEN 2015-2016 IKASTURTEAREN HASIERA EKITALDIA
Ikastolen ereduari gorazarre
Ikastola ereduaren aldeko aldarri bilakatu zen Soreasu antzokian irailaren 26an egin zen ekitaldia.
eta horixe azpimarratu zen, ikastola eredua euskal gizarteari eskainia dela, eta haren zerbitzura dihardutela gure ikastolek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legearen eztabaida ahalik eta azkarren abiatzeko eskatu zuten ikastolek, eta lege horren abiaburua Hezkuntza Zerbitzu Publikoa izatea aldarrikatu zuten.
Ikastola ereduaren azalpenetik abiatu zen ekitaldia, eta haren gorazarre egin zuten EHIko lehendakari Koldo Tellituk eta ikasturte hasiera ekitaldian omenaldia jaso zuten ikastoletako ordezkariek erreportaje batean utzitako lekukotzetan. Berdin Partaideko lehenbiziko artezkaritzako kideek eginikoek ere, haiek ere omendu baitzituzten iraileko azken larunbatean.
Izan ere, hogei urte bete dira, 1993ko Eskola Publikoaren Legearen ondorioz Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastoletan egon zen zatiketa mingarriaren ostean, ikastola ereduari eutsi eta euren ikastolak birsortu zituztela Azpeitian, Beasainen, Elorrion eta Leioan. Horregatik omendu zituzten Ikasberri, Andramendi, Txintxirri eta Betiko ikastolak. Orduan protagonista izan ziren ikastola haietako ordezkariekin egindako bideo bat eskaini zen, eta ondoren oroigarri bana jaso zuten lau ikastolek. Andramendiko kide historiko Andoni Sarriegik, Betiko ikastolako lehendakariorde Javier Aguadok, Ikasberriko lehendakari Maitane Etxebarriak eta Txintxirriko lehendakari Beatriz Vazquezek jaso zituzten oroigarriak, EHIko lehendakari Koldo Tellitu eta lehendakariorde Arantza Manterolaren eskuetatik.
Partaide ere omendu zuten, hogei urte bete baitira sortu zela. Hain zuzen ere, Euskal Eskola Publikoaren legearen ondorioz sare publikora joan ez ziren eta ikastola ereduari eutsi zioten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastolek euren buruak kudeatu eta Jaurlaritzarekin harremanak egiteko sortu zuten Partaide. Bideo baten bitartez, Partaideko lehenbiziko lehendakari izan zen Miguel Angel Muñagorrik erakunde horren hastapenak zeintzuk izan ziren eta Jaurlaritzarekin harremanak nola normaldu zituzten azaldu zuen. Omenaldian, berriz, Lourdes Idoiagak hartu zuen hitza; Partaideko lehenbiziko lehendakariordea izan zen Idoiaga.
Uxue ikastolaren, 1936ko Gerraren ostean Nafarroan sortu zen lehenbiziko ikastolaren, 50. urteurrena dela ere gogoratu zen ekitaldian, eta urteurren hori ospatzeko udazken honetan Nafarroako ikastolek egingo dituzten ekitaldietarako gonbita ere luzatu zen.
Urteurren biribilik bete ez zuen arren Gasteizkok Armentia ikastola ere aipatu zen aurtengo ekitaldian. Izan ere Eskola Publikoaren legearen eztabaida pil-pilean zela sortu baitzen, 1992-93 ikasturtean. Arabako hiriburua ikastola ereduari eutsiko zion ikastetxerik gabe geratuko zen beldur sortu zen Armentia. Hamazazpi ikaslerekin hasi zen, eta gaur egun, berriz zortziehun ikasletik gora ditu.
Ikasturte hasiera berezia
Ikastola eredua azpimarratzeko aukera gehiago ere izan zen ikasturte hasierako ekitaldian.
Hala, hasiera berezia izan zuela nabarmendu zuten. Aitzindaritza pedagogikoa ikastolen ezaugarri nagusietako bat da, eta aurtengo ikasturtean bada hura azpimarratzeko motiborik: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara bideratutako EKI proiektuaren bertsio guztiz digitalarekin lanean hasi baitira 43 ikastolatan.
Ikastolen hedapena ere azpimarratu zen, Ipar Euskal Herrian hiru ikastola berrik ireki baitituzte ateak irailean: Azkaraten, Basusarrin eta Biriatun. Bidenabar, aipamen berezia egin zitzaion Ziburuko ikastolari, euskal herritarren sostengu eta babesari esker Kaskarotenea ikastolak egoitza berriarekin hasi baitu ikasturtea.
Hainbat gogoeta eta neurri eskaera
Ikastola ereduaren gaineko hausnarketaz gain, hezkuntza politikari dagozkion gaiak ere ukitu zituen Ikastolen Elkarteko lehendakariak bere hitz hartzean. Hainbat gogoeta plazaratu zituen eta hainbat neurri eskatu zituen Koldo Tellituk:
-Lomceri irmo aurre egiten jarraitzea, hura erabat indargabetu arte.
-Heziberri 2020 proiektuan Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak marraztutako marko pedagogikoa garatzeko egitasmoa aurrera ateratzea.
-Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege baterako elkarrizketa eta eztabaida prozesua indartsu abiaraztea. Tellituk deitoratu egin zuen legearen egitasmoak daukan atzerapena, eta ausardia eta determinazioa eskatu zituen aurrera egiteko. Lege horren abiapuntu gisa Hezkuntza Zerbitzu Publikoa izatea ere eskatu zuen.
-Lurralde guztietan euskararen eta euskal hezkuntzaren garapena bermatzeko neurriak hartzea; bereziki Ipar Euskal Herrian. “Egiten ari den lanaren neurriko aitorpena behar du Seaskak, alegia, haren mesederako neurriak eta kolaborazio aktiboa behar ditu”.
-Nafarroan, bestalde, gobernu aldaketarekin batera, Hizkuntza eta Hezkuntza politikan ikastolek aldaketa esanguratsuak espero dituztela esan zuen Tellituk; “onerako aldaketak, noski”. “Uste dugu, gainera, ikasturte hau oso garrantzitsua izango dela alor horretan. Horregatik, aldaketa horiek aurrera ateratzen laguntzeko prest daude ikastolak”, adierazi zuen.
Neurri horien guztien eskaera abiapuntu bat dutela iturburu esan zuen EHIren lehendakariak: “Proposamen hauek egiten ditugunean, gure seme-alabak, gure ikasleak ditugu begi bistan, haiek dira proposamen hauen guztien sorburu eta helburu”. Era berean, zerrendatu zituen ideiak “hezkuntza eragile gisa plazaratu nahi ditugun proposamen edo ekarpen gisa” hartzea nahi dutela ere esan zuen.
Proposamen horiek guztiak aurrera ateratzeko elkarlana eskatu eta eskaini zuten ikastolek. Elkarlana erakundeekin eta gainontzeko hezkuntza eragileekin.
Euskal Herriko ikastoletako irakasle eta guraso andana joan zen irailaren 26an Azpeitira, ikastolen ikasturte hasierako ekitaldira. Erakunde, alderdi politiko, sindikatu, hezkuntza eragile eta euskalgintzako gonbidatu ugari ere egon ziren ekitaldian.
Soreasu antzokian hitza hartu zuten, baita ere, Eusko Jaurlaritzako Kultura, Hizkuntza Politika eta Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza eta Komunikazio diputatu Imanol Lasak eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak.
CRISTINA URIARTE : “Hezkuntza eragile, sindikatu eta alderdi politiko guztiekin bilduko naiz”
TESTUA Lomceren aurrean “gurea defendatuz” eta zuhurtziaz jokatuz segituko dutela adierazi zuen ekitaldian Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek: “Gure eskubideen aldeko defentsan tinko jarraituko dugu”. Hezkuntza Legea ere aipatu zuen Uriartek, eta hura lantzen joateko prozesua abiatzear dagoela iragarri zuen: “Eragileekin hitz egingo dugu: hezkuntza eragile, sindikatu eta alderdi politiko guztiekin bilduko naiz”. Legeak, iraunkorra izan dadin, oinarri sendoak beharko dituela esan zuen: “Ez da erraza; badakit nork bere erritmoa markatu nahi duela. Badakigu gutxi geratzen dela legegintzaldia amaitzeko, baina helburua lortzeko lanean jarraituko dugu”, esan zuen Cristina Uriartek.
Azpeitiko alkateak bere herrian, “lege guztien aurka”, ikastola sortu zela 50 urte badirela gogoratu zuen: “Azpeitian aurten 50 urte ospatzen dira, lege guztien aurka ikastola sortu zenetik. Frankismoa zegoen, baina gure herrian dena arriskuan jarriz , ez zeuden tokietan zirrikituak bilatuz eta lan askorekin tresna magiko bat sortu zuten: ikastola. Horri esker gara garenak, eta tresna horri esker gure kultura, hizkuntza eta baloreak, azken batean gure nortasunak biziraun du. Gaurko Euskal Herria beren ekarpenik gabe ez genuke ulertuko”. Eredu izan zirela eta eredu izaten segitzen dutela esan zuen Etxeberriak, eta ikastolak gaur egun ere beharrezkoak direla gaineratu zuen alkateak: “Derrigorrezkoak dira euskal estatu bat lortu arte. Derrigorrezkoak dira gure herriaren kultura, hizkuntza, nortasuna… transmititzeko. Herri bezala ez dugu aurrera egingo hezkuntzan ez badugu aurrera egiten“. “Eredu publikoa ez litzateke dena izango ez baluke izango ikastolen presioa”, gaineratu zuen Etxeberriak, eta herri komunitatean eredu desberdinak izatearen alde egin zuen: “Ez dugu eredu bakar bat bultzatu behar, gure komunitatea eredu desberdinetatik aberastea dagoelako”.
“Batez ere kultura, kirola, gizarte eta hezkuntza eragileekin elkarlanean jardun nahi dugu. Gipuzkoaren erronkei aurreko egiteko modua hori dela uste dugulako”, adierazi zuen, berriz, Imanol Lasa diputatuak. “Ikastolak kalitatezko hezkuntzaren eredu zarete, eta kalitatezko euskal administrazioaren eredu izan nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak ere. Beraz, bidean elkar ikusiko dugula ziur naiz”, amaitu zuen Lasak.
Askotariko gonbidatuak
Urtero legez, ugari izan ziren ikastolen gonbidapena onartu eta ikasturte hasiera ekitaldira inguratu ziren erakundeetako, alderdi politikoetako, sindikatuetako, hezkuntza erakunde eta eragileetako eta gizarteko ordezkariak.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailetik, Cristina Uriarte sailburua eta Arantza Aurrekoetxea, Olatz Garamendi, Patxi Baztarrika eta Alicia Epelde joan ziren; Gizarte Ekonomia Sozialeko zuzendari Alfredo Ispizua ere izan zen ekitaldian. Gipuzkoako Foru Aldunditik ahaldun nagusi Markel Olanok azken orduan ezin izan zuen ekitaldira joan, eta haren lekua Gobernantza eta Komunikazio diputatu Imanol Lasak hartu zuen. Azpeitiko Udaletik, berriz, Eneko Etxeberria alkatea eta Leire Goenaga zinegotzia joan ziren.
Alderdiei dagokienez EAJko Jokin Bildarratz eta Lorea Bilbao joan ziren Azpeitira, Sortuko Ikoitz Arrese eta Marian Beitialarrangoitia. EH Bildu talde parlamentarioko Adolfo Araiz eta Esther Korres ere han ziren. Ikastoletan gehiengo sindikala duen LAB sindikatua ere ondo ordezkatua egon zen ekitaldia, sei kide bertaratu baitziren.
Kristau Eskoletako zuzendari Mikel Ormazabal, EIB Eusko Ikastola Batzako Nerea Begoña, Mondragon Unibertsitateko Vicente Atxa eta Begoña Pedrosa, eta EHUtik Jon Zaratek ordezkatu zituzten euren erakundeak. Erkidetik, berriz, Jabi Goienetxea agertu zen.
Erramun Osak ordezkatu zuen Euskaltzaindia, Saioa Rodriguezek Kontseilua eta Iban Arregik Berria egunkaria. Elkarretik hiru ordezkari agertu ziren: Olatz Osa, Jon Jaka eta Mikel Esnal. Eta BTEK-etik Xabi Diez joan zen.
Berariaz prestatutako ikuskizuna
Ikastolen ikasturte hasierako ekitaldian ohitura bihurtu da dantza, antzerki edo musikan dabiltzan ikastoletako ikasleak edota ikastoletan sortzen diren ikuskizunak taularatzea. Oraingorako, berriz, ekitaldirako berariaz ikuskizun bat sortzea jarri zen erronka gisa. Eta horretarako prest agertu ziren Oiartzungo Haurtzaro ikastolako Katerin Artola eta Ibarrako Uzturpe ikastolako Aimar Odriozola. Biak dira txapeldun Doinu Zaharrean eta Agurrean.
Baina ohiko bidetik jo beharrean, ikuskizunari beste ukitu bat eman nahi izan zioten. Jantzi tradizionalak albo batera utzi, eta kaleko jantziz aritu ziren. Aimarrek hasi zuen ikuskizuna; Agurra dantzatu zuen, baina txistu doinuan izan beharrean, Anoetako herri ikastolako ikasle ohi Unai Urkolak txeloarekin lagundu zion. Katerinek, berriz, pantailan egin zituen bere lehenbiziko bi dantzak. ‘Upelategi’ izan zen lehenbizikoa; ‘Abarketak’ bigarrena. Bigarren horretan, gainera, Katerin hasi zen, Aimarrek erantzun zion, eta, azkenik, biek elkarrekin dantzatu zuten, batek oholtzatik eta besteak pantailatik.
Bigarren zatirako, Azpeitiko Ikasberri ikastolako guraso ohi eta gaur egun aiton-amonak ere badiren dantzariek lagundu zieten bi dantzari gazteei. Sokan irten ziren, atzeskulari Katerin zela. Pantailan, bitartean, ikastola desberdinetako ikasle, irakasle eta gurasoen irudiek plaza erraldoi bat irudikatu zuten.
Katerinek eta Aimarrek oholtzan dantzatutako ‘Aurkez Aurke’ edo ‘Desafioa’-rekin, eta Ikasberriko dantzariekin batera dantzatutako fandangoarekin amaitu zen ikuskizuna.
Ikasberriko odol gazteko dantzariek, bestalde, ekitaldiaren hasieran ikurrin dantza egin zuten. Hauek ere berrikuntza bat jarri zioten dantzari: ikurrinarekin egin beharrean, Ikastolen Elkartearen logotipoa zeukan banderolarekin dantzatu zuten.
Elogio al modelo de las ikastolas
El pasado 26 de septiembre se celebró en Azpeitia, el inicio del nuevo curso escolar en las Ikastolas. Este año se hizo hincapié en el modelo de las ikastolas, y se subrayó su vigencia. También se reivindicó un sistema de educación propio para Euskal Herria, y en ese camino las ikastolas pidieron la puesta en marcha cuanto antes del debate sobre la nueva ley de educación en Araba, Bizkaia y Gipuzkoa. Durante el acto homenajearon a las ikastolas de Azpeitia, Beasain, Elorrio y Leioa. También rindieron homenaje a Partaide.
Éloge du modèle ikastola
Le 26 septembre dernier s'est tenue à Azpeitia la cérémonie d'ouverture de l'année scolaire des ikastola lors de laquelle l'accent a été mis sur le modèle des ikastola et sa solidité. Le besoin d'un système éducatif propre au Pays Basque a été souligné ainsi que la demande de mise en place qui va être formulée par les ikastola, en amont aux débats sur la loi sur l'Education en Araba, Bizkaia et Gipuzkoa. A l'occasion de la cérémonie il a également été rendu hommage aux ikastola d'Azpeitia, Beasain, Elorrio et Leioa, ainsi qu'à Partaide.