Dzanga irakurketara!
Udan zer liburu irakurri?
Oporretarako aukera
Oporraldia garai polita da esku artean liburua hartu eta bertan murgiltzeko, itsasoan ala igerilekuan bezala urperatzeko, eta gozatzeko. Aukera handia dago gustukoen duzun hori hartzeko herri edo auzoko liburutegitik hartuta, edo liburu-dendan erosita.
Hona hemen aukera txiki-txiki bat zure esku uzten duguna, adinaren arabera sailkatuta. Badira askoz gehiago nonahi; zoaz baten bila!
0-3 urte
Bihotz-bihotzetik. Émile Jadoul
Marrazkiak ere Émile Jadoul
2009, Ibaizabal - Ipurtargia Bilduma
Ipuina
Umearekin begiratzeko liburua da, marrazki zoragarriak ditu eta maitasunez mintzo da. Formatu gogorra du berarekin jolasteko, esku artean ibiltzeko eta, zergatik ez, ahora eramateko.
0-5 urte
Zerlea Hegan. Guido Van Genechten
Marrazkiak ere Guido Van Genechten
2013, Ibaizabal – Animaliakeriak Bilduma
Ipuina
Aurrekoa bezalaxe umearekin begiratzeko liburua da. Zerlea hegan egiten duen zebra da. Orrialde bakoitzean bi marrazki konbina ditzakezue, eta horrela animalia dibertigarriak sortuko dituzue, zein baino zein barregarriagoak.
0-6 urte
Antzinako Greziako. Juan Kruz Igerabide
Marrazkiak: Escletxa, Feijóo, Izagirre, Jalón
Aizkorri, 2013
Ipuinak
Atenea eta Zeus, Orfeo eta Euridize eta beste 22 ipuin. Ipuintxo bat gauero kontatzeko aipatzen da, Greziako mitologiaren erakusle. Formatu txikian dago, marrazki ederrak ditu, eta, hizkuntza mailan JK Igerabideren eskutik, berma osoa du.
3-6 urte
Arturo eta Klementina. Adela Turin
Marrazkiak: Nella Bosnia
Pamiela, 2013 - Kalandra
Ipuina (eta saiakera)
1976koa da lehen ipuina. Bi dortoka dira Arturo eta Klementina. Marrazki ederrak ditu. Berrogei urte pasa diren arren, gaurkotasun handia du istorioak, helduek ere irakurtzeko modukoa baita. Bilduma baten liburua da, non sexuen arteko berdintasuna aldarrikatzen den.
6 urtetik gora
Mux munstroa. Pello Añorga
Marrazkiak: Jokin Mitxelena
Elkar, 2013- Batela Bilduma
Ipuina
Nik ez daukat anaiarik eta ez arrebarik; baina badaukat munstro bat, Mux nire laguna dena. Gaur ama etorri da nire gelara, heldu dit belarritik, untxi bati bezala, eta “kakanarru” deitu dit oso desordenatuta dudalako gela, eta esan dit, larunbatero bezala, aitaren etxera joan behar dudala bazkaltzera, berari tokatzen zaio-eta “zaintza”.
8 urtetik gora
Nire lagunen gezurrak. Joxemari Iturralde
Marrazkiak: Estibalitz Jalon
2014, Erein - Auskalo
Ipuinak
Gezurrak ez omen dira esan behar. Ezta gezur txikiak ere. Baina beti egia esatea oso aspergarria da, saltsa pixka behar da. Zuk zer? Seguru zuk ere noiz behinka …; nik baino gehiago? Ez hasi gezurretan. Edo bai. Zuk ikusi.
8 urtetik gora
Elefante bat hegan. Patxi Zubizarreta
Marrazkiak: Aitziber Alonso
2014, Elkar – Xaguxar Bilduma
Ipuina
Munduko uholde unibertsalean kokatua; hain juxtu ere berrogei egunez euria egin, eta Noek itsasontzi miresgarri bat eraiki zuenean. Orduko gertakari harrigarriak ezagutu nahi badituzu, hemen duzu aukera zirraragarria. Kus eta Put elefanteak, krokodiloak, saguzarrak, marigorringoak eta kilkerrak maitatuko dituzu.
10 urtetik gora
Orkestra lurtarra. Harkaitz Cano
Marrazkiak: Jokin Mitxelena
2013, Elkar – Xaguxar Bilduma
Ipuina
Hogeita bat kapitulu txiki ditu, irakurketa errazteko. Manuk orkestra bat sortu nahi du, eta bertan joko duten lagunen bila abiatuko da … Denen artean musikarik zoroena eta zoragarriena egingo dute, baita hainbat abentura bizi ere, umorez eta irudimenez beteak.
10 urtetik gora
Nikolas Txiki, istorio ezezagun gehiago. René Goscinny
Marrazkiak: Jean-Jacques Sempé
Itzulpena Koro Navarro&Josu Zabaleta
2006, Elkar
Ipuin-kontakizunak
Nikolas Txikik betiko ume bihurri eta argia izaten jarraitzen du, bere piper eta gatzarekin. Irribarrea aterako dio irakurleari, gazte zein heldu. Grazi eta umore handiko bilduma da. Berrogeita bost istorio labur ditu, Goscinny zendu eta gero argitaratu zirenak.
12 urtetik gora
Egia gordina. Gizajo baten egunkaria. Jeff Kinney
Marrazkiak ere Jeff Kinneyrenak
Itzulpena Aritz Branton
Alberdania, 2014
Ipuin marraztuak
Greg-en egunkaria sailekoa da bosgarren liburu hau. Mundu osoko kritikariek goretsitako liburuak dira. Greg mutil koxkorra da, eta beti izan du hazteko gogoa. Orain, ordea, adinean aurrera doala, dena ez zaio hain dibertigarria suertatzen … eta gainera bere betiko lagunik onenarekin haserre dago …
14tik gora
Zalakain abenturazalea. Pio Baroja
Marrazkirik ez
Itzulpena Koro Navarro
2006, Alberdania&Elkar
Nobela
Literatura unibertsaleko altxorra da hau. Barojaren sorterria da Euskal Herria, Urbiako Martin Zalakainen abenturen gertalekua. XIX. mende erdi aldeko pintura paregabea. Ez da suspensea falta, ustekabeko eta ibili arriskutsuak nonahi daude, eta deskribapenak ikusgarriak dira.
15etik gora
Alkasoroko Benta. Mikel Taberna
Marrazkirik ez
2013, Susa - Narratiba
Nobela
Lesaka eta Bera artean dago Alkasoro. Denetik saltzen da hango bentan. Bentako semea da Martin Irazoki, nobelaren kontalaria, 50eko hamarkadan jaioa, gaztaroko hogei urteen berri emango diguna, eta aldi berean herri oso baten erretratua. Lehen pertsonan idatzia.
15etik gora
Lurraren taupadak. Jon Artetxe
Marrazkiak: Cristina Fernandez
2001, Alfaguara - Zubia
Nobela
Aturi du izena eleberriko protagonistak, Amazoniako Mukaxi tribuko oihandarrak, eta bere ahotik entzungo dugu, zehaztasunez eta sentimenduz, bere familiaren, tribuaren eta bere inguruaren berri: bizinahia, heriotza, maitasuna, borroka elkartasuna …; mitologiatik abiatuta gaur-gaurkoak diren arazoetaraino iritsiko da.
16tik gora
Robinson Crusoe. Daniel Defoe
Marrazkirik ez
Itzulpena Aintzane Ibarzabal
2012, Elkar – Urrezko Biblioteka
Nobela
Abenturazko eleberriaren klasiko handienetako bat da liburu hau. Uharte huts batera iritsi da Robinson, eta ia 30 urteko bakarraldian era guztietako estualdi eta gorabeherak biziko ditu gizajo heroiak, baina bere kemenari eta asmamenari esker, arazoei aurre egitea lortuko du.
16tik gora
Hiru istripu eta bi amodio. Fernando Morillo
Marrazkirik ez
2013, Gaumin – ZSu gazte
Nobela
Nerabezaroko konfliktoak biziko dituzte protagonistek, hala nola, Anuskak, Galderrek eta Izortzek. Anuskak Marie Curie zientzialaria du eredu, eta bihotzari kasu egin nahi dio. Zer demontre egin, ordea, taupadek bi bide desberdin seinalatzen badituzte aldi berean?
18tik gora
Txoriak kolpeka. Bernardo Atxaga
Zenbait marrazki
2014, Pamiela – Upaingoa saila
Bi kontaerak eta saiakera labur batek osatzen dute liburu hau, eta 120 orrialde baino ez ditu: Andoniren heriotza LSDaren argitan; Pierrek dioena entzuten dut; Lawrence Arabiakoa. Atxagaren prosa estimutan dutenei atsegingarri egingo zaie, plazerez irakurtzekoa baita.