Lidergo pedagogikoa
IKTak hezkuntzaren hobekuntzaren zerbitzura
Konpetentzia digitala lortzeaz gainera, beste alorrak indartzea du xede IKTen erabilerak ikastoletan
Gure testuinguruaren eskakizunei erantzuteko bitarteko edo baliabide ezinbesteko bilakatu dira IKTak.
EKI proiektuak oinarri duen eredu pedagogikoak ohiko bihurtu du IKTen txertaketa alor guztietan. Berebiziko aldaketa izan da, IKTek ikasgeletan izan duten bilakaeran. 1980ko hamarraldian IKTak gehigarri ziren ikasgeletan; 1990eko hamarraldian osagarri izatera igaro ziren; mende berriaren lehenbiziko hamarkadan, berriz, IKTak integratu egin ziren, baliabide didaktiko gisa. Bigarren hamarraldian, ikastoletan, EKI proiektuaren bitartez, konpetentzia digitalaz ari gara, IKTak alor guztietan txertatu dira, eta alor horietako konpetentziak eskuratzeko ezinbesteko bilakatu dira IKTak.
Honela definitzen du ikastolen eredu pedagogiko berriak ikasle batek derrigorrezko hezkuntza amaitzerakoan eduki behar duen konpetentzia digitala: “Ikaslea gai da, bere bizitzako eremuetan, zeregin bat diseinatzean eta planifikatzean, informazioa kudeatzean, produkzio digitalak sortzean, elkarlanean aritzean eta emaitzak komunikatzerakoan, egoera bakoitzak eskatzen duen IKT baliabideen erabilera egokia, eraginkorra eta arduratsua egiteko, eta hori guztia, hiritar digital arduratsua izateko eta sarean etengabeko (auto)ikasketarako prestatzeko”.
Ikasleek kalkulu orriak erabiliz aurrekontuak egitea, mapa digitalak egitea, horma irudiak, informazioa bilatzea, audioak eta bideoak sortu eta editatzea eta baliabide teknologikoak erabiliz beste hainbat alorretako lanak egitea arrunt bilakatzen ari da orain. Horiek denak menderatzea beharrezkoak ditu alor guztietan.
Ikastolen Elkarteko lan taldea izan da IKTen txertaketaz arduratu dena EKI proiektuan: Konpetentzia digitala lantzeko gutxieneko IKT jarduerak arlo guztietako unitateetan txertatuta daude. Eta horretaz gain, unitate didaktikoetako helburuetan markatuta daude IKT helburuak, eta arloko konpetentzian eta egoeretan ere adierazi dira konpetentzia digitalaren lorpenak.
Ikastolen Elkarteko lan talde handi batek hartu zuen parte eduki digitalen sorkuntzan eta txertaketan, eta lan talde hori bera aritu da garatzen EKI digitala ere. EKI proiektua oinarritzat hartuz, EKI ikasmaterialen aldaera digital sakona gauzatu da, hezkuntza hobetzeko eta ikasmaterial edizioan aurreratzeko. EKI digitalaren abantaila nagusia da eduki eta baliabide guztiak plataforma bakar batean daudela, eta horrek haien kudeaketa errazten du.
Eredu pedagogikoa ardatz
Helburua ikasleek konpetentzia digitala eskuratzea da, eta IKTak erabiliz gehiago, hobeto eta desberdin ikastea. Ikaskuntzan bezala, irakaskuntzan ere xedea gehiago, hobeto eta desberdin irakastea du xede IKTen erabilerak.
IKTen erabilerak,noski, ez du ziurtatzen xede hori. Aitzitik, hautu pedagogikoak du garrantzia. Ikastolen eredu pedagogikoak, euskal curriculumean oinarritua, konpetentzietan ardaztua eta integrazioaren pedagogiaz bideratua, ahalbidetzen du IKTen bitartez gehiago,hobeto eta desberdin ikas-irakastea.
Gehiago ikasi/irakatsi, orain arte egiterik ez zeuden jarduerak egin ahal direlako IKT bidez edota orain arte egiten ziren moduan baino era eraginkorragoan egiten direlako.
Hobeto ikasi/irakatsi, bai ikasleak baita irakasleak ere beren praktikak orain artekoak baino pertsonalizatuagoak egiten dituztelako, dibertsifikazio handiagoz, ohiko premiak eta premia bereziak artatuz eta, azken finean, denok gusturago jardunez.
Teknologia digitalei esker, adibidez, ikasgela bateko martxa arrunta jarraitzeko zailtasunak dituzten ikasleek beren abiadura propioa eta beren ezaugarrien araberako ikaskuntza-mota egin ahal izan dute, bai motelago dabiltzanek, baita bizkorragoek ere. Irakasleak eskura ditu, inoiz ez bezala, berak kudeatu behar duen unitate didaktikoa gauzatzeko, ohiko baliabideekin batera, gailu eta aplikazio teknologikoak ikasle bakoitzari artapen doitua eskaintzeko moduan.
Ikaslearen ikaskuntza-prozesuaren jarraipena errazten duen aplikazio informatikoei eta plataformei esker, gainera, irakasleak behatu eta jarraitu dezake, behin ere ez bezala, ikasle bakoitzak egiten duena. Horren arabera, argazki pertsonalizatua lortu lezake eta prozesuaren hurrengo urratsak era pertsonalizatuan antola ditzake.
Desberdin ikasi/irakatsi, IKTen bitartez bide berrietatik joateko aukera irekitzen delako. Teknologia digitalak, gizakiaren sistema sinboliko ezagun guztiak (ahozko hizkuntza, idatzia, grafikoa, numerikoa, irudi estatikoa, mugimendu-irudia, soinua eta abar) bat egin eta integratu ditzaketen inguruneak sortzen ditu. Historian lehen aldiz, konpetentzia digitala zenbat eta sakonago landu, orduan eta informazioa prozesatzeko ahalmena handiagoa izango du gizakiak. Kognizioa azkartu dezake prozedura orotarako, hots, informazioa eskuratzeko eta onesteko, informazioa ulertzeko eta adierazteko, informazioa baloratzeko eta baloratutakoa adierazteko, ideiak sortzeko, hautatzeko eta adierazteko, egitasmoak planifikatzeko, gauzatzeko eta adierazteko, elkarrekin ikasteko eta bizitzeko, nork bere burua erregulatzeko…
IKTak ‘ikusezin’ bihurtu
Bistakoa da, eduki digitalen hazkundeak aldaketa eraman duela ikasgelara. Orain berrikuntza handitzat ikusten dena, ordea, ohiko bilakatzea da erronka. Ikas-irakaskuntza prozesuan, baliabide digitalak normaliza daitezen, disolbatu egin behar dira ikasgelako dinamikan; hau da, ikasgelako jardueretan txertatzea, ohiko eta eguneroko bihurtzeraino. Horixe da, beraz, EKI proiektuko ikasmaterialetan egiten ahalegindu direna: konpetentzia digitala modu pertinentean, arlo guztietan txertatu, arloko hainbat jarduera IKT jarduera bilakatuz.
ENTRESAKAK:
Ikasleek kalkulu orrialdeak erabiliz aurrekontuak egitea, mapa digitalak egitea, horma irudiak, informazioa bilatzea, audioak eta bideoak sortu eta editatzea eta baliabide teknologikoak erabiliz beste hainbat alorretako lanak egitea arrunt bilakatzen ari da orain
Helburua ikasleek konpetentzia digitala eskuratzea da, eta IKTak erabiliz gehiago, hobeto eta desberdin ikastea
EKI digitalaren abantaila nagusia da eduki eta baliabide guztiak plataforma bakar batean daudela, eta horrek haien kudeaketa errazten du