EKI proiektuaren onurak
Aldaketa errealitate da ikastoletako geletan
Ikasteko eta irakasteko modua irauli du ikastoletan martxan jarritako eredu pedagogiko berriak
2013-14 ikasturtean jarri zen abian eredu pedagogiko berri eta berritzailea Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, EKI proiektuaren ikas materialetan gauzatua. Hezkuntza ereduaren aldaketa ekarri du ikastoletara, eta ikastolen aitzindaritza eta lidergo pedagogikoa berretsi eta sendotu ditu.
Lau oinarri horiek ditu ikastoletan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, 2013-14 ikasturtean abiatutako eredu pedagogiko berriak. Horretarako garatu ziren EKI proiektuaren ikasmaterialak, pedagogia berrikuntza bat gelaratzeko bitarteko eraginkorrenak baitira ikas-materialak, curriculum diseinu baten azken zehaztapena baitira.
Euskal Curriculumaren garapenerako jaio zen ikasmateriala da EKI, eta aldi berean, curriculum horrek agintzen zuen moduan, konpetentzietan oinarritutako eredua jarri dute martxan: edukiak ikastea baino gehiago, ikasitako eduki horiek bizimoduko aspektu edo egoera anitzetan erabiltzen ikastea du xedetzat, alegia, konpetentziak eskuratzea, ikaslea konpetente egitea. Jakintza akademikoa eskuratzeaz gain, edozein bizitza-egoeratan konpetentea izatea lortu behar du ikasleak; pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten, eta egiten eta ekiten jakin behar du.
Ikasmaterial hauek badute hirugarren ezaugarri bat ere, Integrazioaren pedagogia bultzatzen dutela, hau da, ikasleak benetako egoera esanguratsuen aurrean jartzen dituela, eta irtenbideak aurkitzen ikasten dutela, gelan ikasitakoa gero egoera berrietan baliatzeko.
Laugarren ezaugarri nagusia Informazio eta Komunikazio Teknologien erabilera da. Gaurko gizartean beharrezkoa den konpetentzia digitala lortzea du xedetzat, IKTak ez izatea gauza osagarri bat, baizik eta arlo guztietara eramatea, egunerokotasunean kokatzea. Horrela, Konpetentzia digitalak arloetako konpetentziak garatzen laguntzen du eta metadiziplinarrei ere ekarpena egiten die.
Badago berrikuntza pedagogikoak ekarri duen beste ekarpen bat: ikaslearen profiletik abiatzea, jakitea 16 urterekin, derrigorrezko hezkuntza amaitzerakoan, gure ikasleek zer behar duten.
EKI proiektuaren onurak
Berrikuntza hauek guztiak ebaluazioan ere eragina izan du. Ebaluazio hezigarriaz mintzo dira orain, ebaluazioa ikaskuntza indartzen eta haren kalitatea hobetzen duen jarduera gisa hartuta, ebaluazioaren funtzio hezigarria indartzeaz.
Eta ebaluazioarekin batera, ikasleen auto-erregulazioa da hezkuntza eredu aldaketaren beste gakoetako bat: hau da, ikasleak jakitea zer ikasi behar duen, ikasitakoa baliatuz zer egiten jakin behar duen, zeintzuk diren ebaluazio irizpideak eta lorpen adierazpenak.
Hori guztiori ikasgeletara eraman da ikastoletan. Eta ondorioak ikusgarriak izan dira. Ikasgelako dinamika nabarmen aldatu da. Ikasleen parte hartzea, dela bakarka edo talde kooperatiboetan, areagotu egin da. Eta ikasteko motibazioak gora egin du. Teknologia berrien erabilerak, talde kooperatiboen dinamikak, auto-erregulazio baliabideak… izan dira motibazioa areagotzeko arrazoiak, alegia, ikasgelako dinamika aldatzeko ezarritako bide berriek lortu dute helburua.
Motibazioa, ikasleen artean bezala, irakasleen artean ere areagotu egin da. Euren roletan egin diren aldaketak hoberako izan dira. Irakasle askok diote ikastaro eta jardunaldietan adituak esaten ari direna dagoeneko ikasgeletan aplikatzen ari direla.
Pedagogia berri eta berritzailea ikasgeletan ezartzeko, irakasleen prestakuntza gakoa izan da. Alor bakoitzeko prestakuntza saioetan, nahiz IKTetakoetan edo orokorretan, ehunka irakasle ari dira parte hartzen. Parte hartze horrek, gainera, euren arteko sarea ehundu du, eta hainbat foro ireki dituzte euren zalantzak eta ekarpenak partekatzeko.
EKI digitalaren jauzia
Jada DBH 1. eta 2. mailatan ezarria, datorren ikasturtean DBH 3.an ere ezarriko da, eta hurrengoan amaituko da ezarpen osoa DBHn. EKI proiektuan IKTek duten presentzia nabarmena aipatu dugu lehenago. Ezin aipatu gabe utzi guztiz digitala den EKIren bertsioa. Gehiago, hobeto eta desberdin ikasi eta irakasteko xedea du EKI digitalak. Bi ikasturtetan fase esperimentalean egon da bost ikastolatan. Datorren ikasturtean ere fase esperimentalean egon behar zuen, baina bi urteotako emaitzak kontuan hartuta, hedapenerako jauzia emateko prest dagoela ikusi da. Beraz, heldu den ikasturtean EKI digitala ikastoletan txertatzeko moduan izango da. Hurrengo orrialdeetan azaltzen dugu hori guztia.
DESPIEZEA
Eredu pedagogikoa eta teknologia
IKTek gero eta eragin handiagoa daukate gizartean, eta ikasgelan ere haien presentzia nabarmen handitu da. EKI proiektuak berak helburuetako bat du ikasleek konpetentzia digitala eskuratzea. Baina ez da teknologia izan ikasgeletako dinamika aldarazi duena. Aitzitik hautu pedagogiko berria izan da IKTen erabilera alor guztietan txertatzera eraman duena, IKTak hezkuntzaren zerbitzura jarriz, eta haien bitartez onura pedagogikoak indartuz.
ENTRESAKA Ondorioak ikusgarriak izan dira. Ikasgelako dinamika nabarmen aldatu da. Ikasleen parte hartzea, dela bakarka edo talde kooperatiboetan, areagotu egin da. Eta ikasteko motibazioak gora egin du