EKI digitala ikastolerara hedatzeko prest
LIDERGO PEDAGOGIKOA
Aurrekusi baino urte bat lehenago hasiko da hedatzen ikastoletan erabat digitala den ikasmateriala
Hiru ikasturteko fase esperimentala aurreikusita zuen, baina bi ikasturte nahikoa izan dira EKI digitalaren onurak balioztatzeko.
Ikastolen eskariak, azpiegitura eta dispositibo inbertsioek, eta plataforma egoki batek ahalbidetu dute datorren ikasturtean EKI digitala ikastoletara hedatzeko prest egotea.
EKI proiektuaren ikasmaterialak gelaratu ziren ikasturte berean, 2013-14 ikasturtean, Ikastolen Elkarteko zuzendaritzak erabaki zuen EKI digitalaren esperimentazio fasea martxan jartzea lau ikastolatan: Arizmendin, Elgoibarren, RM Azkuen eta Haurtzaron. Lehen bietan ikasgai guztien esperimentazioa burutu da, eta beste bietan bina arlotan. Aurtengo ikasturtean San Fermin ikastolan ere esperimentatu dute.
Esperimentazioaren helburua zen EKI digitalaren onura pedagogikoak frogatzea eta teknologia eta azpiegitura aldetik eredu jasangarria lortzea. Bi ikasturteotan, onura pedagogikoen lanketa egin da. Halakoxeak izan dira ere emaitzak. Fase esperimentala egin duten ikastolen, irakasleen, ikasleen eta gurasoen artean egindako inkestetan, emaitza onak atera dira.
Azpiegiturei dagokienez, konektibitate beharrak finkatu dira, dispositiboen azterketa egin da, dispositiboen finantzazio eredua frogatu da eta, oro har, sistema balidatu da eta baldintzak zehaztu dira. Erabileraren aldetik ere, erabilera pedagogikorako eskaintza balidatu da. Gainera, plataforma berrien agerpenak erraztu egin du EKI digitalaren hedapena martxan jartzea.
Berebiziko interesa ikastoletan
Iragan maiatzaren 22an bilera berezi bat egin zen EKI digitalaren hedapena zehaztu eta aurkezteko. Ikastoletako zuzendari, arduradun pedagogiko eta IKTetako dinamizatzaileak deitu zituzten bilerara, Orioko Herri Ikastolan.
Bertako areto nagusia jendez mukuru zela egin zen aurkezpena, proiektu digitalak ikastoletan eragin duen berebiziko interesaren adierazle. Besteak beste bi urteko esperimentazioaren behin behineko balorazioa egin zen (bigarren ikasturtea oraindik ez baita amaitu), eta digitalera jauzi egiteko hezkuntza eta logistika arloko zalantzak, kezkak eta argibideak eman zitzaizkien. Esperimentazioan parte hartu duten ikastolek ere euren esperientziaren berri eman zuten, EKI digitalak dakartzan onurak, hastapeneko arazoak, eta ondorio orokorrak, xehe-xehe azaldu zituzten.
Oraindik ezin da jakin heldu den ikasturtean zenbat ikastolatan ezarriko duten EKI digitala, eskaera egiteko epea irekita baitago oraindik, baina dagoeneko esan daiteke hedapen prozesuak ez duela atzera bueltarik.
ENTRESAKA Plataforma berrien agerpenak erraztu egin du EKI digitalaren hedapena martxan jartzea