Lidergo pedagogikoa
Argi daukagu; digitalerako apustuak ez du atzera bueltarik.
EKI digitalaren fase esperimentala egin duten ikastolek digitalerako urratsa atzera bueltarik gabekoa dela baieztatu dute. Balio pedagogiko gisa jauzi kualitatibotzat daukate EKI digitala. Dena den, aitortzen dute benetako jauzia metodologian datzala, eta ez hainbeste digitalerako urratsean.
Arizmendi, RM Azkue, Elgoibar, Haurtzaro eta San Fermin ikastoletan burutu dute EKI digitalaren fase esperimentala. Lehenbiziko lau ikastoletan iazko ikasturtean hasi ziren. San Ferminen, berriz, aurtengo ikasturtean egin dute. Fase esperimental horren azalpenak eman zizkieten Orioko Herri Ikastolan, iragan maiatzaren 22an, bertaratutako Hego Euskal Herriko ikastolei.
Arizmendi ikastolako Elena Errastik, Elgoibarko Jabier Larrañagak, Haurtzaroko Josu Arotzenak eta San Fermin ikastolako Amaia Arrietak azaldu zituzten fase esperimentalean ateratako ondorioak. Lau ikastoletako ordezkariek ondorio berak plazaratu zituzten: digitalerako urratsak ez du atzera bueltarik. EKI digitala benetako jauzi kualitatiboa izan dela esan zuten, baina digitala izatea baino gehiago EKIren planteamendu pedagogikoa dela benetako jauzia. Errastiren hitzetan, jauzia ez dago horrenbeste era digitalean egite horretan, baizik eta EKI berak daukan planteamendu pedagogikoan: “Aldaketa da konpetentzietan eta integrazioaren pedagogian oinarrituta dagoela EKI. Horrek garamatza planteamenduak aldatzera, bai ikasleen rolean eta baita irakasleenean ere. Digitalak ere, noski, beste urrats batzuk egitera bultzatu gaitu. Baina ez zaigu egiten oso erraz bereiztea zer zailtasun edo gauza on etorri diren EKItik eta zeintzuk digitaletik”.
Hutsegiteetatik ikasi eta hobetu
Fase esperimentalean izandako arazoak eta egin beharreko hobekuntzak detektatu eta planteatu ere egin zituzten. Azken batean fase esperimental bateko dinamika ere izan da; alegia, probak egin, huts egin, hutsegiteetatik ikasi, berriro probatu, huts egin, hutsegiteetatik ikasi, eta hobetu.
Lau ikastola horietan arazo bertsuak izan zituzten hastapenean azpiegituretan eta dispositiboetan. “Wifi sareak ez zuen behar besteko indarrik ematen. Konexio arazoak sortzen ziren. Era berean, dispositiboekin ere arazo batzuk izan genituen, autonomia zela, konektibitatea edo gaitasuna zirela…”, azaldu zuen, adibidez, Larrañagak. Arazo horiek, dena den, konpondu zituzten, inbertsioak behar izan bazituzten ere: wifi sistema egokiak ezarriz eta dispositibo egokiak aukeratuz. Ikastola guztietan gertatu da hori, eta konpondu dute.
Konexio eta dispositiboen arazoak gaindituta, ikasle, irakasle eta gurasoen artean egin dituzten asebetetze inkestetan balorazio oso onak atera dituzte fase esperimentala egin duten ikastolek, bai EKIren proiektu pedagogikoaren aldetik eta baita EKI digitalaren aldetik ere.
Ikasleek pantailaren aurrean denbora gehiegi emango duten kezka ere badago. Arizmendin neurketa egin zuten jakiteko zenbat denbora ematen zuten. Zazpi gelatan egin zuten astebeteko neurketa, eta emaitza izan zen denbora guztiaren %20-40 artekoa zela, alegia astean 6-12 ordu bitartean.
Jauzia egiteko gakoak
Digitalerako jauzia egiteko gakoak ere azpimarratu zituzten. Hauek dira: teknologia aldetik konektibitate eta dispositibo egokiak edukitzea; prestakuntza aldetik, bai eredu pedagogikoa eta bai IKTen aldetik, prestakuntzan sakondu eta jarraipen eta aholkularitza egokia jaso; beste gakoetako bat da gurasoen prestakuntza beren haurren jarraipena egin ahal izateko; azkenik, apustu digitala eginez gero, zuzendaritzaren eta artezkaritzaren konbentzimendua eta inplikazioa, apustua aurrera eramateko.
Josu Arotzenak beste modu batera esplikatu zuen: “Digitalak dituen abantailak? Onura pedagogiko asko ditu, eta aipatu dira. Nik hitz bat erabiliko dut: partekatzea, eta modu konkurrentean partekatzea. Artxibo bakar batean pertsona bat baino gehiago ari gara lanean. Orain zertan ari gara? Ikasten jarraitzen dugu, ikasleak eta gu”.
Arotzenak metodologian aldaketa egin behar dela uste du: “Klaseak emateko modua aldatu beharko da; ziur aski, ikasleak etxean hainbat bideo eta irakurketa egin beharko ditu bakarkako lanean; gero, ikasgelan, taldeko lanak egin beharko dituzte, eta irakaslearen laguntza jasoko dute. Eta zuzenketak etxera bueltatuko dira. Nola? Irakasleak prestatu beharko ditu bideo tutorialak, audio tutorialak edo papereko tutorialak”.
Ikastolan izan dituzten erraztasunak azpimarratu zituen: “Zorte onekoak gara. Denon prestakuntzatik abiatuta. Zuzendaritzak, irakasleek, ikasleek, gurasoek… konfiantza guztia eman digute. Prestatzaile guztien eta EKIren egile guztien laguntza jaso dugu. IKTetan daukagun bideo tutorialen plataforma bezalakorik ez dut inon ikusi. Izugarria izan da”.
Eta EKI digitala ikastolen artean zabaltzeak dakarren abantaila nagusi bat aipatu zuen: “EKI digitala aukera ona da, baina ez da aukera itxi bat. Hasiera bat da. Denon artean eraiki beharrekoa da. Horregatik, abantaila bat dugu ikastolak, talde bat garela. Eta maila horretan nork bere esperientziak partekatzeko elkargune bat dugu. Aprobetxatu dezagun bentaja hori”.
ENTRESAKAK
Fase esperimentala burutu duten ikastoletako arduradunak ados dira: benetako jauzia EKIren planteamendu pedagogikoa izan da, eta ez hainbeste ikasmaterial guztia digitala izatea
“EKI digitala aukera ona da, baina ez da aukera itxi bat. Hasiera bat da. Denon artean eraiki beharrekoa da. Horregatik, abantaila bat dugu ikastolak, talde bat garela eta nork bere esperientziak partekatzeko elkargune bat dugula. Aprobetxatu dezagun bentaja hori”