Erkide-Irakaskuntza
MENDE LAURDEN BAT, IBILBIDE ZAIL eta BIKAINA
25. Urteurrena
Gasteizko Artium museoan egindako ekitaldian, ERKIDE-Irakaskuntzak 25. urteurrena ospatu zuen Iñigo Urkullu lehendakaria bertan zela. Ibilbide hau, une zail eta bikainekin, ezinezkoa izango zen Irakaskuntzako Kooperatiben laguntzarik gabe.
ERKIDE-Irakaskuntzak 25 urte bete ditu, eta joan zen martxoaren 4an Gasteizko Artium museoko Auditoriumean ospatu zen Euskadiko Irakaskuntza Kooperatiben Federazioa eratu zeneko urteurrena. Ekitaldiaren buru Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte, KONFEKOOPeko eta ERKIDEko lehendakari Javier Goienetxea, eta ERKIDE-Irakaskuntzako koordinatzaile Patxi Olabarria, izan ziren. Ekitaldian, gainera, bazkide diren Irakaskuntzako Kooperatiba eta kontseilu errektoreetako kide izandako gehienak egoteaz gain, kooperatiba-mugimenduaren eta euskal hezkuntza-eragileen ordezkaritza zabala ere izan zen. Erakundeen ordezkaritza ere garrantzitsua izan zen, Eusko Legebiltzarreko taldeen ordezkariak eta Eusko Jaurlaritzako hainbat kargu izan baitziren bertan, baita sindikatuen eta alderdi politikoen ordezkariak ere.
ERKIDE-Irakaskuntzaren 25. urteurrenean urteotako ibilbidea jaso zen, eta horietan une zailak izan dira, baita askoz distiratsuagoak ere, eta horiek ez ziren posible izango Irakaskuntzako Kooperatibarik gabe, beren laguntza eta parte-hartzearekin ERKIDE-Irakaskuntza errealitate sendoa izan dadin lagundu baitute. Kooperatiben laguntza eta parte-hartze horrek are garrantzi handiagoa du kontuan izanda askotariko errealitate eta sentiberatasunak daudela Federazioan; horrek lankidetza kooperatibismoaren adibide on egiten du erakundea. Ospakizun-ekitaldian, urteotan kontseilu errektoreak osatu dituzten pertsona guztiak eta bakoitza bereziki aipatzeaz gain –eta horietako asko bertan izan ziren–, aitorpen publikoa egin zitzaion eraketa bultzatu zuen batzorde kudeatzaileari, eta haren ordezkari gisa Felix Ormaetxeari; baita Federazioak izan dituen koordinatzaileei ere: Jose Ramon Zubizarreta, Eduardo Fernandez, Imanol Igeregi eta Andoni Zendoiari; eta urte hauetan gehienetan Arloko idazkari izan den eta den Belen Guridiri.
Ibilbide historikoa
Ekitaldiaren ospakizuna ikus-entzunezko bat emanez hasi zen: ERKIDE-Irakaskuntzaren ibilbide historikoa jasotzen zuen, urteurren hau posible egin duten pertsona batzuen ahots eta lekukotasunekin, gero hitzaldien txandari bide emateko.
ERKIDE-Irakaskuntzaren arduradun Patxi Olabarriak, bestalde, publikoki eskertu zuen kooperatibek eta esker ona jasotako pertsonek egindako lana, eta azpimarratu zuen irakaskuntzako kooperatibak zerbitzu publikoa eskaintzen duten ikastetxeak direla eta oso kontuan dituztela beraien titulartasunak berekin dakartzan konpromisoa eta ezaugarri bereziak. Egun, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastola guztiak kooperatiba dira, eta denak daude bazkidetuta ERKIDE-Irakaskuntzan.
Olabarriak esan zuen legeriak, bai estatukoak eta bai autonomikoak, aintzat hartzen dituela Irakaskuntzako Kooperatiben ezaugarri bereziak, baina araudi orokor hori zehazteko orduan eta neurri zehatzak adostu eta gauzatzeko orduan sortzen diren zailtasunak nabariegiak direla. Horregatik, neurri sorta zehatza eskatu zuen, hots, ikaskuntza kooperatiboaren balioak eta printzipioak hezkuntza-sisteman maila guztietako curriculumetan sartzea, hezkuntza-programak sustatuz; euskal irakaskuntzako Kooperatibek, ERKIDE-Irakaskuntzaren bidez, Hezkuntza Administrazioak antolaturiko gizarte- eta hezkuntza-eztabaida eta solaskidetza eremuetan parte hartzea, bereziki Euskadiko Eskola Kontseiluan; “herri-onurako” erakundeen izaera hezkuntza-arloan zehaztuko duen tratamendu berezia, hori aitortua baitie Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak irakaskuntzako Kooperatiba gehienei.
Etorkizuneko Euskal Hezkuntza Legea
Halaber, publikoki eskertu zen, ekonomiaren krisi-egoera honetan, laster onartuko den deialdi berria irakaskuntzako Kooperatibetan egindako inbertsioak finantzatzeko: 12,8 milioi euro izango ditu. Aldi berean, itxaropenez agurtu zen Hezkuntza Sailaren HEZIBERRI 2020 plana, zeren eta, gauzatzen bada, hezkuntza-paradigmaren aldaketa suposatuko baitu gure hezkuntza-sisteman; eta aurrerapenak eskatu zituen bere hirugarren fasean, etorkizuneko Euskal Hezkuntza Legean, urteak baitaramatzagu hau eskatzen.
Amaitzeko, kooperatibek eta hezkuntza-arloak etorkizun hurbilean aurrean izango dituzten erronketako batzuk aipatu zituen Olabarriak. Adibidez, datozen urteetarako iragarria dagoen jaiotze-tasaren jaitsiera; gure irakasleak hezkuntza-eredu berrian prestatzeko zeregin izugarria; ikasgelan eguneroko jardueran teknologia berrien benetako inplementazioa; edo datozen hamar urteetan gertatuko den ehunka irakasleren belaunaldi-txandakatzea.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, bere aldetik, “irakaskuntzaren kalitatearen hobekuntzarekin konpromiso iraunkorra” azpimarratu zuen, “hezkuntza eta prestakuntza beharrezkoak baitira gazte bakoitzak bere enplegu-aukera izan dezan”.