IKASTOLA 213 > elkarrizketak > "IRAKASKUNTZA PERTSONALIZATUA eta EBALUAZIO HEZITZAILEA hezkuntza aldaketaren giltza dira"

Angel Perez Gomez

"IRAKASKUNTZA PERTSONALIZATUA eta EBALUAZIO HEZITZAILEA hezkuntza aldaketaren giltza dira"

Malaga Unibertsitateko katedraduna

Bat ez, bi hitzaldi eman zituen Angel Perezek jardunaldietan. Ebaluazioaz eta irakaskuntza pertsonalizatuaz aritu zen. Bi-biak giltzarritzat ditu aro digitalaren garaian hezkuntzan eman beharreko errotikako aldaketan.

“Espainiar Estatuan oraindik XIX. mendeko hezkuntza sistema errepikatzen ari gara. Munduak, gizarteak, izugarrizko aldaketa izan du, baina hezkuntza sisteman apenas eman da transformaziorik, ez curriculumaren diziplinetan, ezta hura lantzeko sisteman ere”. Abiaburu horretatik, Angel Perezek hezkuntza sistema iraultzeko aldarrikapena egin du. “Iraultza horrek bi oinarri ditu: irakaskuntza pertsonalizatua eta ebaluazio hezitzailea. Aro digitalean hezkuntzak eman beharreko iraultzaren giltza dira”.

“Batere aldatu ez den hezkuntza sistema hau, informazio gabezia zegoen gizartean jendea muntaia-kateetan lan egiteko prestatzen zen garaikoa da. Norbanakoak informazioz betetzen ziren, beren bizitzan zehar informazio hori bera errepikatzeko. Egun, aldiz, informazioaren saturazioaren garaian bizi gara. Haurrek prozesatzeko gai diren baino askozaz informazio gehiago daukate ‘klik’ batera, eta gainera aldioro gaurkotua dago. Orduan, gaur egungo hezkuntza sistemaren gakoa ezin da informazioa izan, baizik eta norbanakoak informazio horrekin egiten duena. Hezkuntza sistema oinarritu behar da norbanakoa munduaren konplexutasuna ulertzen eta horren arabera jokatzen lagunduko dioten eskema edo mapa mentalak egiteko gaitasuna lortzera”.

Horregatik uste du Perezek hezkuntzak errotikako aldaketa behar duela. “Helburua dagoeneko ez bada informazioa lortzea, baizik eta ulertzeko eta ekiteko eskemak eta mapak egiten ikastea, ezin dugu jarraitu informazioaren transmisioa garatzen, denentzako bera, aldi berean, eduki berekin, erritmo berean eta azterketa berekin. Aitzitik, haur bakoitzaren bizi-garapena bultzatuko duen irakaskuntza bat behar dugu. Bakoitza eraikitzen joan dadin bere ulertzeko modua, bere jokatzeko modua, bizitza pertsonalean, akademikoan, sozialean edo profesionalean ezartzen dituen lehentasunak … eta guk, irakasleok, izan behar dugu bizitza-proiektu horretan ikasle bakoitzaren laguntzaile, kitzikatzaile, bide erakusle eta zuzentzaile. Horretan datza irakaskuntza pertsonalizatua, haur bakoitzari aukeratzeko askatasuna ematea, eta, ondoren, egin duen hautuarekiko erantzukizunak eskatzea”.

Irakaskuntza pertsonalizatuak, beraz, hautsi egiten du orain arteko curriculumaren egitura: “Beharrezkoa da diziplinetan oinarritzen ez den irakaskuntza probokatzea, eta egoeratan, problematan, proiektuetan eta kasuetan oinarritzen den irakaskuntza bultzatzea, diziplinak baliabide onena izango dira haurrak uler ditzan egoerak, problemak, proiektuak eta kasuak, natur zientzietan izan, gizarte zientzietan, artean, literaturan … baina proiektu errealetan oinarrituta”.

Irakaslearen egitekoa erabat desberdina izango litzateke: “Edukiak transmititzetik haur bakoitzaren garapen singularraren laguntzaile, erraztaile eta probokatzaile izatera bihurtu behar du”.

Baina trabak ez dira gutxi. Eta horien artean bat ikusten du Perezek, oso arriskutsua: errebalidak. “Haur guztiak modu uniformean, estandar komun batzuen bitartez ebaluatzeko joera berpiztua mehatxu izugarria da. Estandar komunen bitartez, arkatz eta orrialde batekin ahalik eta modu ekonomikoenean eginez, gainera, haur bakoitzaren jakintzaren behe mailako elementuetan sakontzen da. Eta horrek ez du ezertarako laguntzen. Errebalida horiek ez dira gai haur bakoitzaren singulartasuna eta kreatibitatea eta bizi-proiektua atzemateko. Eta gaur egungo gizarteak hori eskatzen du, nork bere singulartasunaren aberastasuna ematea bere talentu singularrak eskaintzea”.

“Haur bakoitzak beretzako bizi-proiekturik onena eraikitzen lagundu behar dugu. Horretarako, ikastetxean giro egokia sortu behar da, harremanetarako, kolaboraziorako, sostengurako eta askatasunerako. Askatasunik gabe ez dago erantzukizunik, eta haurrari askatasuna eman behar diogu, erabakitzeko askatasuna, eta, ondoren, hautatu duenarekiko erantzukizuna exijitu”.

Haurraren ikaskuntza laguntzea xede duen ebaluazio hezitzailea, orduan, irakasleek bakarrik egin dezakete Perezen arabera. “Ezin da kanpoko ebaluazio bidez egin. Irakasleak beste inork ez daki nola jokatzen duen haurrak, nola egiten dien aurre egoerei eta arazoei, noiz blokeatzen den eta ezin duen aurrera egin. Hori haurraren alboan dagoenak bakarrik egin dezake, haur bakoitzaren garapena erregistratzen duenak bakarrik, haren indarguneak sendotzen eta ahulguneak gainditzen laguntzen dionak bakarrik”.

Erreminta gako bat dago horretarako, Perezek ezinbestekotzat jotzen duena: portafolio edo paper-zorroa. “Haurrari ahalbidetzen dio bere ikaskuntza prozesuko mugarriak ezartzen, haur bakoitzak aukeratzen duena; era berean, haurra behartzen du bere hautaketaren arrazoiak azaltzea, komunikatzea eta besteei adieraztea”.

Perezek uste du ikasgeletako ratioak jaitsi egin beharko liratekeela hezkuntza sistema aldaketa hau bideratzeko. Hala ere, gaurko ratioekin ere badira norabide horretan lan egiteko aukerak: “Bai, egin daiteke, irakasleok gai bagara modu kooperatiboan lan egiteko, eta irakasle bakoitzaren gaitasun singularrei zukua ateratzeko. Ikasgela, taldean lan egitea… denok elkarrekin lan egin beharreko lurraldeak dira. Bikote edo hirukote pedagogikoa giltzarri da elkarri laguntzeko eta irakasle bakoitzaren gaitasunak aprobetxatzeko”.

ikastola 213
2015 Apirila
213