IKASTOLA 212 > elkarrizketak > "GU EZ GARA PRIBATU EDO PUBLIKO SENTITZEN, IKASTOLA BAIZIK"

Peio Irujo

"GU EZ GARA PRIBATU EDO PUBLIKO SENTITZEN, IKASTOLA BAIZIK"

NIEko Lehendakariari elkarrizketa

Legea lagungarri izan arren, NIEko lehendakari Pello Irujok argi dauka ikastolek egunero egin ohi duten lana dela berme nagusia milaka haur euskalduntzeko.

Legea lagungarri izan arren, NIEko lehendakari Pello Irujok argi dauka ikastolek egunero egin ohi duten lana dela berme nagusia milaka haur euskalduntzeko.

Zer aldaketa ekarriko du Nafarroako Legebiltzarrean egingo den bozketak? Euskararentzako, euskaraz ikasteko ahalmenarentzako eta ikastolentzako pauso inportantea da. Geroa Bai, PSN eta IU-k proposatutako aldaketa da, lehengo pauso inportante hau, Bilduren baietzarekin, aurrera aterako dena. Epe motzean ez da ezer gertatuko PSNk bultzatutako zuzenketarengatik, legea geldituta uzten duelako Nafar Gobernuak ratioak eta beste eztabaidatu eta erabaki arte. Inportantea da ulertzea lehenengo pausoa dela soilik, aldaketa honek ez dituelako euskararen eremuak aldatzen. Hezkuntza eskubidea zabaltzen du, baina ez euskararekiko dauden beste mila gauza guztiak.

Egitasmoa ezagutu eta berehala ikastolek zuzenketa batzuk proposatu zituzten. Zeri begira ziren zuzenketa horiek?
45 urte daramagu eremu horretan, Zangozan, Irunberrin, Vianan, Lodosan, Tafallan eta Tuteran. 6 ikastola haietatik, 55 herriri kalitatezko hezkuntza eredua eskaintzen jarraitzen dugu, eskualde mailakoak baitira. 1.100 ikasle, 700 familia eta 100 profesional ditugu sei ikastola haien artean. Gutxieneko bezala, garraioaren eta jangelen subentzioa nahi genuen lortu, 55 herri haietatik etortzen diren familiendako. Alderdi guztiek ikastolez ondo hitz-gin eta gero, diskriminazio positiboa izango zela entzun zen alderdi gehienetatik, euskara horrela laguntzea ez zutelako ikusten edo pribatuen zakuan sartzen gintuztelako.

Lege aldaketak, beraz, zein egoeratan uzten ditu ikastolak?
18 milioi euro baino gehiago inbertitu eta gero, sei milioiko zorrak ditugu ordaindu behar ditugunak eta inbertitzen jarraitzen dugu. Duela egun gutxi, adibidez, Tafallako Ikastolako eraikin berria inauguratu genuen. Aurrera jarraitzen dugu! Guk gure kudeaketa propioan sinesten dugu, 14 Nafarroa Oinez egin ditugu hegoaldean eta laguntza instituzionala ere jaso egin dugu, beti eskertu duguna. Jarraituko dugu, gure asanbladetatik hasita, ekintzak eta apustuak egiten, gurea dena aurrea atereaz.

Eremu ‘ez euskalduneko’ ikastetxe publikoetan D eredua ezartzeko aukera izate hutsa, bada nahikoa bermea aukera hori egiazkoa izan dadin?
Ez nuke eremu horri horrela deituko. 600.000 biztanle daukan herrialde batean, berea den eta laguntza behar duen hizkuntza banatuta egotea, munduan zehar egongo den kasu bakarra izango da. Laguntza eskatzen dugu askatasunez erabili nahi duenarentzako, inori ezer inposatu gabe. Esaten didazun “bermea” gure esku etorriko da bakarrik. Lanaren bitartez. Legeak lagundu dezake aukera berdinak emanda, baina guk egin behar duguna ondo egitea da, kalitatea eskaini, eleaniztasuna, konpetentziak, baloreak…, gure curriculuma ondo kudeatu, gure ikastolak ondo kudeatu, herritik eta herriarentzat eskaintzen duguna kalitatearekin eman.

Aldaketak, dena den, ez du eraginik izango 16-17 ikasturtea baino lehenago. Tartean hauteskundeak izango dira, eta aldaketa politikoa aurreikusi dute inkestek. Testuinguru horretan, aukera ikusten duzu euskararen legea goitik behera aldatzeko Nafarroan?
Bai, nola ez, beti izan dut. Orain dela 28 urte gertu izan genuen eta ez zen aukera aprobetxatu. Pena handi bat da 28 urte hauek galtzea! Halakoak izan ditugu eta bakoitzak gogoeta egin beharko etorkizunera begira.

Euskararen legearen aldaketaren inguruan egin diren adierazpen batzuk entzunda, badirudi batzuen asmoa ikastolak publifikatzea litzatekeela, ikastolak desagerraraztea, finean.
Haserretu egiten naiz hori entzuterakoan. Orain dela 28 urteko legea bultzatu ez zuten batzuk, orain gure papera bete dugula eta publifikatu behar garela diote. Nik ikastola garela diot, hemengo kooperatibak, herri honetatik jaioak, gure materiala eta curriculum propioa dugunak. Konpromiso eta kalitate handiko profesionalak ditugu eta hezkuntza mugimendu sozialekoak gara. Nafarroan azkeneko 10 urteetan erosteko ahalmena eta lanpostuak mantendu ditugu; nork esan dezake hori? Sare publikoko irakasleen %98,5-ko soldata dugu; itunpekoekin alderatuz lan hitzarmen onena; Nafarroako euskararen festa handiena egiten jarraitzen dugu; 25.000 zuhaitz landatu ditugu azken zazpi urteetan; azokak eta merkatuak prestatzen ditugu... Barrura begira bezala, gizarteari begira jarduten dugu. Gu ez gara pribatu edo publiko sentitzen, ikastola baizik. Konplexurik gabe eredu hori defenditzen jarraituko dut.

Adierazgarria izan da Kontseiluak egindako adierazpena, 1+1 izan behar duela helburua eta ez zatitu edo ahultzea.
Garrantzitsua elkarlana da. Sortzen-ekin eta Kontseiluarekin, bata eta bestearekin eta beste askorekin hitz egiten ari gara, harremanak mantentzen. Inportantea ikusten dugu Ikastolen partetik, hezkuntza mugimendua izanda, irekiak egotea.

ikastola 212
2015 Otsaila
212