IKASTOLA 212 > orientazioa > ZIBURUko IKASTOLAren alde DEBAGOIENAKO IKASTOLEK ANTOLATUTA

Debagoienako ikastoletan Kros solidario eta sinbolikoa

ZIBURUko IKASTOLAren alde DEBAGOIENAKO IKASTOLEK ANTOLATUTA

Aranzadi, Arizmendi eta Txatxiku ikastolak inplikatu dira

Aurretik lan berezia egin zuten ikasleekin zer, nola, zergatik, zertarako inplikatu horrelako egitasmo batean, ikastolek berezkoa duten elkartasuna helburu hartuta. Ondoren herritarrei enbidoa bota zieten, herriko plazetara ager zitezen ostiral arratsalde batean. Horrela, izen-emate sinbolikoari eta herrietan jarritako tonbola zein txosnei esker 10.562,72 € euro bildu ziren Kaskarotenea Ikastolari emateko. Horrelako ekimenekin elkartasuna landu nahi da ikasleekin eta, bide batez, kirola eginez ondo pasatzea. 

Ziburuko ikastolaren alde beste hainbat ikastola busti da; batzuk aipatzearren, hor ditugu, esate baterako Pasaia-Lezo, Oiartzun, Orereta, Santo Tomas, Elgoibar … Oihartzunak bazterrak mugitu ditu, eta “Ziburun ikastola nahi dugu” kanpainak erantzun handia jaso du.

Debagoienako ikastolen kasuan, Kros solidarioaren ideia orain bi urte sortu zen Arizmendi Ikastolan, Hezkuntza Ez-Formala eremutik. Orduan ikasle ezindu bati ekonomikoki laguntzeko planteatu zen, eta Lehen Hezkuntzako ikasleekin egin zen. Helburuak hiru dira: elkartasunean hazi, kirola eginez eta ondo pasatuz.

Irailean bertan  Arizmendin planteatu zen Ziburuko ikastolarentzat egingo zela aurtengo krosa, eta bailarako gainerako ikastolak, Aranzadi eta Txantxiku, ere animatu ziren horretara. Aurretik ikastoletan landu zen egitasmoa, ikasleekin hainbat ekintzen eta jardueren bidez xedeak bultzatuz. Hala, DBH eta Batxilergoko ikasleentzat Ziburuko ikastolaren historia eta egoera islatzen zuen aurkezpena prestatu zen Bizikidetzako ordutegian tutoreekin aritzeko. Bestetik, Batxilergoko ikasleek egunean bertan herritara begira egingo ziren tailerrak antolatu zituzten. HH eta LHkoentzat ipuin bat asmatu zuten irakasleek, eta bost herrietan bideratutako krosean ikasleek hartu zuten parte, hau da, Aretxabaletan, Arrasaten, Bergaran, Eskoriatzan eta Oñatin. Bakarrik ikasleak kontuan izanik, 4.110 pertsona mobilizatu ziren egun horretan; irakasle eta langileak gehituta 4.500 korrikalari kaleetan zehar. Bost ehun metroko ibilbideak izan dira, parte hartzeko izena eman behar zen euro bateko loturarekin. Antolatzaileek adierazi dutenez “azpimarratzekoa izan da kanpoko eragileek ere egin duten ekarpena”.
Babes handia jaso zuten guraso eta herritarren aldetik eta, arratsaldez euria egin bazuen ere, hori ez zen oztopo izan antolatutako guztia bete ahal izateko. Goizeko haur txikien krosak eta emanaldiak normaltasunez egin ziren. Euripean, berriz, herritarren krosak eta arratsaldeko ekintzak, baina antolatzaileak pozik daude ekimenak lortutako harrerarekin. Ziburuko ikastolako haurrak, irakasleak eta gurasoak ere hurbildu ziren Arrasatera, eta goizeko krosetako baten hartu zuten parte. Hunkituta eta pozik agertu ziren Debagoiena bailaran jasotako laguntzagatik. Sostenguaz gain babes ekonomikoak ere izan du bere ispilua, izan ere, Debagoiena bailatik 10.562,72€ eman zaio Kaskarotena Ikastolari.

Hona hemen DEBAGOIENATIK ZIBURURAINOko MANIFESTUA
Geuk ere ikastola bat nahi dugu Ziburun!
Amets Arzallusek  Iparraldeko bertso-txapelketa baten, ikastoletako andereño eta gurasoei hauxe kantatu zien azken agurrean:
“ikastolak asmatzera
joan zineten plazaraino
Sustrai ta ni juaten ginen
Hendaiatik Kanboraino”

Gaur, Debagoieneko plazetatik joan gara Zibururaino. Gure babesa eta elkartasuna ematera joan nahi izan dugu bertaraino. Izan ere, nola uka dakioke haur bati ikastolan hazteko eta hezteko eskubidea?
Mirestekoa da  Ziburuko guraso eta irakasle horiek egiten ari diren apustua. Mirestekoa euren tinkotasuna, konpromisoa, sinesmena eta indarra.

Halaxe bukatzen zuen Ametsek bertsoa:
“Zueri esker euskarak
ta ikasle bakoitzak ño,
bihotz zabalagoa du
hizkuntza handiek baino.”
Eta Arzallusek dioen moduan, Iparraldeko gure lagunen adoreari esker egingo dute aurrera ikastolek eta euskarak.

Gure elkartasun keinu txiki honekin pausu bat gehiago eman ahal izango dute Ziburukoek ikastola eraikitzen. Eta guk ere beraiei esker beste pausu bat eman dugu, elkartasunean hazten jarraitzeko.
Geuk ere ikastola bat nahi dugulako  Ziburun!

ikastola 212
2015 Otsaila
212