IKASTOLA 212 > erreportajeak > IKASKETA PROZESU KOOPERATIBOA HELBURU

IKASKIDE Proiektua

IKASKETA PROZESU KOOPERATIBOA HELBURU

Talde lanean, kooperazioan, ikastea ardatz duen egitasmoa

Ikasle guztien ikaskuntza prozesua hobetzea helburu izanik, eraldaketa ikastola bakoitzaren eguneko bizitza osora eramatea proposatzen du.

Egun 11 ikastola ari dira parte hartzen proiektu honetan.

Hauek dira ikastolak: La Pueblako Assa, Orereta ikastola, Tolosako Inmakulada, Zarauzko Salbatore Mitxelena, Santurtziko Bihotz Gaztea, Elgoibarko ikastola, Durangoko Ibaizabal, Azpeitiko Ikasberri, Laudio ikastola, Trapagaraneko Itxaropena eta Portugaleteko Asti Leku.

Ikasle guztien hobekuntza helburu duen proiektua da Ikaskide. Hezkuntza kooperatiboa lantzen da beronen bitartez. Hezkuntza kooperatiboa ikasle taldeetan oinarritutako ikaskuntza metodoa da. Ikasleek, teknika ezberdinak erabiliz, elkarrekin lan egiten dute helburu komun bat lortu ahal izateko.
Hezkuntza kooperatiboa lau printzipiotan oinarritzen da:
- Helburu komuna (guztiek dute lortu beharreko erronka bat).
- Elkarmenpekotasun positiboa (denak dira beharrezkoak lana aurrera atera ahal izateko).
- Norbanakoaren erantzukizuna.
- Aurrez aurreko komunikazioa.
Ikasketa mota honek zeharkako konpetentziak lantzea ahalbidetzen du. Nagusiki konpetentzia hauek lantzen dira: elkarrekin ikasiz elkarlanerako konpetentzia garatzen da; elkarrekin bizitzeko eta lan egiteko konpetentzia garatzen da; ikasten ikasteko konpetentzia ere lantzen da; komunikatzen ere ikasten da, eta, era berean, ekintzailetasuna sustatzen da.

Ikasgelatan talde lanak egitea ez da gauza berria. Ikaskide proiektuaren berritasuna, beraz, aurrez deskribatutako metodologian datza. Funtsean, zerrendatutako printzipioetan oinarrituta eta landu nahi diren zeharkako konpetentziak ere aintzat hartuta, ikasleei taldean ebatzi beharreko helburu edo erronka bat jartzen zaie. Ikasle bakoitzak eginkizun edo rol bat izango du, eta nork bere eginkizun hori bete beharko du denen artean lortu beharreko helburura iristeko. Talde laneko prozesu horretan, erantzukizunez lan egin beharko dute, nork bere eta besteen lana ebaluatu beharko du, gatazkak sortzean elkarrekin konpondu beharko dituzte, eta lanaren arrakasta edo porrotaren erantzukizuna taldearena izango da. Irakasle batek, lan talde bat antolatzen duenean, proiektuarekin batera zehatz-mehatz definitu behar ditu pausoak eta landu nahi dituen zeharkako konpetentziak. Informazio bilketa bat ere egin behar du, konpetentzia horiek lantzeko dinamikak ezarri behar ditu, bitartekoak eman behar dizkie ikasleei, amaierako eta tarteko ebaluazioak ezarri behar ditu… Irakaslearen rol-a ere desberdina izango da talde lan bakoitzean. Izan liteke gidari, izan liteke tutore..

2009-10 ikasturtean abiatu zen Ikaskide proiektua, eta Mondragon Unibertsitatearen Huhezi Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen koordinaziopean ari dira lanketa hori egiten aipatutako ikastoletan. Ikastola bakoitzean modu desberdinean ari dira proiektua lantzen. Badira ikasgai batzuetan lantzen ari direnak, badira gela batzuetan ari direnak, eta badira, gela guztietan bezala, ikastolaren eguneroko kudeaketan ere Ikaskide proiektua lantzen dihardutenak. Tolosako Inmakulada da hezkuntza kooperatiboa alor guztietara eraman nahi duenetakoa. “Konturatu ginen hezkuntza kooperatiboa ez dela metodologia hutsa, baizik eta lan talde guztietan ezar daitekeen sistema bat”, dio Inmakuladako zuzendari Ana Mongek. “Orduan erabaki genuen hezkuntza kooperatiboa izatea gure curriculumaren oinarri. Eta edozein lan talde antolatu nahi bada, ezarri genuen lan talde guztiek oinarrituta egon behar zutela hezkuntza kooperatiboaren gutxieneko oinarri batzuetan. Horrela sistematizatu genituen gure barneko lan talde guztiak”, gaineratu du.

Esperientzia bikaina izan da, bere iritziz: “Lan taldeen giroa aparta da. Ikasleak rol horietan jarrita, emaitzak askozaz hobeak direla ohartu gara. Ikasleek hastapenetik dakite zer nola jokatu lan kooperatibo bat egiteko orduan, zein rol banatu, nori zein ezarri, nola ebaluatu… Ikasleek ikasi egiten dute lan kooperatiboa, elkarlana”. Hori dela-eta, hezkuntza kooperatiboa ikastetxe osoaren ardatz bihurtu nahi dute orain: “Geletatik zuzendaritzako kudeaketarako metodologia gisa ezartzeraino eraman nahi dugu. Prozesu bakoitzaren dinamikan ere oinarri hezkuntza kooperatiboa izan dadin. Sinetsita gaude hezkuntza kudeaketa osora eraman daitekeela”.

ikastola 212
2015 Otsaila
212