IKASTOLA 212 > erreportajeak > XII. JARDUNALDI PEDAGOGIKOAK

Curriculuma, Ebaluazioa eta Aniztasuna ardatz

XII. JARDUNALDI PEDAGOGIKOAK

Xanti Aranburu, EHIren Prestakuntza arduradunak aurkeztu ditu.

Egun gutxi barru egingo dira Ikastolen Jardunaldi Pedagogikoak. Hobekuntza xede, hori zertan datzan eta norabide horretan egin beharreko urratsak zeintzuk diren aztertu nahi dira jardunaldiotan, eta ikastolen curriculumaren garapena, ebaluazioa eta aniztasuna izango dute ardatz.

XXII. jardunaldiak dira dagoeneko, martxoaren 11n eta 12an egingo direnak, Gasteizko Villa Suso jauregian.

Hobeak izateko habeak’ dute goiburutzat, eta horixe jardunaldion xedea: “Hezkuntzan dihardugunok aspaldidanik dugu barneraturik  hobetzearen beharraz hausnarketa egiteaz gain, berrikuntza bideak eraiki eta esperimentatu behar dugunaren ideia. Ikastolon zeregin eta ezaugarri nagusienetako bat horixe delakoan gaude; berrikuntza ahaleginetan ausartak izatearena, hain zuzen ere”, azaldu digu Xanti Aranburuk, Ikastolen Elkarteko prestakuntza arduradun eta Jardunaldi Pedagogikoen koordinatzaileak.

Ohi bezala, hainbat ponentzia aurkeztuko dira eta tailerrak ere egingo dira. Hobekuntzaren bidea jorratzeko hiru gai aukeratu dira: ikastolen curriculum proposamenaren garapena, ebaluaziorako bideak eta aniztasunaren irakurketa berri baten premia. Hiru gaiek elkarrekin lotura zuzena dute, eta hala hizlariak ere bataz zein besteez arituko dira. Ikastolen curriculumaren garapenari buruz mintzatzeko, EHIko curriculum arduradunak, Mikele Aldasorok, hartuko du hitza. “Konpetentzietan oinarritutako Curriculumaren garapena hobekuntzarako aukera eta tresna moduan ulertu behar dugu. Zentzu horretan, ikastoletan eskuartean dugun material eta proposamen berriak, EKI proiektuak hain zuzen ere, aurrerapen esanguratsua  eta aberasgarria  dakar eta ikasleen gaitasunei modu egokian erantzuten die. Horren harira mintzatuko da Mikele”.

Ikastolen curriculum proposamen berriak ebaluazioan du indarguneetako bat. Era berean, gakoa ere bada, eta aldaketa handia ekarri dute irizpide berriek. Jardunaldietako koordinatzaileak halaxe azaldu digu: “Ebaluazioak erakutsiko digu gure  eguneroko eskola jardunean zuzen ari garen. Ikas-irakaskuntza prozesuan ikaslea etengabe doitzen eta eguneratzen joatea da ebaluazioaren zeregina. Horregatik, gure hezkuntza praktikak lotura izugarria du ebaluazioarekin. Ikaslea ikasten ari denaz eta irakasleok irakasten ari garenaz informazioa biltzea eta ondoren egokitzen joatea  izango litzateke ebaluazioaren zeregina. Hau bera ere berritze eta hobetze aukera moduan ikusi behar dugu”. Gaia sakontzeko, EHIko curriculum arduradunaz gain, Angel Perez Gomez aditua ere arituko da. Perez Gomezek aniztasunaren irakurketa berri bat ere ekarriko du jardunaldi hauetara. Baina gaia sakontze aldera, Javier Onrubia Kataluniako Unibertsitateko adituak ere bere ikuspuntua azalduko du ikastolen jardunaldietan. Xanti Aranbururen esanetan, “irakastea ez da inoiz izan zerbait denontzat era berean eta modu berean irakastea”. Hezkuntza haratago doa. “Eskola eredu integratu, integratzaile eta inklusiboa lantzen gabiltza. Ikasle bakoitzaren gaitasunak indartu eta bultzatzen dituen curriculuma da gurea, suspertzailea den testuinguru batean emana: ikasgela”. Perez Gomezek eta Onrubiak hainbat gako azalduko dituzte, ikuspegi desberdinetik abiatuta.  

ikastola 212
2015 Otsaila
212