IKASTOLA 212 > erreportajeak > KANADAKO HEZKUNTZA SISTEMA EZAGUTZEN

Ikastolatik mundura.

KANADAKO HEZKUNTZA SISTEMA EZAGUTZEN

Hainbat ikastolatako ordezkariak joan dira.

Hezkuntza aldetik Kanadak duen arrakasta bertatik bertara ezagutu eta hango sistemaren nondik norakoak aztertzeko herrialde handi hartako hiru lurraldetan izan dira hainbat ikastolatako ordezkariak, Erkidek antolatutako bidaia bati esker.

Hamar eguneko bidaia izan zen, eta Kanadako hiru probintziatan izan ziren.
Hain zuzen, Alberta eta Nova Scotia anglofonoetan eta Quebec frantsesean. Hedaduraz oso handia da Kanada, eta hezkuntza sistemak era desberdinean funtzionatzen du probintzia bakoitzean, bertako gobernuek hezkuntzari dagokionean eskumen zabalak dituztelako. Dena den, PISA emaitzetan azterketa guztietan lehen postuetan da Kanada, eta horren zergatien bila ibili ziren gure ikastoletako ordezkariak. Horietatik hirurekin mintzatu gara: Portugaleteko Asti Lekuko Txus Bilbaorekin, Leioako Betikoko Blanca Lazkanorekin, eta Tolosako Inmakuladako Ana Mongerekin.

“Esperientzia oso aberasgarria izan da benetan”, diosku Bilbaok. “Bertan ikusitakoa, eta gure hezkuntza komunitatea oso ezberdinak izan arren, gauza asko ikasi ahal izan dugu; agian ez era automatikoan aplikatzekoak, baina bai geure sistemara iradokizun berriak ekartzeko. Bidaian, bestalde, hara hurbildu ginenon esperientzia eta ikuspuntuak ere konpartitu ahal izan ditugu eta, ikusteaz gain, aurkitutakoaz analisi komun bat egiteko aukera izan dugu”.

Aberasgarria izan da, bai, Lazkano eta Mongerentzat ere, Haur Hezkuntza,  Lehen Hezkuntza, Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketako ikastetxeak bertatik bertara ikusi eta haien funtzionamendua aztertzeko aukera izan dutelako eta hainbat irakasle, ikasle, zein ardura pedagogiko edo instituzionala duten pertsonen iritziak eta azalpenak entzuteko aukera ere izan dutelako. Hezkuntza sistema egituratuta dagoen modua azpimarratzen dute. Mongek eman digu haren berri: “Hezkuntza lege oso zehatza eta maila guztietarako eskumenak definituta ditu. Parlamentuak, Gobernu Federalak, Gobernu Probintzialak, Eskola barrutiak, zein school board-ak egitura eta baliabideak ematen dizkiote Hezkuntzari. Curriculumaren sorkuntza eta garapena probintzia bakoitzeko departamendu eta ministerioren ardura da”.

Egituraketak, bide nabar, ez du bere horretan emaitza ona ekartzen. Aitzitik, badira kontuan hartzeko beste faktore nagusi batzuk, Lazkanok eta Mongek aipatu dutenez: PISAn emaitza onak dituzte, hogei urte daramatelako konpetentzietan oinarritutako curriculumarekin lanean. Gure ikastoletan ezarri berri dugun sistema hori Kanadan urteetan garatu dute.  Beste faktore oso kontuan hartzekoa da irakasleen formazioa etengabea dela. Urtero hainbat egun dituzte formaziorako, eta formazio hori euren beharretara egokitua dago gainera. Era berean, aipagarria da Irakasle eskolako Unibertsitatearen eta ikastetxeen arteko elkarlana; alegia, unibertsitatearen inplikazioa irakasle tituluak emateaz harago doa”. Kontuan hartu beharreko beste faktore bat hezkuntzak gizartean duen kokapena da. “Gizartean berebiziko garrantzia ematen diote hezkuntzari, eta, era berean, exijitu ere asko exijitzen diote. Horrek bultzatzen du ikastetxeen, irakasleen etengabeko hobekuntzarako filosofia. Tentsio horrek eramaten ditu emaitzak hobetzera, dagoenarekin ez konformatzera”.

Sistemaren egonkortasuna ere aipagarria da Bilbaorentzat: “Hezkuntzaren esparruan koherentzia eta egonkortasuna dira euren sistemaren oinarri edo habe garrantzitsu bi. Geure kasuan, tamalez, ez dugu hango sisteman duten lege soseguaz gozatzen. Euren curriculum diseinuak urte luzeak izan ditu fruituak eman ahal izateko, gobernu ezberdinek sakoneko aldaketarik ekarri barik. Lerro nagusiak Estatuak markatzen ditu, baina gero eskola bakoitzean badute autonomia nahikoa abiapuntu metodologikoak sustatu eta egikaritzeko. Ikasleen konpetentziak eta irteera profila dira zeregin komuna eta horretara enfokatzen dira indarrak.” Etapa desberdinak aztertzeko aukera izan dute Kanadan, eta alor bakoitzetik gure ikastoletara ekarriko zuketenaz galdetu diegu hiruei. Lehen Hezkuntzari dagokionean, Blanca Lazkanok hau diosku: “Labur esanda, gure ikastoletan zarriko nuke, ebaluazio orientatzailea eta konpetentzietara lotua, beti ere, ikasleen eta Ikastolaren etengabeko hobekuntzetara begira”.

Bigarren Hezkuntzari erreparatzeko eskatu diogu Bilbaori: “Metodologiaren aldetik ez ditut urrun ikusten gure planteamenduetatik. Geu ere, ikastoletan, konpetentzietan oinarrituriko metodologia modernoak ari gara jorratzen gure ikasleriarekin. Egia da, baina, curriculumean malgutasun handiagoa dutela guk baino, eta kreditu gehiago dituztela hango ikasleek aukera ditzaten. Norbere ibilbidea hautatu behar horrek, seguruenik, autonomia gehiago izatera bultzatzen ditu gazteak”.

Ana Mongek, Lanbide Heziketan ikusi duen gauzarik aipagarriena eskatu diogu: “Lanbide Heziketa eta lan munduaren artean dagoen lotura estua da gauzarik aipagarriena. Lanbide Heziketan zuzenean jorratzen dituzte lan munduko kontuak, mundu errealekoak, hain zuzen ere. Enpresa batek duen arazo erreal bat, adibidez, eramaten dute ikastetxera, eta ikasleek irtenbide posibleak ebatzi behar dituzte, gerora enpresarentzat baliagarri izango direnak”. Ikastetxeen espazioak ere deigarri egin zaizkie. Hala, Bilbaok dio, hezkuntza arkitekturako zenbait ideia apunteetan ondo gordeak ekarri dituztela: “Eskolako espazioen antolaketa oso loturik dute curriculum estrategiekin eta horren inguruko zenbait hausnarketa ere ekarri ditugu Asti Lekura”. Lazkanok ere erreparatu dio horri: “Azpimarragarria da  daukaten espazioen antolakuntza ikasleek lana egin dezaten. Era berean sozializaziorako eremu komunikatuak eta gardenak dituzte, ahaztu gabe, bizitza errealarekin lotura duten gela ondo hornituak dituztela”. “Ikastetxea herriko leku garrantzitsuenetakoa izanik, hark dituen baliabideak (bilerak egiteko lekuak, eszenatokiak, kirol instalakuntzak…) herritarren esku uzten dituztela ere nabarmentzekoa da”, gaineratu du Mongek. Noski, ikusi dutena lagin bat baino ez da izan, eta hiruak bat datoz esaterakoan ondorioak ere ezin direla herrialde osora hedatu. Dena den, bisitatu dituzten hiru probintzietan, gauza bat argi geratu zaie, Bilbaoren arabera: “Hezkuntza sistema osoa eta irakaslearen figura bereziki oso baloratuak daude gizartean. Gizarteak, eskolari eta bertako pertsona eta ekintzei begirune handiz begiratzen die. Begirune hori, gainera, baliabideetan ere islatzen da. Herri bakoitzean ikusi ditugun hornikuntzetatik, duinenetakoa, ekipatuenetakoa, zainduenetakoa da eskola, dudarik gabe”.

ikastola 212
2015 Otsaila
212