IKASTOLA 212 > iritziak > "PAUSO GARRANTZITSUA, BAINA EZ NAHIKOA"

Nafarroako Euskararen Legea

"PAUSO GARRANTZITSUA, BAINA EZ NAHIKOA"

Koldo Tellitu EHI Lehendakariaren iritzia

D eredua Nafarroa osoko hezkuntza publikora hedatzea ahalbidetzeko Euskararen Legeari aldaketa bat egitea bozkatuko da otsailaren 17an, Nafarroako Legebiltzarrean. Letra handiari begiratuta urrats esanguratsua irudi du hizkuntza normalizazioari begira. Baina egitasmoaren eztabaidan zenbaitek agerian utzi dute benetako xedea hori ote den.

Izan ere, borondate onarekin bultzatuta ere, gerta liteke bilatu nahi den helburuaren kontrako emaitza lortzea. Nafarroako Parlamentuan bozkatuko den aldaketarekin, zonalde ‘ez euskalduna’ deritzonean hezkuntza publikoan D eredua eskaintzeko aukera zabaldu nahi da. Urteotan guztietan, berrogei urte baino gehiagotik hona, ikastolak izan dira eremu horretan euskaraz irakasteko aukera eman duten ikastetxe bakarrak. Zangoza, Irunberri, Tafalla, Lodosa, Viana eta Tuterako ikastolak hain zuzen ere. Euskaraz irakatsi, bai, baina baita kalitatezko hezkuntza eskaini ere, urtero, emaitzetan ikusten den moduan.Egun erredaktatuta dagoen moduan aurrera ateraz gero, litekeena da ikastetxe publikoetan D eredua eskainita ikastolak kaltetuta gertatzea, eta, aldiz, ikastetxe publikoetan D ereduko lerroak irekitzeko adina ikasle ez lortzea. Arrisku hori ikusita, iragan urriaren 20an Euskararen Legearen aldaketa proposamen horren berri prentsa bidez jakin zenetik, Nafarroako ikastolak ez dira geldirik egon. Aldaketaren eragina benetan onerako izan dadin, hainbat eskakizun egin ditu NIEk, eta gutxieneko gisa eskualde mailan funtzionatzen duten ikastola horientzako garraioa eta jangelak subentzionatzeko eskatu dute, hain zuzen ere, 2006. urtera arte egiten zen moduan.

Legebiltzarreko batzordean, baina, atzera bota dira ikastolen eskakizunekin bat egiten zuten Geroa Bai, Bildu eta Aralarren zuzenketa proposamenak. Gainera, PSNk sartutako zuzenketa baten bitartez, Gobernuari eskatzen dio ikasgelen ratioak aztertzeko, eta horrek eta Legebiltzarreko bozketa atzeratu izanak (urtarrilaren amaieran bozkatu behar zen hasieran), Euskararen Legeari egin nahi zaion aldaketa datorren ikasturtean ezartzeko aukera bertan behera utzi du, matrikulazio kanpaina bozketa egin baino lehenago amaituko baita. “Ez gaude inolaz ere D eredua eremu horretan ikastetxe publikoetara hedatzearen aurka. Urrats esanguratsua da hizkuntza normalizazioaren bidean. Baina ez da aski. Euskara sustatuko duen eta hizkuntza normalizazioa ahalbidetuko duen benetako hizkuntza politika behar da, Nafarroako hegoaldean bezala, Nafarroan eta Euskal Herri guztian”, dio Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk.

Euskararen Legearen aldaketaren harira izan den eztabaidan, dena den, ikastolak jomugan jarri dituzte, eta ikastolek uste dute hori ez dela gizalegezkoa. “Batzuk hasi dira esaten ikastolak galga edo traba garela D eredua hedatzeko, eta besteek, berriz, diote D eredua ez dagoela hedatu beharrik lan hori ikastolok egiten dugulako. Guk ez dugu eztabaida horretan sartu nahi. Mende erdi daramagu Nafarroan, berrogei urtetik gora gaizki izendatutako ‘eremu ez euskaldunean’. Hegoaldeko hiru ikastolak une oso gogorrak ari dira bizitzen. Ikastola guztien elkartasuna eta diru laguntza ari dira jasotzen, baina ez da nahikoa, eta hiru ikastola horietako gurasoak eta langileak ari dira jasaten eguneroko borroka hori. Haien lanak errespetua, duintasuna eta ezagutza merezi dute. Hori aldarrikatzen dugu”, diosku Tellituk.

Izan ere, zenbait sektoretatik ikastolak desagertu edo publifikatu egin beharko liratekeela ere esaten hasi dira Euskararen Legearen aldaketaren harira. “Zenbaiten adierazpena entzunda, badirudi azken helburua ikastolak desagerraraztea dutela. 1990.eko hamarraldiaren hasieran Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan eman zen prozesua bultzatu nahi dutela ematen du. Sufritu egin genuen orduan, baina buelta eman genion eta indartuta atera ginen, azkenean”.

Ikastolen aldetik ez dute ulertzen eta onartzen jarrera hori. “Nafarroan bertan, ikastolak eta D eredua ematen duten ikastetxe publikoak elkarrekin ari gara nork bere eredua eskaintzen. Guk gurea defendatzen dugu, gure eredua, eredu kooperatiboa, parte-hartzailea, gure pedagogia propioarekin eta gure curriculumarekin. Herritik sortu ginen, herriarentzat. Baina guk geurea defendatu arren, ez gara ari beste inoren aurka. Errespetu bera exijitzen dugu”. Adierazgarria izan da, dena den, eztabaida horren erdian Kontseiluak duela egun gutxi egin zuen agerraldia. Bertan, Paul Bilbao idazkari nagusiak hauxe esan zuen: “Urte hauetan guztietan legearen aldaketa eskatzeaz gain oztopo guztien gainetik euskarazko irakaskuntza bermatzeko ahaleginetan aritu da euskararen aldeko mugimendua ikastolen bitartez. Lan eskerga egin da, pertsona anonimoen bizkar gainean erori den lan handia egin da eta justiziazkoa da hori buruan edukitzea. Izan ere, legea sortu baino lehenago ere ari ziren herritarrak ikastoletan lanean beste alor eta sektoretan bezalaxe. […] Lege aldaketa horren bitartez aukera berriak irekiko dira eta gure apustua euskararen aldeko normalizazioa indartzea izango da, ikastetxe publikoetan lerroak irekiz eta ikastolak indartuz. 1 + 1 egitera goaz, herri ekimenez, bat eginda aurrera egitera goaz”.

Duela 28 urte egin zen Euskararen Legea Nafarroan. Euskalgintzatik, eta ikastoletatik, behin eta berriro aldarrikatu da hura aldatu eta benetako lege eraginkor bat egin beharra dagoela. Maiatzean foru hauteskundeak dira Nafarroan, eta inkestek aldaketa handi bat iragarri dute. Euskalgintzan aldaketa hori euskararen normalizazioaren mesederako izango den itxaropena dago, baita ikastoletan ere. “Bada garaia euskarari trabarik jarriko ez dion lege bat egiteko. Euskarari hegoak emango dizkiona, Nafarroan euskaraz bizitzeko eragozpenak gaindituko dituena”, dio Ikastolen Elkarteko lehendakariak.

ikastola 212
2015 Otsaila
212