Baionan, Abenduaren 22 eta 23an, Lauga kiroldegian
OLENTZERO PARK, Ikastolen eskutik
Haurrei gozamena euskaraz eskaintzea
Olentzero Park Gabonetako Haurren parkea da.
Haurrei gozamena euskaraz eskaintzea eta, bide batez, ikastolen balioak plazaratzea dute helburu Iparraldeko ikastolek, Seaskaren bidez, Baionan antolatuko duten Olentzero Park-ak. Edozeinentzat dago zabalik, eta sarrera doakoa da gurasoendako.
Olentzero Park Gabonetako Haurren parkea da, umeek ongi pasatzeko pentsatua dagoena. Horretarako ohi duenez, tailerrak, puzgarriak, jokoak, ikuskizunak eta animazioak bilduko ditu aurtengoak ere.
Hegoaldeko laguntza
Laguntzaileen artean Aisiola Begirale Eskolako hezitzaileak izango dira aurten ere Hegoaldetik sostengua eskaintzera doazenak; parkearen heren bat euren esku gelditzen da, sormen lanetako tailerrak bideratzen dituzte, baita marrazketa saioak ere, edo musika, eta Parkearen arrakastan euren elkartasun hondartxoa oparitzen dute.
“Gure hezitzaile taldeak Euskal Herriko aniztasuna ezagutzea garrantzitsua iruditzen zaigu. Iparraldeko errealitatea ezagutarazteko aukera ematen die parkeak, hango errealitatea anitza dela sentitzeko, ume guztietan ez dela berdin ematen euskararen ezagutza. Hegoaldean gaztelaniaren arazoa dugun modu berean dela existitzen frantsesarena iparraldean. Borondatezko lana sustatzeko modu bat da, soldatarik gabekoa; jatorduak eta loa baino ez dute jasotzen, eta hala eta guztiz ere izena eman eta parte hartzen dute. Begirale taldea urte osoan saretu, eta elkarren arteko ezagutza sustatzen da horrelako ekimenekin” kontatu digu Ikastolen Elkarteko Nagore Amondarainek.
Aurtengo berezitasunak
Ramuntxo Etcheberry parkearen arduradunak honela esan digu: “Aurtengo berezitasunak aipatzekotan, hauek adieraziko ditugu: Baionako Etxepare Lizeoko gazteek laguntza eskainiko dute joko puzgarrien zainketan, tailer zientifikoaren animazioan, eta alkoholik gabeko ostatua atxikitzen. Beste elkarte batzuk ere gonbidatuak izan dira bertan parte hartzera. Horrela, ‘Orratzetik hari elkartea’-k esaterako, bigarren eskuko jantzien erreziklatze lanak egiten ditu eta Olentzero Parke-en tailer bat animatuko du; ‘Gaia elkartea’-k, bere aldetik, herriko jokoak animatuko ditu; eta ‘Euskal evasion elkartea’-k egurrezko joko herrikoiak sustatuko ditu.
Aldi berean, artistek ere beren lekua izango dute, hala nola, ELEKA taldeko ipuin kontalariek, IRRIEN LAGUNAK pailazoek, eta abar. Gela berezi bat izanen da ikuskizunetarako, eta horiek arratsalde bukaeran egingo dira, eta nola ez, Gabon garaian, Olentzero “himself” jinen da bisitan! Anima zaitez zure haurrekin joaten!!!” gaineratu digu Seaskako arduradunak.