Kataluniako Generalitateko Hezkuntza departamenduko Hezkuntza Politikarako idazkari ohia
FRANCECS COLOMÉ
Alde guztiek duten onena eman behar dute, Hezkuntza lege bat egiteko orduan.
Kataluniako Hezkuntza Legeari buruzko azalpenak eman zituen.
Hezkuntza, legez eta bidez lelopean egin ziren Ikastolen Topaketak azaroaren 25ean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege baten atarian egon gaitezkeen honetan. Gaia hori izanik, inguruan dugun eredu bati begira ere jarri ziren topaketa hauek. Kataluniako Hezkuntza Legea, 2009an onartutakoa, aztertu nahi zen, eta zein hobe horretarako, hura diseinatu zuen arkitektoetako bat baino. Francesc Colomé gonbidatu zuten topaketetara, Kataluniako Hezkuntza Legea egin zenean Generalitateko Hezkuntza Departamenduko Hezkuntza Politikarako idazkari zena.
“Kataluniako Hezkuntza sistema gainbeheran zegoen: ikastetxeen artean desoreka handiak zeuden, ikastetxe publiko eta kontzertatuen arteko dualitate sakona geneukan, eskola uzte goiztiarra %30 ingurukoa…”, azaldu digu Colomé-k. Horren aurrean, Hezkuntza erabat berritu beharra zegoela ikusi zuten. “2004ean Hezkuntza Ituna egin genuen eragileekin. Itun horrek lege bat eskatzen zuen, eta hori egiteari ekin genion”.
Legea egiterakoan zailtasunak barrenetik etorri zirela nabarmendu du Colomé-k, baina hori ere ulergarritzat hartu behar dela dio. “Hezkuntza sistema oso gaizki geneukan, baina inplikatuek nahiago zuten horri eustea, berrikuntzaren beldur zirelako”. Horregatik, Hezkuntza lege bat egiteko, argi ikusten du ezin dela eragileekin bakarrik egin, gizarte osoa inplikatu behar dela. “Zailtasunak oso handiak dira. Horregatik, lege bat egiteko orduan alde guztiek duten onena eman beharra daukate”. Aldaketa egiteko orduan, halere, baztertu egin zuten dekretuen bidetik jotzea, legea egin zuten, “aurrerakoia zen, baina zeharkakoa ere bai, alegia, adostasun handiarekin egina. Legebiltzarraren %80tik gorako babesa jaso zuen”.
Lege horretatik baliotsuena ikastetxe publiko eta kontzertatuetatik ezaugarri onenak aukeratzea izan zela dio, alegia, finantzaketa eta autonomia. “Bi sareak ongi bereizten zituen legeak, baina, era berean, biek jasotzen zituzten besteak zituen abantailak”. Legeak, era berean, topaketa hauetan nabarmendutako Hezkuntza Zerbitzu Publikoan du oinarri. “Zerbitzu publikoa, gaur egun, ezin daiteke ulertu administrazioak eskaini beharreko gauza esklusibotzat. Horrek sistema bera hankaz gora jartzen du. Aitzitik, administrazioak ziurtatu egin behar du hezkuntzaren zerbitzu publikoaren unibertsaltasuna, eta gizartea inplikatu behar du, alegia, zerbitzua jaso behar duten herritarrak inplikatu behar ditu”.
Hezkuntza legea, era berean, herria egiteko bidetzat du Colomé-k: “Estatutu berriaren garaiak ziren, artean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak kimatu gabekoaren garaiak. Herria egiten ari ginen, eta hezkuntzan ere herria egin behar genuela argi geneukan”.