Elkartasun Ikastolak
780.000 EURO
Behar handiena duten ikastolentzat
Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusia egin zen. Proposamen guztiak aho batez onartu ziren.
Elkartasun Ikastolen Batzar Nagusia egin zen iragan abenduaren 4ean, Orion. Urteko balantzea egin, altxortegiaren berri eman eta laguntza eskatu zuten ikastolen txostenak aurkeztu eta proposamenak bozkatu ziren. Proposamen guztiak ia aho batez onartu ziren.
Suaren gainean probatu ohi da eltzea. Krisi garaietan hartzen du benetako balioa elkartasunak, eta Elkartasun Ikastolen batzarretan, krisi garaian sorturikoa izaki, urtero frogatzen da eltzea. Ikastola guztiek dituzte premiak, baina iragan abenduaren 4ean egindako Batzar Nagusian guztien artean jarritako 780.000 euro 11 proiekturi laguntzeko banatu zituzten. Hartutako erabaki guztiak ia aho batekoak izan ziren, gainera.
780.000 euroak, ikastolek, Elkartasun Ikastolen bitartez, osatutako elkartasun kutxako dirua da. Ikastola bakoitzak bere ikasle kopuruaren arabera jarritako diruak osatzen du elkartasun kutxa. Aurten 731.000 euro jarri dituzte ikastolek, orotora. Azken hiru urteetan, berriz, Irizar kooperatiba ezagunak diru ekarpena egin du kutxa horretarako. Aurten, 60.000 euro jarri ditu. 791.000 euro zeuden, beraz, banatzeko, eta horietatik 780.000 erabili ziren.
Orioko Herri Ikastolako batzar aretoa mukuru zela aurkeztu ziren diru eskaera egin zuten ikastolen gainean Artezkaritzak eta batzorde teknikoak eginiko txostenak. Elkartasun Ikastolen lehendakari Koldo Tellituk gogorarazi zuen konpromisoa eta elkartasuna direla ikastolen ezaugarri nagusietakoak, eta hori berriro berretsita geratu zela Orion egindako batzar nagusian. Batetik, bertaratutako ordezkari andanak erakusten du ikastolek proiektu kolektiboarekiko duten konpromisoa; bestetik, berriz, ikastola guztiek premiak dituzten arren, behar handiena dutenei laguntzeko prestasuna erakusten dutelako behin eta berriro ikastola guztiek.
Ekitaldi honetan, laguntza eskaera egindako hamaika proiektu aurkeztu ziren. Arabako lau ikastola (Bastidakoa eta Argantzungoa, Oiongo San Bizente eta Aguraingo Lautada), Seaskako hiru proiektu (Bidarteko Ikastola, Kanboko Xalbador Kolegioa eta Ikastolen Etxea), Nafarroako bi ikastola (Tuterako Argia eta Lodosako Ibaialde) eta Bizkaiko beste bi (Bilboko Harrobia eta Etxebarriko ikastola). 2015erako onartu diren laguntza guztiak kapital ekarpen gisa eman zaizkie ikastolei.
Elkartasun Ikastolek prozedura eta irizpide argiak ezarrita dituzte diru laguntzak emateko. Proposatzen dituzten laguntzak eskaera egin duten ikastolen inbertsio edo proiektu berrietarako dira, ikastola horiek, beren kasa, duten egoerari bakarrik aurre egiteko gai ez diren bitartean eskainitako laguntzak. Eta kapital ekarpen moduan edo mailegu moduan ematen dira, eta epe jakin baterako. Prozedura eta irizpide horien sendotasunaren emaitza izan zen Batzar Nagusian adierazitako adostasun zabala.
Elkartasun Ikastolak. 2015erako diru laguntzak
IKASTOLA HERRIA LAGUNTZA
Argantzon Argantzun 30.000
Bastida Bastida 25.000
San Bizente Oion 40.000
Lautada Agurain 30.000
Bidarte Bidarte 125.000
Xalbador Kanbo 80.000
Ikastolen Etxa Iparraldea 46.272
Argia Tutera 90.000
Ibaialde Lodosa 95.000
Harrobia Bilbo 120.000
Etxebarri Etxebarri 100.000
GUZTIRA 781.272 €
IKASTOLEN EKARPENAK 731.841 €
BESTE EKARPENAK 60.000 € IRIZAR KOOP.ELK.
GUZTIRA EKARPENAK 791.841 €
Solidaridad entre las ikastolas
La cooperativa europea Elkartasun Ikastolak ha repartido cerca de 780.000 euros de los fondos de solidaridad, elkartasun kutxa, entre las ikastolas que pidieron ayuda económica a esta entidad. Las citadas ayudas se decidieron en la Asamblea General que celebraron los socios de Elkartasun Ikastolak –todos ellos miembros también de Ikastolen Elkartea- el pasado 4 de diciembre en Orio. Las propuestas se decidieron casi por unanimidad.