IKASTOLA 211 > erreportajeak > IKASGELA, LOMCEri AURRE EGITEKO

Lomce legearen atal batzuk indarrean dira dagoeneko.

IKASGELA, LOMCEri AURRE EGITEKO

Nola egin aurre Lomceri ikasgelan?

Ikastolek txosten bat landu dute galdera horri erantzun bateratu bat emateko. Hainbat neurri planteatu dituzte.

Lomce legearen atal batzuk indarrean dira dagoeneko. Horregatik, nola egin aurre Lomceri ikasgelan? Ikastolek txosten bat landu dute galdera horri erantzun bateratu bat emateko. Hainbat neurri planteatu dituzte.

Espainiako Gorteek onartutako Lege Organiko bati aurre egitea ez da lan erraza, kontuan hartuta ikasleak eta irakasleak kaltetuko ez dituzten bideak jorratu behar direla, eta dena ez dagoela ikastolen esku bakarrik.  Euskal Hezkuntzako eragile guztiek aurkakotasuna adierazi arren, lege hori, edo zati bat bederen indarrean da, eta ikasgelatan eta gurasoen artean kezka handia da. Nondik jo, ordea?

Ikastola guztien artean bidean aurrera egiteko dokumentu bat landu dute, puntu guztiak azaldu, eztabaidatu eta adosteko, eta ikastolek jarrera bateratu bat edukitzeko. Amaiera fasean dago lan hori, baina dagoeneko ondorio jakin batzuk aterata dituzte. Bi puntutan laburbildu daitezke Lomceren eragina ikasgelan ekiditeko ikastolek bultzatuko duten bidea azaltzeko.

Horietako lehena da konpetentzietan oinarritutako Euskal Curriculuma garatzen eta sakontzen jarraitzea Madrildik bultzatu nahi den bazterkeriari eta atzera pauso nabarmenari aurre egiteko formula gisa. Alegia, gure ikasgeletan euskara eta euskal kultura ardatz dituen eta euskal gizartean adostasun handia duen curriculuma aplikatzen jarraitzea. Horretan dihardute ikastolek, beren berea baitute; ez zuten alferrik hartu euskal curriculumaren diseinuan aitzindaritza eta gidaritza, eta horretan jarraituko dute.

Era berean, arloen orain arteko antolaketari, egokien jotzen dutenari, eutsiko diote ikastolek. Lomcek, adibidez, orain arteko Lehen Hezkuntzako Ingurune arloa Gizarte Zientzietan eta Natur Zientzietan bereizi egin behar dela dio. Ikastolek, aldiz, alor bakar gisa hartuko dute, nahiz eta amaierako akta bikoiztuta egingo duten. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ere, dekretu zirriborroetan, ikastolek ezarriko duten planteamendu bertsua egiten du.

Bigarren puntua, berriz, sailkapen goiztiarrari eta ebaluazio diagnostikoari dagokiena da. Ikastolek argi eta garbi daukate ez dutela ikasleen bazterkeria suposa lezakeen ezein neurri aplikatuko. Lomce legean aurreikusitako sailkapen goiztiarrak ikasle ‘onen’ eta ‘txarren’ arteko bereizketa ezarri nahi du, eta hori ahalik eta azkarrenen egin nahi du, gainera. Lehen DBH3n ezarria bazen, orain DBH2n.

Ikastolek, aldiz, guztiz kontrako eredua planteatu dute betidanik. Ikasgelan aniztasunaren aldeko apustua egin dute. Horregatik planteatu dituzten erronkak dira aniztasunerako tutoretzan, orientazioan eta arretan sakontzea, eta DBHko irakasle guztien koordinazioa eta elkarlana areagotzea. Era beran, ikastoletan orientabide batzuk ematen ditu txostenak, besteak beste DBH akademikoa/aplikatua bereizketa alde batera uzteko, matematika arloan aniztasunaren trataerari bide egiten dion planteamendu bakarra egiteko eta oinarrizko Lanbide Hezkuntzaren aukera ahalik eta gehien murrizteko.

Ebaluazio diagnostikoei dagokienez, berez ez dira txarrak, eta onuragarriak ere izan daitezke, baldin eta helburua hobetzea bada eta horretarako erabiltzen badira emaitza horiek. Urteak dira ISEIk egiten dituela, eta ikastoletan ere emaitza horiek aintzat hartu dira ikastoletan emaitzak hobetzeko. Bikaintasuna, horrela ulertzen baitute ikastolek, etengabeko hobekuntzan, baina ikasle guztien etengabeko hobekuntzan.

Guztiz bestelako planteamendua da DBHn ezarri nahi duten ikasketa amaierako ebaluazio edo errebalidarena. Ezin onartuzkoa da ikastolentzat, ebaluazio jarrai eta formatiboa eteten duelako, ikasleengan eragin kaltegarria duelako, irakasleen eginkizuna ebaluazioan gutxiesten duelako, konpetentzien bidezko aukera ezin delako horrela ebaluatu, ikastetxeen eginkizuna akademia batenera murrizten duelako, zentralizazioa suposatzen duelako…

Txostenak onartzen du horren aurrean ikastolek bakarrik gutxi dutela egiteko, ukatuz gero ikasleak eta irakasleak kaltetuko liratekeelako. Horregatik, ikastolek Eusko Jaurlaritzari behin baino gehiagotan eskatu diote ebaluazio-mota hau ez gauzatzeko lidergoa eta koordinazioa har ditzan.

DBHko lehenbiziko ebaluazioa 2017-18 ikasturterako dago aurreikusia. Heldu den udazkenean, berriz, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak egingo dira. Ikastolek, beraz, uste dute ezin dela gizartean eta kalean presioa jaitsi, gobernu berria Lomce atzera botatzera behartzeko.

Dena den, ikastolek argi eta garbi daukate gauza bat: hurrengo gobernuak Lomce berretsi, atzera egin edo beste legeren bat onartu edo ez, Euskal Herrian Hezkuntza Sistema Propioa eraikita ziurtatuko da soilik ikasleen, seme-alaben hezkuntza euskalduna, eleanitza, Euskal Curriculumean eta konpetentzietan oinarritua, teknologia berrietan trebatua, kalitatezkoa eta ekitatiboa.

 

¿Cómo evitar la aplicación de la Lomce en las aulas?

Las ikastolas abogan entre otras cosas por profundizar en el currículum vasco, no permitir ninguna discriminación u oponerse a la clasificación temprana, para poder hacer frente a la Lomce en las aulas. Otras medidas requieren el liderazgo del Gobierno Vasco, para evitar, entre otras cosas, las reválidas al término de la educación secundaria. De todos modos, el mejor antídoto contra la Lomce es avanzar en la construcción de un sistema propio de Educación en Euskal Herria.

ikastola 211
2014 Abendua
211