IKASTOLA 211 > erreportajeak > EZ DU BETETZEN ITXARO ZENA

Eusko Jaurlaritzaren Curriculum dekretuen zirriborroa

EZ DU BETETZEN ITXARO ZENA

Hobetu beharreko asko ikusi dute.

Heziberri 2020. Hilabete beranduago, ikastolek zirriborroaren gaineko ekarpenak egin dizkiote Jaurlaritzari.

Urriaren amaieran aurkeztu zien Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Hezkuntza eragileei Heziberri 2020ri dagokion curriculum dekretuen zirriborroa. Hilabete bat beranduago, ikastolek zirriborroaren gaineko ekarpenak egin dizkiote Jaurlaritzari. Hobetu beharreko asko ikusi dute.

Curriculum Dekretuena Heziberri 2020 egitasmoaren bigarren fasea da. Lehenbizikoan Marko Pedagogikoa ezarri zen, eta Hezkuntza eragileen adostasunarekin onartu zen. Ikastolek ere oniritzia eman zioten. Bigarren fase hau otsail-martxoan amaituko da. Ondoren, berriz, hirugarrena etorriko da; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza Lege bat egitea. Ikastolek behin eta berriro esan dute Heziberri 2020 baliogarri izatekotan, osotasunean izango dela baliogarria.

Bigarren fasera itzulita, zirriborroak aurkeztu ostean, denbora eskatu zuten ikastolek eta beste hezkuntza eragileek, hura aztertu eta ekarpena egiteko. Ikastolen ikuspegitik, azterketaren oinarria hauxe da: Marko Pedagogikoaren ildo nagusiak, hots, konpetentzietan oinarritutako Euskal Curriculuma sustatu eta garatzen ote dituen eta euskaraz ardaztutako eleaniztasunaren aldeko apustua egiten ote duen, euskal dimentsioa bere baitan nahikotasunez biltzen duenentz edo LOMCEren baitan onartutako curriculum dekretuei jarraipena egiten dieten ala ez.

Eta gabeziak ikusi dira Dekretu zirriborroan. Ikastolen ustez, ez da lortu Marko Pedagogikotik dekreturako urratsean behar bezalako eraginkortasuna eta lotura. Atariko kapituluan, adibidez, Dekretu zirriborroaren oinarrian denen artean adostutako Marko Pedagogikoa dagoela azpimarratu beharko litzateke. Era berean, dekretu batean Marko Pedagogikoa gelaratzeko irizpideak zehatz-mehatz agertzea erraza ez den arren, asmo edo printzipio horiek (euskara ardatz duen eleaniztasuna, hizkuntzen trataera integratu eta integrala, ebaluazioaren planteamendua eta edukia, konpetentzia digitalen txertatzea…) argiago definitzeko aukera bazegoela uste dute ikastolek. Bereziki ebaluazioaren planteamenduan hutsune nabarmena antzematen da.

Euskararen eta euskal kulturaren dimentsio espezifikoari buruz, ikastolek berebiziko kezka agertu dute Euskal Curriculuma izateko bokazioz jaio denaren “euskal” izaera berari ukitzen diona. Horrela kritikatzen dute nagusiki euskal dimentsioa gauzatzeko berariazko garapenik ez  egotea, hots, Lomce garatzera datorren Errege Dekretuan agertzen diren edukien aukeraketa bera egin duela Jaurlaritzak, amaieran “Euskal Herrian” erantsiz. Kezka hori “Euskara eta euskal Literatura” eta “Gizarte Zientziak” alorretan islatzen da bereziki.

Zirriborroan Lomceren eragina nabarmena dela ikusi da, formalki behintzat Lomceren zenbait muga eta planteamendu zehaztasun gehiegiz onartzen edo islatzen baititu. Ikastolen iritziz, Lomcek joko zelai mugatu eta zurruna ezartzen duen arren, dekretu zirriborroak bazuen hain zehatza ez izatea. Beraz, ausardia eta bestelako borondate baten adierazpena eskatu dizkiote Jaurlaritzari.

Hizkuntzen atalean, berriz, ikasleen irteera profila definitzeko orduan, ikastolek uste dute beharrezkoa dela Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Markoa aipatzea, ezinbesteko erreferentzia baita azken urteetako hezkuntza eragileen eta Hezkuntza Sailaren hainbat hizkuntza planteamendutan.

Azkenik, edukien mailaketari dagokionez, ikastolek printzipio bat adierazi dute: adierazpenezko edukiak etapa bakoitzean zehaztu beharko lirateke, baina haien sailkapena (zikloka eta mailaka) ikastetxeen autonomia pedagogikoaren arabera egin beharko litzateke.

 

Opinión sobre el borrador de los decretos curriculares del Gobierno Vasco

Las ikastolas opinan que hay mucho por mejorar en el borrador de los decretos curriculares presentados por el Gobierno Vasco a los agentes de Educación, dentro del marco del programa Heziberri 2020, y han propuesto modificaciones para reforzar el marco pedagógico, el tratamiento de las lenguas o para hacer frente a la nueva ley de educación del Gobierno español.

 

ikastola 211
2014 Abendua
211